Hamasei hildako eragin ditu Yemenen AEBen enbaxada ondoko atentatuak

'Yemengo Jihad' taldeak hartu du bere gain erasoa, baina eztanden atzean Al Kaeda dagoela uste dute agintariek

2008ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Gutxienez hamasei hildako eragin zituen atzo Yemengo Sana hiriburuan lehertutako auto bonbak, eta eztandaren ostean erasotzaileen eta polizien artean izandako tiroketak. Leherketa AEB Ameriketako Estatu Batuetako enbaxadatik 100 metrora gertatu zenez, egoitza horren aurkako atentatutzat jo dute agintariek. Hildakoen artean, sei erasotzaileak eta beste hainbeste polizia yemendarrez gain, lau zibil ere badaude. Zaurituak ere laga ditu erasoak: hamahiru zibil eta enbaxadako segurtasunerako hiru agente. Guztiak hiriko Ospitale Errepublikarrean daude.

Yemengo Barne Ministerioko iturrien arabera, erasotzaileak poliziaz jantzita zihoazen, eta haietako baten lehergailuz osatutako gerrikoa zeraman. Enbaxada eta enbaxadorearen bizilekua dauden Sheraton auzoan sartzean zeharkatu beharreko kontrol postuaren parean egin zuen eztanda ibilgailuak, 09:15ean.

Al Arabia telebista kateak jakinarazi duenez, Yemengo Jihad Islamdarra izeneko taldeak hartu du bere gain atentatua. Horrenbidez, Ali AbdulaSalehri Yemengo presidenteari preso dituen kideak askatzeko eskatu nahi izan dio, aidanez, taldeak.

Yemengo poliziek, ordea, baztertu egin dute aukera hori. Egipton eta Palestinan bai, baina Yemenen ez omen du adarrik erakunde horrek. Horiek hala, Al Kaedaren usaina hartu diote leherketari. Halakoak aurreikusiz-edo, joan den abuztuaren 13an Al Kaeda Yemenen eta Saudi Arabian erasoak prestatzen ari zela iragarri zuen Abdala Salehk.

Al Kaedaren babesleku

Pakistango Hego Waziristanekin batera, Yemen egun Al Kaedaren gotorlekua dela uste du CIA Inteligentzia Agentzia Zentralak. Yemengo Gobernua, aldiz, aliatutzat dauka Washingtonek terrorismoaren kontrako borrokan. 2000. urtean Al Kaedak egindako atentatu baten ondotik agertu zien Abdula Salehk babesa AEBei. Al Kaedak Sale hiriko portuan zegoen ontzi estatubatuar bati eraso egin eta hamazazpi marinel hil zituen urte hartan. Eta ordutik, muturreko ekintzaile islamdarren kontrako eraso ugari egin ditu Yemengo armadak, AEBetako militarrek lagunduta. Dena den, George Bushen gobernuak esfortzua ez dela nahikoa uste du. Eta Stratfor AEBek Ekialde Hurbilean duten inteligentzia agentzia pribatuaren txostenen arabera, Yemengo segurtasun indarretan Al Kaedako kideak daude infiltratuta.

Aspaldian izan den odoltsuena bada ere, atzokoa ez da AEBetako enbaxadaren kontra egindako lehen atentatua. Oso bestera, egoitza diplomatiko hori sarritan izan du jomugatzat Al Kaedak. Azken erasoa joan den martxoaren 18an egin zuen. Kale egin eta enbaxadaren ondoan dagoen nesken eskola bat jo zuten lehergailuekin. Ondorioz, polizia bat hil eta hamazazpi ikasle zauritu ziren.

Aurretik ere izan dira halakoak. 2002an, esaterako, Dick Cheney AEBetako presidenteordea Yemenen zela, granada bat jaurtiki zuen gizon batek AEBetako enbaxadara. Ez zen hildakorik eta zauriturik izan, kalte materialak soilik. Erasotzaileari hamar urteko kartzela zigorra ezarri zioten, eta zazpi urtera murriztu zioten aurrerago.

AEBenean soilik ez, beste herrialdeek Yemenen dituzten enbaxadetan ere izan dira atentatuak. Aurten Italiakoaren kontra izandakoan lagun bat hil zen.Baina Yemenen zendu gehien eragin dituzten Al Kaedaren ekintzak, ordea, ez dira egoitza ofizialen aurkakoak. Joan den maiatzeren 2an mezkita baten aurrean eztanda egin zuen bonba-moto batek hamasei lagun hil zituen. Iazko uztailean, berriz, zortzi turista espainiar hil ziren auto bonba baten eraginez, Yemen mendebaldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.