Hamasek eta Al-Fatahek Mahmud Abbas Palestinako Aginte Nazionaleko presidentea izendatu dute Zisjordania eta Gazarako batasun nazionaleko gobernuaren buru. Exekutiboa maiatzaren 4ko Presidentetza eta Legebiltzarrerako hauteskundeak prestatzen ari da, eta Gazako "berreraikitzea" ere bai.
Qatarren lortu dute akordioa Hamasek —Jaled Meshalek— eta Al-Fatahek —Abbasek berak—.
"Ez dugu sinatu sinatzeagatik, baizik eta hauteskundeei eta barne berradiskidetzeari buruzko dena martxan jartzeagatik", esan du Abbasek. Meshalen arabera, bi erakundeek "zauriak ixteko eta zatiketa amaitzeko" prestasuna dute, "eremu guztietan palestinarren ekintza batasuna indartzeko".
Igal Palmor Israelgo Gobernuko Atzerri ministroari ez zaio askorik gustatu akordioa, "Hamas baita Ekialde Hurbileko bakerako eragozpen nagusia".
Palestinako Legebiltzarrerako azkeneko bozak 2006an egin zituzten, eta Hamas izan zen garaile. Nazioarteak, baina, ez zituen onartu emaitzak. Hamasek Gazan gobernatzen du, eta Al-Fatahek Zisjordanian. Presidentetza hauteskundeak 2005ean izan ziren, eta Abbas hautatu zuten —Hamasek ez zuen hautagarik aurkeztu—.