Israelekin dituen harreman guztiak eteteko eskatu dio Hamasek Al-Fatahi. Hamasek adierazi du asteartean PAE Palestina Askatzeko Erakundeak eta Israelek egindako bilerak «kolpea» izan direla bi alderdiak berradiskidetzeko bidean. Sami abu Zuhri Hamaseko bozeramailearen esanetan, Al-Fatahek «herritar palestinarrei aurrez galdetu gabe egin zuen bilera», eta Hamasen iritzia kontuan hartu gabe egin zuela leporatu dio. Horrez gain, 2002tik kartzelan dagoen Marwan Barghouti Al-Fataheko kide ospetsuak adierazi du «israeldarren eta palestinarren arteko harremanak hilda daudela». Barghoutiren ustetan, «ez du merezi Israelekin negoziatzen saiatzea».
Azken hilabeteetan bi alderdi palestinarren arteko harremanak hobetu egin diren arren, Hamasek gogor kritikatu du asteartean Israelekin egindako bilera. Abu Zuhriren esanetan, Al-Fatahek mugen inguruko informazioa eman zion Israeli: «Hamas erabat harritua dago Saeb Erekat eta Itzjak Moljoren arteko bilerarekin. Erekatek segurtasun neurrien eta mugetako egoeren inguruko informazioa eman zion Moljori, aurretik Hamasi ezer galdetu gabe». Fawzi Barhum Hamaseko kidearen arabera, bilera parodia bat izan zen: «Ez da inolako elkarrizketarik izan; dena fartsa bat izan da, parodia bat, eta erabateko denbora galtzea».
Barghoutiren iritziz, palestinarrek ez dute ezer lortuko Israelen eskutik, eta aurrera egiteko bide bakarra erresistentzia baketsuaegitea eta nazioartearen aitorpena lortzea da. «Ez du zentzurik hilda dagoen gorpu bat berpizten saiatzea. Palestinarrek egin dezakegun gauza bakarra erresistentzia baketsuarekin jarraitzea eta nazioartearen babesa lortzea da». Horrekin batera, Barghoutik eskatu die palestinarrei Israelgo produktuei boikota egiteko.
Jordanian egin zen astearteko bilera, eta hilaren 26a baino lehen bigarren aldiz elkartuko dira palestinarren eta israeldarren bozeramaileak. Nasser Judeh Jordaniako Atzerri ministroaren arabera, bi aldeak ez ziren ados jarri, baina egoera «oso konplexua dela» gogorarazi du: «Bi herrialdeen arteko desadostasunak askotarikoak eta konplexuak dira, eta arazoak ez dira konponduko egun batetik bestera. Horregatik, garrantzitsua da berriz ere beste bilera bat egitea». Horrez gain, Mahmud Ahmadineyad Irango presidentearen ustetan, Israelek eraikitako koloniek ez diote mesederik egingo. «Jerusalem judu bilakatzeko etengabeko saioen ondorioz, Israelgo Gobernua erori egingo da. Palestinarren egoera Ekialde Hurbileko arazo nagusienetakoa da, eta nazioarteak ezin dio bizkarra eman. Israel inguruko herrialdeen artean liskarrak sortzeko tresna besterik ez da».
Hamas eta Al-Fatah, ados
Hamas astearteko bilerarekin ados ez egon arren, bi alderdiek palestinarren arteko batasuna sakondu dute. Hala, Hamasen aldeko Gazako biztanleek muga zeharkatzeko pasaportea edukiko dute berriz ere. 2007an borrokak izan ziren bi alderdien artean, eta gobernua bitan banatu zen,Al-Fatahek Zisjordanian eta Hamasek Gazan aginduz. Horren ondorioz, Al-Fatahek muga zeharkatzeko baimenak kendu zizkien Hamaseko jarraitzaileei. Gainera, Hamasek eta Al-Fatahek aurreratu dute prest daudela teknokratek osatutako gobernua sortzeko. Nabil Xaath Al-Fataheko kidearen esanetan, hilaren bukaerarako prest egongo dira teknokratak: «Bilerak egiten jarraituko dugu, teknokrataz osatutako gobernua lortu arte. Ondoren, gobernu horrek maiatzeko hauteskundeetako programa prestatuko du».
Israelek 30 milioi euro emango dizkio Gazari, diru iturririk eza nolabait leuntzeko. Palestinako ekonomia arduradun Jihad al-Wazeerren arabera, blokeoa aprobetxatuz, lurrekin espekulatu dute israeldarrek, Gaza dirurik gabe utzita.
Hamasentzat «kolpea» izan da Israel eta PAEren arteko bilera
Gazako mugaren inguruan ados jarri dira Hamas eta Al-Fatah, eta teknokratekin gobernua osatuko dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu