Azken hilabeteetan lehertu diren matxinada arabiarren indarra baliatu nahi du Hamasek, protestek Palestinako organizazio politiko islamista irentsi aurretik. Udaberri arabiarra «udaberri islamista» bilakatu dela adierazi du Ismail Haniyeh Gazako lehen ministroak, eta palestinarren kausari onura ekarriko diola uste du. Protesten indarraz baliatzeko, hain justu, Hamasek Anaia Musulmanen alde egitea erabaki du, Siriarengandik eta Iranengandik urrunduz. Horretarako, moderatuago eta pragmatikoago agertu dira alderdiko buruak azken asteetan.
Jaled Meshal alderdiko buruzagia izan da Hamasen estrategia aldaketaren isla nagusia. Behin-behinean armak utzi eta erresistentzia zibilaren aldeko apustua egin behar dela adierazi du, besteak beste, eta Israelekiko ere ohi baino tonu moderatuagoan mintzatu da.
Siriako presidente Baxar al-Assaden gainbeheran dago, adituen ustez, Hamasen aldaketaren arrazoia. Presidentea kolokan zegoela ikusirik alderdiak nahiago izan baitu Damaskoren ondotik desmarkatu. Horrek Iranen haserrea eragin du, eta Hamasek Gazan Siriaren aldeko ekitaldiak antolatzeari uko egin zionez ordura arte ematen zizkion diru-laguntzak etetea erabaki zuen Teheranek.
Anaia Musulmanen alderdi palestinarra bezala aurkeztu izan du bere burua Hamasek, baina bere egitekoan independentea dela erakutsi du. Orain herrialde arabiarretan indarra hartzen ari direla ikusirik alderdiaren jardunera egokitzea erabaki du Hamasek, haren hazkundea txalotuz. «Islamistak Egiptoko, Tunisiako eta Marokoko gobernuetan sartu izanak agerian uzten du udaberri arabiarra iraultza islamista bilakatu dela», esan du Haneyek.
Hamas, Siriatik eta Irandik geroz eta urrunago
Matxinada arabiarrekin batera, estrategia aldatu du alderdi islamistak; Anaia Musulmanen alde egitea erabaki du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu