Hamas eta Al Fata Palestinako erakunde nagusiek bilera egin dute gaur Egipton —Kairon—, eta biek esan dute "desberdintasunak gainditu" dituztela eta elkarrekin ariko direla berradiskidetzean. Hamasetik Jaled Meshal izan da batzarrean, eta Al Fatatik Mahmud Abbas Palestinako Aginte Nazionaleko presidentea.
Biok maiatzean Kairon bertan berradiskidetze akordioa lortu zuten, eta gaur itun haren gauzatzeaz mintzatu dira. Horretaz gain, Palestinaren eskubideak defenditzeko plataforma sortu beharrari buruz aritu dira. Abbasek irailean NBEri eskatu zion Palestina onartzeko estatu ofizial gisa.
"Ea bilerak baikortasun atmosfera sortzen duen", adierazi du goizean Hamasek gaur, Gazan (Palestina). Hamasek garrantzia ematen die Palestinako Askatasunerako Erakundea berritzeari, segurtasun zerbitzuak berrantolatzeari, batasun nazionaleko behin-behineko gobernua eratzeari, hauteskundeak deitzeari eta berraskidetze soziala lortzeari.
Zisjordanian Al Fata da nagusi, Gazan Hamas.