Erresuma Batua / Hauteskundeak

Hamar puntuko abantaila eman die inkesta batek laboristei

'Financial Times' egunkariak gaur plazaratu duen inkestaren arabera, Tony Blair lehen ministroaren Alderdi Laboristak irabaziko lituzke Erresuma Batuko hauteskundeak; areago, Alderdi Kontserbadoreari hamar puntuko aldea kenduko lioke. Nolanahi ere, bozetarako 48 ordu falta direnean —ostegunean izango dira hauteskundeak— botoa eman dezaketenen %36k erabakia hartu gabe daukatela islatu du inkestak, eta horrek alde batera edo bestera teinkarazi dezake oraindik emaitza.

2005eko maiatzaren 3a
19:27
Entzun
Financial Times-en inkestaren arabera, galdera egin dietenen %39k Blairen laboristei botoa emateko asmoa dauka; %29k Alderdi Kontserbadoreari eta %22k liberal-demokratei.

Osteguneko bozetan iragarpen horiek beteko balira, Tony Blair izango litzateke berriro ere Erresuma Batuko lehen ministro, eta hirugarren legegintzaldia egingo luke agintean; buruzagi laborista batek hiru aldiz segidan gobernuburutza eskuratuko lukeen lehen aldia litzateke.

Nolanahi ere, inkesta erantzun dutenen %36k erabaki gabe dauka oraindik botoa nori eman. Ondorioz, aukera guztiak zabalik daude oraindik. 1997an zein 2001ean %21 ziren hauteskundeetarako 48 ordu falta zirenean boza erabaki gabe zeukatenak.

Dena den, Financial Times-en inkestak kontserbadoreentzako emaitza txarrak aurreikusten ditu. Izan ere, duela astebetetik %5 jaitsi da Alderdi Kontserbadorearen aldeko boto asmoa, eta joan den urriaz geroztiko emaitza txarrenak iragartzen dizkio aukera horri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.