Hamar preso maputxek «azken ondorioetaraino» eutsiko diote gose grebari

Txileko Gobernuak dio ez duela egingo eskaintza gehiago; erreforma ez dela aski salatu dute maputxeek

Erredakzioa
2010eko urriaren 5a
00:00
Entzun
Txileko hamar preso maputxek «azken ondorioetaraino» eutsiko diote gose grebari. Angol hiriko kartzelan dauden hiru preso eta ospitalean dauden beste zazpi dira protestari eusteko asmoa duten maputxeak; beste 28 presoek ostiralean utzi zuten bertan behera greba, iragan uztailaren 12an abiatutako baraualdia. Gobernuak Lege Terroristan hainbat erreforma egin ostean erabaki zuten presoek protesta ekintza amaitzea, baina grebari eutsi dioten presoek salatu dute erreforma horiek ez direla aski.

Augusto Pinochet diktadorearen garaian ezarritako legeak terrorista egiten zituen maputxeak, besteak beste, protesta soil bat egiteagatik. Multinazionalek euren lurrak kendu ostean egindako protestengatik daude, bada, maputxe asko kartzelan. Sebastian Piñera presidenteak, maputxeen grebak nazioartean eragiten ari den zalaparta tarteko, presoekin negoziatzea onartu zuen, eta horren ondotik etorri da akordioa. Michelle Bacheleten agintaldian ezarritako kereilak bertan behera uztea, protestak terrorismotzat ez jotzea eta epaiketa zibilak eta ez militarrak egitea onartu du Gobernuak.

Grebari eutsi dioten presoek, baina, erreforma horiek ez direla aski salatu dute, besteak beste, epaiketetan babestutako lekukoak izateari eusten diotelako. Hasieran egiten zituzten aldarrikapenak zabalagoak zirela argudiatuta, beste presoek amore eman izana ere deitoratu dute grebari eutsi dioten maputxeek. Gobernuak egindako aldaketak, zentzu horretan, itxurazkoak baino ez direla salatu dute, maputxeen oinarrizko giza eskubideak urratzen segitzen direla zehaztuta. Indarrez kentzen dizkieten lurrak berreskuratzeko borrokaren atzean autodeterminazio eskubidearen aldarrikapena ere badagoela jakinarazi dute maputxeek.

Gobernuak, bien bitartean, mezu bat luzatu die grebari eutsi dioten presoei eskaintza gehiago ez direla egongo ohartaraziz. Cristian Larroulet Presidentziako ministroak azaldu du akordioa jada iragarri zutela eta, ondorioz, elkarrizketak etenda daudela. Ospitalean dauden presoek, berriz, greba uzteko mehatxuak jaso dituztela salatu dute; Jaime Mañalich Osasun ministroak berak egin dizkie mehatxuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.