Sri Lankako Armadako hamarsoldadu eta polizia bat hil ziren atzo tamil herritarrak gehiengo diren uharteko ipar-mendebaldeko eskualdeetan. LTTE Tamil Eelameko Askatasun Tigreak gerrilla erakundeari leporatu zizkion erasoak Kolonbok. Amaitzear dagoen 2005. urte honetan nabarmen areagotu dira segurtasun indarren eta tamil tigreen arteko borrokak eta egoera honek kolokan jartzen du 2002.urteko otsailean bi aldeek hitzartu zuten su-etena.
Sri Lankako Gobernuaren bozeramaile Prasad Samarasinghek emandako datuen arabera, Point Pedro herriaren inguruetan izan zen atzoko erasoa, Jaffnako penintsulan. Sri Lankako Armadako patruila bati segada jarri ziotela zehaztu zuen. Hamazortzi soldadu eramaten zituen kamioi baten aurrean bide bazterrean jarritako lehergailu bat leherrarazi zuten eta, gero, tiroketa egin zuten militarren kontra. Eraso horren ondorioz, hamar soldadu hil eta zortzi zauritu ziren. «Eraso honen erantzulea LTTE dela oso nabaria da, bera bakarrik baita lehergailu mota hauen eta gerra armen jabe», adierazi zuen bozeramaileak. Eraso hau ez zen izan, baina, atzo gertatutako bakarra, zeren eta, zenbait ordu geroago, Sri Lankako Poliziako agente batek bizia galdu baitzuen uhartearen ekialdeko Batticaloako barrutian, ustezko gerrillariek patruila baten aurka lehergailu bat bota ondoren.
280 hildako urtebetean
Indarkeria nabarmen areagotu da azken egunotan tamil gerrillak jarduten duen ipar-mendebaldeko eskualdeetan. Izan ere, hilaren 23an, Sri Lankako Itsas Armadako hamabost militar hil ziren ustez LTTE gerrillak egin zuen eraso batean. Taldeak ukatu egin zuen bera izan zela. Biharamunean, berriz, LTTEko adar politikotzat jotzen duten TNA Tamil Aliantza Nazionala alderdi politikoko diputatu Joseph Pararajasingam tiroka hil zuten Batticaloako katedralean Eguberri mezan zegoela. Abenduaren hasieratik gutxienez 81 lagun hil dira erasoetan, eta 280 inguru urtarrilaz geroztik.
SRI LANKA
Hamar soldadu eta polizia bat hil dira, ustezko tamilen erasoetan
2002ko otsailean sinatutako su-etena kolokan dago, erasoak direla eta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu