Badira bi aste Jeanine Añezek bere burua de facto presidente izendatu zuela, Evo Moralesek erbestera ihes egin ostean. Geroztik, gobernu berriak ezkerreko buruzagiaren gobernuak hartutako hainbat erabaki irauli ditu; azkena, AEBekiko harremanei dagokiena.
Bi estatuek 2008an eten zituzten harremanak; La Pazek orduan AEBetako enbaxadorea zenari, Philip Golbergi, egotzi zion oposizioaren alde egitea, eta kanporatu egin zuen. Handik gutxira, AEBek kanporatu zuten Boliviako enbaxadorea. 11 urte geroago, baina, Boliviako de facto gobernuak AEBetarako enbaxadore berria izendatu du: Walter Oscar Serrate.
Ez da ahaztu behar Donald Trump izan zela Añezen gobernua babestu zuen lehenengo estatuburuetako bat. Hark ukatu egin zuen Bolivian estatu kolperik izan zela; aldiz, Añezek kargua hartu eta berehala eten zituen Kuba eta Venezuelarekiko harremanak, eta babesa helarazi zion Juan Guaidori, Venezuelako oposizioko buruari.