Pasa den astean epaitutako Gurmeet Ram Rahim Singh guru indiarrak hamar urteko kartzela zigorra bete beharko duela iragarri dute.
Guruaren aurkako epaiketak 2002an du jatorria: bere jarraitzaile batek Atal Bihari Vajpayee orduko Indiako lehen ministroari gutun bat idatzi zion, Rahim Singh guruak bortxatu egin zuela salatuz. Gutunaren egileaz gain, ustez, beste hainbat emakumeri ere eraso egin ziela zioen eskutitzak. Kasua ikusita, CBI Indiako Ikerketarako Idazmahaiak Rahim Singhen aurkako salaketa jarri zuen, baina, 2008 arte, ez zen epaiketarik izan, testigantzarik ez zegoelako. Azkenean, bortxaketaz hitz egiteko prets zeudela esan zuten bere bi jarraitzailek.
Ostiralean, epaiketaren ondorioz, liskarrak izan ziren, eta 40 lagun hil ziren. Hildakoez gain, 250 zauritu ziren, eta, Poliziak jakinarazi zuenez, atxilotuak 2.500etik gora dira. Poliziak negar gasa eta ur kanoiak erabili zituen jarraitzaileen aurka. Sententziaren aurretik ere, milaka jarraitzailek gurua babestu zuten, Sirsa hiritik epaitegia dagoen Panchkula hirira ibilbidea eginez.