Azken bost egunetan Gazako Zerrendan izandako erasoetan gutxienez 30 palestinar eta bederatzi israeldar lagun hil eta gero su-etena hitzartu dute Hamasek eta Israelek.
Bi alderdien arteko bitartekari lanak egin dituen iturri batek baieztatu du bi alderdiak su-eten bat ezartzeko akordioa egin dutela eta jadanik indarrean dela.
Palestinako arduradun batek gaineratu du Hamasek onartu duela Palestinako miliziano talde txikiagoei ere su-etena betearazteko ardura. Milizia hauek dira Israelen aurka bota diren suzirien gehiengoa jaurti dituztenak.
Azken erasoak bart gauean izan dira, Gazako miliziek hainbat suziri jaurti dituzte eta Israelek Gazako Zerrenda bonbardatu du, bi erasoek ez dute zauritutik eragin.
Kanpoko hedabideetarako Israelgo Armadaren bozeramaile Avital Leibovichek bart gauean bere Twitterreko kontutik jakinarazi zuen hamasei suziri bota zituztela Gazatik Israelera. Suziriek ez dute zauriturik eragin eta horietako bi misilen aurkako sistema berriaren bidez interzeptatu zituzten, Leibovichek azaldu duenez.
Informazio militarreko bulegoaren arabera, Israelgo Armadak Gaza airez bonbardatu zuen, ustez suziriak botatzen ari zen talde baten aurka eginez. Eraso honek ere ez du zauriturik eragin.