Hamas eta Al Fatak bozak datozen maiatzean egitea erabaki dute

Israelek argi utzi du ez duela negoziatuko batasun palestinarreko gobernuarekin, eta zigor ekonomikoekin mehatxu egin duHauteskundeak bitarte, behin-behineko batasun nazionaleko gobernua osatuko dute

2011ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Al Fatak eta Hamasek lortu dute akordioa; lau urtean izan dituzten liskarrak alde batera utzi, eta palestinarren batasun nazionala bideratzeko oinarriak eta epeak ezarri dituzte. Jaled Meshal Hamas alderdiko buruak eta Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidenteak Egiptoko hiriburuan egin dute bilera, eta hurrengo hauteskundeak datorren urteko maiatzean egingo dituztela erabaki dute. Horretarako herritarren artean «giro ona» dagoela azpimarratu dute. «Kide moduan lan egingo dugu, gure arteko ezberdintasun guztiak konpondu baititugu», adierazi du bileraren ostean Abbasek. Abenduaren 20an, halaber, fakzio palestinar guztiekin egingo dute bilkura, eta bi egun geroago PAE Palestina Askatzeko Erakundeko batzorde eragilearekin elkartuko dira. Bertan, atzo hitzartutako auziak eztabaidatuko dituzte gainerako ordezkariekin.

Hauteskundeak egin bitartean, gainera, batasun nazionaleko behin-behineko gobernua osatuko dutela erabaki dute; dena den, oraindik ez dute zehaztu noiz eratuko duten eta ministerioak nola banatuko dituzten. Bozak egiteko, hauteskunde batzorde berri bat eta bozetarako auzitegia eratuko dituzte, hauteskundeen gardentasuna bermatu ahal izateko.

Israelek, ordea, argi utzi du hitzarmenaren inguruan duen jarrera. «Tel Avivek ez du negoziatuko Hamasekin batera osatutako gobernu batekin», adierazi du Avigdor Lieberman Israelgo Atzerri Gaietarako ministroak; «ez, behintzat, indarkeriari uko egiten ez badio eta estatu judua onartzen ez badu». Bi baldintza horiek Ekialde Hurbilerako Laukoteak ezarritako berak direla gogorarazi du, eta PANi ematen dizkion diru laguntzak etetearekin mehatxu egin du. «Abbasek ezin du aldi berean negoziatu Hamasekin eta Israelekin». Silvan Shalom Israelgo lehen ministrordeak ere hitzarmenarekiko desadostasuna erakutsi du. «Batasun palestinarrak Israelekin adiskidetzeko aukera guztiak bertan behera uzten ditu». Gainera, nabarmendu du Hamasek Israel suntsitzeko eskatzen duela, eta haiek ez dutela hori galdegiten duen gobernu batekin elkarrizketarik izango. Dena den, Meshalen alderdiaren diskurtsoa arindu egin da, eta 1967ko mugetara itzultzeko eskatzen dio Israeli.

Prozesu luzea

Atzoko akordioak joan den maiatzean lortutako hitzarmena gauzatzea ekarriko du. Orduan «auzi guztietan» ados jarri zirela ziurtatu zuten biek, baina sei hilabete behar izan dituzte, tartean gelditu egin baitituzte elkarrizketak PANek Nazio Batuen Erakundean eskubide osoko estatu gisa aldarrikatzeko bideratu duen prozesua dela eta. Dena dela, eskaerak indartu egin du PAN; azken bi urteetan Israelekin izan dituen negoziazioetan porrot egin ostean, Tel Avivi eta Washingtoni egindako desafioak herritarren konfiantza eskuratzen lagundu dio.

Adituek uste dute Hamasen eta Al Fataren arteko akordioaren urratsak une egokian datozela. «Bi aldeek malgutasuna erakusteko gaitasuna izan dute batasun nazionala bideratzeko. Dagoeneko hori ez da arazoa; hauteskundeen prozesuaren barneko epeen eta xehetasunen eztabaidak are liskartsuagoak izan dira», Rajab Abu Serreja aditu palestinarraren ustez.

Aurten, aspaldian baino gehiago, palestinarren arteko batasunaren alde kalera atera dira herritarrak, politikariei bide horretan jar daitezen eskatzeko. PANek NBEn egindako estatuaren aldarrikapenak ere batasunerako eskaera indartu du, nahiz eta Hamasek ez duen bat egin eskaera horrekin eta batasun nazionalaren akordioa bera zalantzan jarri duen. Hamasek pentsatzen du etxeko liskarrek lehentasuna dutela. Dena den, Hamas ere garaile atera da Guilad Shalit soldadu israeldarraren truke 1.027 preso askatzeko akordioa egin duenetik; izan ere, baketze hitzarmenean bere jarrera indartu du, eta PANi bere aldeko eskaerak egiteko presio egiteko ahalmena lortu du.

Hamar hilabete

Israelen pean egoteaz gain, palestinarrek lau urte daramatzate bi gobernutan banatuta, bien helburua Palestinako Estatu bakarra osatzea den arren. 2006an botoen gehiengoa lortu zuen Hamasek, eta bi alderdien arteko liskarrak handitu ziren garaipenaren ondoren. 2007an gerra zibila izan zen Gazan, eta eremuaren gaineko kontrola hartu zuen Hamasek; Al Fatako jarraitzaileak handik kanporatu zituen. Harrezkero, soilik Zisjordanian agintzen du Al Fatak, eta Israelgo Gobernuak blokeo izugarria ezarri dio Gazari.

Geroztik, bi aldeek hitzarmena egin eta gobernu bateratua osatzeko borondatea azaldu dute. 2010eko martxoan hasi zituzten lehen elkarrizketak, bi urteren ondoren lehen aldiz, eta palestinarren etorkizunaren inguruan eztabaidatu zuten. 2011ren hasieran, gainera, Egiptoren laguntzarekin, hitzarmena egiteko borondatea erakutsi zuten. Urte horretan bertan, apirilaren 27an, akordioa sinatu zuten, eta bost oinarrizko klausula ezarri zituzten: PAEri erreformak egitea, Polizia eta armada berrantolatzea, batasuneko trantsizio gobernu berri bat osatzea, hauteskundeetara deitzea eta herritarren adiskidantza lortzea.

Hain zuzen, Hamasen eta Al Fataren arteko akordioaEkialde Hurbilerako bake prozesuari begira, nazioartearen jarrera ikusteko gakoetako bat izango da. Europako Batasunak, AEBek eta Israelek terroristatzat daukate Hamas alderdia, eta borroka armatua utzi bitartean harekin zer hitz egin ez dagoela esaten dute. Horregatik, batasun gobernuaren inguruan emango duten erantzuna ezinbestekoa izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.