ISRAEL-PALESTINA

Hamasek ukatu egin du sexu indarkeria erabili izana urriaren 7ko erasoan

NBEk kaleratutako ikerketa baten arabera, Palestinako talde islamistak bahitutakoek ere bortxaketak jasan dituzte. «Ehunka» palestinarrek Israelen jasandako torturak erregistratu ditu UNRWAk.

HAMAS. ERASOA. URRIAREN 7A.
Bi ibilgailu sutan Israelgo Axkelon hirian, urriaren 7an. EFE
Igor Susaeta.
2024ko martxoaren 5a
11:30
Entzun

NBE Nazio Batuen Erakundeak «arrazoizko motiboak» ditu adierazteko Hamasek sexu indarkeria erabili zuela bai urriaren 7an Israelen egindako erasoan, baita ondoren ere, erasoaldiaren egunean bahitu zituenen kontra. Talde islamistak, ordea, jokabide hori eduki izana ukatu du gaur. «NBEren txostena arbuiatzen dugu. Ez du lekukotza bakar bat ere, eta okupazio indarrek akusazio faltsu hori frogatzeko aukeratu dituzten instituzio, soldadu eta lekuko israeldarretan oinarrituta dago», kritikatu du, ohar batean.

Gatazketako sexu indarkeria aztertzen duen NBEren agentziako arduradun Pramila Pattenek agerraldi bat egin zuen atzo gauean, eta nabarmendu indarkeria horren «zantzu argiak» topatu dituztela Israelen eta Zisjordanian iragan otsaileko lehen bi asteetan egindako ikerketa batean; nagusiki emakumezkoak izan dira biktimak.

Txostenak 22 orrialde ditu, eta hartan zehaztu dute ezin izan dutela sexu indarkeriaren biktima bakar bat ere elkarrizketatu, horretarako ahaleginak eginagatik. Hori bai, irudi eta bideo asko gainbegiratu zituzten —5.000 argazki eta 50 bideo ordu—, eta 34 pertsona elkarrizketatu: urriaren 7ko erasoaren lekukoak, hartatik bizirik atera zirenak, aske utzi dituzten bahituak, osasun langileak eta beste. Gainera, NBEren agentzia horretako kideek 33 bilera egin dituzte Israelgo instituzioetako kideekin. Palestinako erakunde islamistak 1.200 pertsona inguru hil zituen urriaren 7ko erasoaldian, eta 240 bahitu. Israelek, berriz, 30.000 lagun baino gehiago hil ditu Gazan ondorengo bost hilabeteetan.

Hamasek Gazatik gertu egin zuen erasoaldia, Israelgo lurretan, eta, ondoren, hainbat gorpu topatu zituzten guztiz edo partez biluzik gerritik behera —emakumezkoak gehienak—, eskuak lotuta eta buruan tiroak zituztela; gorpu horietako batzuk zutoinetara lotuta zeuden. Iruditzen zaie arrazoiak daudela pentsatzeko bortxaketak eta talde bortxaketak gertatu zirela Gazaren aldirietako hiru tokitan gutxienez. Hori jaso du NBEren agentziak.

Pattenen esanetan, urriaren 7ko erasoalditik onik atera zirenetatik batzuk laguntza psikologikoa jasotzen ari dira, beste batzuk lekualdatu eta Israelgo beste eremu batera edo atzerrira bidali dituzte, eta lekuko batzuk armadako kide bihurtu dira.

22

Zisjordanian azken orduetan atxilotutakoak. Palestinako Wafa berri agentziaren arabera, Israelgo estatu indarrek 22 palestinar atxilotu dituzte gaur goizaldean, Zisjordanian —bi adingabe ere hil dituzte—. Iturri horrek berak dioenez, urriaren 7az geroztik 7.400 palestinar atxilotu ditu Israelek.

«[...] Sexu indarkeriako ekintzak gertatu dira, hau da, tortura sexualizatua eta tratu krudel, apalgarri eta gizagabeak izan dira emakume eta haur bahitu batzuen aurka, eta arrazoiak daude pentsatzeko indarkeria horrek jarraitu egiten duela», azaldu dute txostenean. Hamasek eta Israelgo Gobernuak azaro amaieran adostutako astebeteko tregoaren ondorioz, 105 bahitu askatu zituzten. Tel Aviven esanetan, 135 inguru daude oraindik talde islamistaren menpe.

«Baliorik» gabekoa

Hamasek gogoratu du, hain zuzen, askatutako emakume batzuek orduan adierazi zutela «tratu ona» eman zietela, eta txostenak ez duela «baliorik». Urtarrilean, ordea, aske geratu ziren andre batzuek Israelgo Parlamentuko batzorde batean adierazi zuten Hamasekoek «panpinen moduan» tratatzen dituztela emakumezko bahituak. NBEren agentziaren txostena argitara atera ondoren, Isaac Herzog Israelgo presidenteak Hamasen jokabidea gaitzestera deitu zuen nazioartea.

Patten New Yorken mintzatu zen, NBEren egoitza nagusian. Pare bat ordu geroago, UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoko zuzendari nagusi Philippe Lazzarinik hartu zuen hitza han, agerraldi batean, eta, adierazi zuenez, erregistratu dute «ehunka» palestinarrek torturak pairatu dituztela Israelen atxilotze guneetan.

NBEren agentzia horretako buruak esplikatu zuenez, atxilotuta egondakoek gertatutakoaren berri eman diete Kerem Xalomen, Gaza hegoaldera Israel hegoaldetik sartzeko pasagunean, UNRWAk dituen kideei. Tortura moldeak ere azaldu zituen, horiei buruz galdetuta. «Umiliazio sistematikoen bilduma zabal bat da: presoei biluzik argazkiak ateratzea, hitzezko gehiegikerien biktima izatea; elektrokutatzeko mehatxuak egitea; lo orduak kentzea; zakurrak modu larderiazkoan erabiltzea».

Lazzarinik azpimarratu zuen, bide batez, Israelen asteak edo hilabeteak atxilotuta pasatu ondoren — askotan, lege prozesua urratuta— gehienak «guztiz traumatizatuta» bueltatzen direla, jasandako «oinazearengatik». Ez zuen zehaztu, ordea, salaketa horiek noizkoak diren.

Lehenago NBEren Batzar Nagusian mintzatu zen, eta salatu zuen Israelek UNRWAren kontrako «kanpaina bat» hasi duela, «nahita» egin ere, «nahiz eta akusazioek ez duten oinarririk». Israelek NBEren agentzia horri leporatu dio bere hamabi kidek urriaren 7ko erasoaldian parte hartu izana, nahiz eta ez duen erakutsi akusazio hori berresteko frogarik. Urtarril amaiera aldera Israelek akusazio hori egin zuenetik, hamasei estatuk UNRWA finantzatzeari utzi diote; Lazzariniren arabera, 450 milioi dolar —415 milioi euro— gutxiago dira.

Horren harira, UNRWArentzako 50 milioi euroko diru laguntza bat desblokeatu zuen Europako Batzordeak ostiralean, eta iragarri aurten beste 68 milioi euro emango dizkiola. Hau da, ez duela finantzaketa etengo argitu arte agentziako kide batzuek erasoan parte hartu ote zuten. Israelgo Atzerri Ministerioaren bozeramaile Lior Haiatek gaur adierazi du batzordeak hartutako erabakia «desegokia» dela, eta Israelek datozen asteetan aurkeztuko diela duen informazio guztia UNRWA finantzatzen duten herrialdeei eta ikerketa egiten ari den NBEren batzordeari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.