EURITEAK

Hamazazpi lagun hil dira Okzitanian, euriteen ondorioz

Mandelieu-la-Napoulen, Cannes ondoan, zazpi lagun hil dira asteburuan.

Lau lagun, urpean geratutako auto bati begira Mandelieu la Napoulen. SEBASTIEN NOGIER / EFE
2015eko urriaren 5a
07:37
Entzun

Larunbat iluntzean 195 metro kubiko euri bota zuen hiru orduko epean Kosta Urdinean, eta uholdeak eragin ditu kostaldeko hamar herritan gutxienez. Ekaitzak Mandelieu-la-Napoulen eragin du kalte handiena: zazpi lagun hil dira bertan. Cannesen, berriz, bi; Vallaurisen, familia bereko hiru senide ito dira. Bioten, Brague ibaiak gainezka egin, eta adinekoen zentro batean sartu da ura; beheko solairuan zeuden hiru adineko hil dira. Beste pertsona bat Antibesko kanpin batean hil da.

Lau lagun desagertuta daude, eta larrialdi zerbitzuek itxaropen urriak dituzte horiek bizirik topatzeko, uste baita urez gainezka egin duten lurpeko bideetan zeudela. 1990az geroztik Frantziako Estatuan izandako denborale bortitzena izan da.

Kale estuak dituzte herri horiek, eta uholdeek bortizkeriaz eraman dituzte aurretik kalean ziren pertsonak. Hala hil dira gehienak. Kalte materialak ere handiak izan dira. Frantziako Meteorologia Zerbitzuak alerta laranja emana zuen, eta Francois Hollande Frantziako presidenteak adierazi du hondamendi egoera emango duela eta kalte-ordainak hiru hilabeteko epean pagatuko dituztela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.