Hamasek nahiago du bitartekaritzan Egipto aritzea, Iran baino

Teheranek bere burua eskaini du palestinarren adiskidetze prozesuan zubi lana egiteko

Erredakzioa
2012ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Iranek egindako eskariari ezezkoa eman dio Hamas alderdi palestinarrak. Aste honetan Teheranen NAM Lerrokatu Gabeko Herrialdeen Mugimenduak egindako goi bileraren harira, palestinarren adiskidetze prozesuan laguntzeko bere burua eskaini du Mahmud Ahmadinejad Irango presidenteak. Baina Hamasek nahiago du Egipto, muturtutako bi alderdi palestinarren artean orain arte zubi lanak egin dituen herrialdea. «Errazagoa da bitartekari rola Egiptok egitea, geografikoki hurbilago dagoelako eta bertan erregimen berri bat dagoelako», azaldu du Ghazi Hamd-ek, Gazako Atzerri ministrordeak eta Hamaseko kideak.

Teheranekin duen harreman ona ezkutatu barik, ez dela menpekotasun harremana nabarmendu du. «Hamasek politika sendo bat jarraitzen du, eta ez da inoiz menpekoa edo bazterrekoa izango. Beste batzuekin harreman sendoa izateak ez du esan nahi Hamas beste herrialde baten menpe dagoenik». Siriako kasua jarri du adibide modura. Damaskorekin lotura handia izan arren borroken ostean harremana eten zuela gogorarazi du. Iazko maiatzean sinatu zuten adiskidetze ituna bi alderdi palestinarrek, baina oraindik ez du fruiturik eman.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.