Hamasei lagun hil dira Somaliako borroketan

Biktimen artean Segurtasunerako zuzendaria eta atzerriko ekintzaile bat daudela esan du Gobernuak

Erredakzioa
2009ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Somaliako armadaren eta milizia islamistaren arteko borroketan hamasei lagun hil ziren atzo; tartean, Trantsizioko Gobernu Federaleko Segurtasunerako zuzendaria, Nor Hassan Ali, eta atzerriko borrokalari bat. Zaurituak ere izan ziren: 40 zehazki, gehienak zibilak, medikuek eta poliziek jakinarazi dutenez. Abdal Aziz auzoan izan ziren aurrez aurreko borrokak, Muqdisho hiriburuaren iparraldean.

Goizean goiz hasi ziren borrokak. Eta lekukoen arabera, bai NBE Nazio Batuen Erakundeak sostengatzen dituen militarrek eta bai milizianoek artilleria astuna erabili zuten. Bi aldeek beren baseak hiriburuaren iparraldera eraman dituzte azken egunetan.

Bestalde, hildako atzerriko ekintzailea balitekeela Bangladeshekoa izatea aurreratu du Abdulkhadir Welije presidentetzako eledunak. Gorpuan topatutako dokumentazioak hala omen dio. Somaliako matxino islamistekin batera borrokan ari diren ehunka atzerritar dagoela adierazi du behin eta berriz Gobernuak. Adituek, ordea, nazioartearen sostengua eskuratzeko estrategia baino ez dela uste dute. Zenbait gobernuk Al Kaedako kideak Somalian babestu diren kezka agertu dute.

Hemezortzi urteko gatazka

Ekintzaile islamistak duela bi urte eta erdi hasi ziren borrokan berriz, Somaliako armadak Etiopiako aliatuen laguntzarekin ordura arte agintean zen gobernu islamista erorarazi zuenean. Herrialdeko gatazka zaharragoa da, ordea: 1991n hasi zen. Ordutik armadak eta miliziak eginikoak «gerra krimentzat» jo daitezkeela azaldu du NBE Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen goi mandatariak, Navi Pillayk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.