Handien ahultasunak txikien indar

Londresen menpeko estaturik gabeko hiru nazioen geroa bidera dezakete bozek, izan ere, Westminsterren hartzen dira Belfast, Cardiff eta Edinburgoren gaineko erabaki nagusiak.

arantxa elizegi egilegor
2010eko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Eerresuma Batuko hauteskunde kanpaina Ingalaterraren interesetan oinarritu da batez ere azken egunetan. Horrek, baina, ez du esan nahi Londresen menpeko estaturik gabeko hiru nazioak lehiatik at geratu direnik. Izan ere, gaur egun oraindik Westminsterreko parlamentuan erabakitzen dira hiru lurraldeen gaineko auzi nagusiak. Horiek hala, alderdi nazionalista handienek, Sinn Fein, SNP Eskoziako Alderdi Nazionala eta Plaid Cymru, euren esku dagoen guztia egingo dute Ingalaterrako agintariak estu lotzeko. Bide horretan, eskoziar eta galestar nazionalistek iragarri dute ez dutela koaliziorik osatuko ez kontserbadoreekin, ez laboristekin, eta euren herriaren mesedetan bozkatuko dutela une oro.

1. Ipar Irlanda

Irlanda iparraldeko hemezortzi diputatu daude Westminsterren; horietatik bederatzi unionistak dira, DUP Alderdi Demokratiko Unionistakoak. Belfast Telegraph egunkariak atzo bertan argitaratutako inkestaren arabera, baina, puntu bakarreko aldea aterako diete unionistek Sinn Feineko errepublikanoei -botoen %26 lortuko ditu lehenak, eta %25 bigarrenak-. Aldiz, bost puntu galduko lituzke UUP Ulstergo Alderdi Unionistak eta kontserbadoreek osatutako koalizioak, botoen %13rekin geratuz.

Westminsterren ordezkaritza duen Irlanda iparraldeko alderdi independentista nagusia da Gerry Adamsek zuzentzen duena. Dena den, Sinn Feinek ez du Erresuma Batuko parlamentua onartzen, eta, beraz, abstenitu egiten da bozketetan. Hala, aurrerantzean ere politika berarekin jarraituko dutela iragarri du Adamsek, nahiz eta hamazazpi barrutitan aurkeztu. «Ez dut Westminsterreko nire aulkia hartuko, hori egiteko aukeratu nautelako; abstentzionista aktiboa naiz». Errepublikanoen programa politikoko puntu nagusietako bat da Irlandako iparraldea eta hegoaldea batzea.

Aldiz, DUPek nahiago du bozak kontserbadoreek irabaztea, era horretara aliatu indartsua izango lukeelako agintean. Gainera, inkestek dioten bezala, David Cameronenek gehiengoa lortzen ez badute, unionisten botoak erabakigarriak izan daitezke.

2. Eskozia

SNPko buru eta Eskoziako lehen ministro Alex Salmondek jakin du herritarren sostengua bereganatzen. Alderdiak zazpi diputatu ditu Westminsterren, baina biharko bozetan kopurua hogeira igotzea espero du. Izan ere, inkesten arabera, laboristek nabarmen egingo dute behera -Eskoziako 41 barrutitan dira nagusi-, eta haien botoak eskuratzea da nazionalisten helburua. Liberal-demokratak dira bide horretan haien arerio nagusiak -11 diputatu dituzte-.

Dena den, Salmondek uste du beraien mesedetan litzatekeela alderdi bakar batek ere gehiengorik ez lortzea Erresuma Batuko Parlamentuan, hala, «Eskoziak jarritako musikarekin dantzatuko lukeelako Westminsterrek». Izan ere, SNPk ez du inorekin koalizioa osatzeko asmorik. «Komunen Ganberan egiten diren bozketetan Eskoziaren interesen alde bozkatuko dugu. Soka eskoziar batekin urkatuko dugu Westminster». Bere programa politikoko puntu nagusia da erreferenduma egitea herritarrek aukera dezaten independentzia eta autonomiaren artean.

3. Gales

«Ez dugu akordiorik egingo Galeserako aurrekontua murriztu asmo duen alderdi batekin», ohartarazi du Plaid Cymru alderdi nazionalistako buru Ieuan Wyn Jonesek. Hark, SNPk bezala, uste du estaturik gabeko nazioei mesede egingo diela Londresen gehiengorik gabeko gobernua egoteak -2005eko bozetan hiru eserleku lortu zituzten Plaid Cymrukoek Westminsterren-.

Erresuma Batuko Galeserako ordezkari Peter Hainek argi hitz egin du, laboristak prest egongo lirateke nazionalistekin hitzarmenak egiteko, era horretan kontserbadoreak gobernutik kanpo uzten badituzte. Egun Alderdi Laboristak eta Plaid Cymruk koalizioan agintzen dute, baina horrek ez du esan nahi Gordon Browni doako laguntza emango diotenik. Dagoeneko prest dute baldintza zerrenda.

Ekonomikoak dira Galesko independentisten programa politikoko puntu nagusiak: laguntza publikoak emateko Erresuma Batuaren sistema aldatzea, biztanle kopuruan oinarritzen delako beharretan baino gehiago; hezkuntza eta osasun sistemak indartzeko diru laguntza gehigarriak ematea, eta Legebiltzarrari eskumenak itzultzea, independentziarako lehen urrats gisa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.