Gazaren aurkako erasoaldia

Hamas prest dago Palestina Nazioarteko Zigor Auzitegian sartzeko eskaera babesteko

Bart gauetik bederatzi palestinar hil ditu Israelek, eta bi meskita suntsitu. Goizean, "helburu terrorista izan daitezkeen guneetatik" urruntzeko ohartarazi diete Gazako herritarrei.

Israelek Gazako hainbat gune bonbardatu ditu bart. MOHAMMED SABER / EFE
arantxa elizegi egilegor
2014ko abuztuaren 23a
01:48
Entzun

Hamasek iragarri du bat egingo duela Palestina Nazioarteko Zigor Auzitegiko kide izateko eskaerarekin. Jihad Islamikoa ere prest legoke aurrera egiteko, Al Jazeeraren arabera. PAN Palestinako Aginte Nazionaleko buru Mahmud Abbasek egin zuen proposamena. Baina Abbasek iragarri zuen ez zuela aurrera egingo Palestinako milizia nagusien babesik gabe. Hagak eskaera onartuko balu, Gazaren aurkako azken erasoaldian egindako krimenak ez ezik, 2002az geroztik egindakoak ere iker ditzake auzitegiak.

Palestinako Aginte Nazionaleko presidente Mahmud Abbasek ez du etsi, eta dei egin die bi aldeei elkarrizketak berriz has ditzaten. "Nire helburu nagusia da Egiptoko negoziazioak berriz martxan jartzea, biktima eta sakrifizio gehiago egon ez daitezen". Asmo horrekin, Israelen okupazioari amaiera eguna jartzeko eskatuko dio PANeko buruak Nazio Batuen Erakundeari. Egitasmoa Hamaseko buru Khaled Meshali aurkeztuko dio gaur Dohan.

Haren deiari entzungor egin diote, ordea, bi aldeek. Gauerditik hona gutxienez bederatzi palestinar hil ditu Israelek, etxebizitza bat eta bi mezkita suntsituta. Horietatik lau familia bereko kideak ziren. Hamasek, berriz, beste lau palestinar hil ditu Gazan "Israelekin kolaboratzea" egotzita. Horiekin 25 dira azken egunetan exekutatutakoak.

Herritarrei oharra

Datozen orduetan ere bonbardaketa gehiago izango direla ohartarazi du Israelek, eta mezua helarazi die Gazako herritarrei: "Zure segurtasuna bermatu aldera, ez utzi terroristei zure jabetza erabiltzen beraien izuzko helburuetarako, eta ez gerturatu erakunde terroristak dauden tokietara. Israelen kanpaina ez da amaitu. Erne egon".

Gaza osoa bihurtu da, ordea, Israelen jomuga eta hango herritarrek ez dute non aterpetu. NBEren errefuxiatu guneak ere seguruak izateari utzi diote, Israelek hainbat aldiz bonbardatu ostean. Horiek hala, palestinarrak Hamasen kontrolpeko eremutik ateratzen ahalegintzen dira. Egunontan, esaterako, erasoetan zauritutako hainbat adingabe atera dituzte Gazatik, inguruko estatuetan artatu ditzaten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.