Parisko erasoen ondoren

Hamasei pertsona atxilotu ditu bart Belgikako Poliziak

Hemeretzi miaketa egin ditu Poliziak Bruselako sei barrutietan eta Charleroi hirian. Fiskalak adierazi du miaketetan ez dutela aurkitu "ez armarik, ezta lehergailurik ere". Poliziak Sala Abdeslamen atzetik jarraitzen du.

Belgikako polizia miaketak egiten bart Bruselako Molenbeek auzoan. OLIVIER HOSLET / EFE
Berria
2015eko azaroaren 23a
07:16
Entzun

Hamasei atxilotu eta zauritu bat. Hori izan da Belgikako Poliziak bart egindako operazioaren emaitza. Charleroi eta Bruselako sei barrutietan miaketak egin zituzten, besteak beste, Molenbeek, Anderlecht, Jette, Schaerbeek, Woluwe-Saint-Lambert eta Foresten. Operazioaren helburu nagusia Sala Abdeslam antzematea zen, baina ez dute aurkitu. Horrez gain, Eric Van der Sypt Belgikako fiskaltzako bozeramaileak jakinarazi du miaketetan ez dituztela aurkitu "ez armarik, ezta lehergailurik ere ez".

Belgikako hainbat tokiko hedabideen arabera, atzo arratsaldean Abdeslam Liejan zegoen. Belgikako segurtasun indarren kontrolak gaindituz, Alemaniarako bidean hartu omen zuen. Hala ere, fiskalak ez du informazio hori konfirmatu.

Operazioan pertsona bat tiroz zauritu du poliziak. Euren arabera, Molenbeekeko denda bat miatzen ari zirela autoan zihoan pertsona bat poliziak harrapatzen saiatu zen. Horri erantzunez, poliziek tiro egin eta gidaria zauritu zuten. Hasieran gidariak ihes egitea lortu bazuen ere, beranduago, poliziak Bruselan atxilotu zuen. Fiskala ikertzen ari da pertsona hori operazioarekin nolabaiteko lotura ote duen. Gainerako atxilotuei dagokionez, gaur erabakiko du epaileak espetxera bidali edo ez.

Polizia operazioan hedabideek eta herritarrek izandako jarrera eskertu du Van der Syptek. Miaketak egiten zituzten bitartean horien berri ez emateko eskatu baitzieten poliziek kazetari eta herritarrei. "Eskerrik asko kontuan izateagatik egindako ekintza eta emandako argibideak jarraitzeagatik".

Metroa eta eskolak itxita

Belgikako Gobernuak Bruselan alerta maila gorena (4) mantentzea erabaki du. Herrialdean berriz, hirugarren maila ezarri du. Bruselako eskolak eta metroa itxita egongo dira gaur. Charles Michel Belgikako lehen ministroak azaldu du "Pariskoen antzeko erasoak jasotzeko beldur" direla. Era berean, herritarrei eskatu diete jende asko pilatzen den tokiak sahiestea, informazio ofizialei kasu egitea eta "zurrumurruak zabaltzea" ekiditea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.