Mundua

Hamasek Egiptoren su-eten plana onartu du

Miguel Angel Moratinos Espainiako Gobernuko Atzerri ministroak baieztatu du berria. Israelgo agintariek bihar erantzungo diote Egiptori

2009ko urtarrilaren 14a
18:24
Entzun
Hamasek Egiptok Gazarako proposatutako bake plana onartu du, Miguel Angel Moratinos Espainiako Gobernuko Atzerri ministroak El Pais egunkariari jakinarazi dionez. Orain Israelgo agintariak dira hitz egin behar dutenak. Bihar emango diote erantzuna Egiptori.

Bi baldintza jarri ditu Hamasek, Ami Barake Siriako Hamaseko bozeramaileak esan duenez: Turkia izatea negoziazioen bermatzailea eta nazioarteko soldaduen ordez behatzaileak izatea akordioa betetzen dela ziurtatzeko.

Su-etena lortzeko akordioak beste puntu batzuk ere izango lituzke, Baraken arabera: hiru eguneko su-eten humanitarioa, 48 orduko epean Israelek soldadu denak erretiratzea Gazatik, urtebeteko su-etena hitzartzea eta nazioarteko begiraleak jartzea akordioa betetzen dela egiaztatzeko. Urtebete horretan Gazako mugak zabalik egotea ere eskatu du Hamasek. Urte eta erdiko blokeoa hautsiko litzateke hala.

Gaur ere Israeli eraso egin diote Libanotik

Hilaren 8an bezala, gaur ere Libanotik erasoa egin diote Israeli: bere kontrako bederatzi kohete bota dituzte Libano hegoaldetik eta hiruk behintzat jo du hango lurraldea. Israelek bi bonba bota ditu Al Jiam eta Al Merie eskualdeetara, hemendik egin diotelakoan eraso. Ez dute oraindik hildakorik egon denik esan.

Aurreko astean hiru kohete bota zituzten Libanotik, eta inork ez du hartu bere gain ekintza. Atzo, berriz, Jordaniatik erasotu zuten Israel, muga parean Poliziaren autoa tirokatuta. Ez zen inor hil.

Israel bera abenduaren 27tik ari da erasoan da Gazan eta, azken datuen arabera, 977 lagun hil ditu eta 4.500 bat zauritu. Hamasek Israelera koheteak botatzen zituelako hasi zen erasoan hau. Israelen aldetik, hamabost soldadu hil dira. Abenduaren erdian bukatu zuten biek urte erdiko su-etena.

Gaur Gaza hiriko hilerri nagusia suntsitu du misilekin, lekukoen arabera. Han inguruko bizilagunak hilerrian lehendik zeuden hildakoak berriro hobietan sartzen aritu dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.