Hansako Liga XXI. mendean

Europako iparraldeko herrialde oparoen elkarteko kidea izan zena EBko merkataritza gunean sartuko da maiatzaren 1ean

AINARA MENDIOLA - TALLIN
2004ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Tallingo Erdi Aroko alde zaharra, eguerdia. Turistak dabiltza nagusiki Udaletxe Plazaren inguruan. Estonieratik bereiztea zail egiten den hizkuntza eskandinaviarrak entzuten dira bereziki. Dendetan, bertakoak dira herritar guztiak. Guztiek hainbat hizkuntza dakizkite eta ez dago arazorik hitz egiteko. Ingelesez badakiten galdetzean, batzuek ezetz esaten dute hasieran, baina dioten baino hobeto moldatzen dira. Irekiak dira eta laguntzeko prest egoten dira gehienak.

Eskandinaviarekin lotura handia du hiriak. Alde zaharraren atzean, oso gertu oinez, itsasoaren bi aldeak lotzen dituen kaia dago. Hiria Helsinkitik soilik 85 kilometrora dago; Riga (Letonia) berriz urrunago geratzen da (307 kilometro errepidez), eta baita San Petersburgo ere (395). Mendebaldeari begira dagoen arren, Ekialdearen eragina du: Sobiet Batasunean bizitako urteen poderioz, biztanleen %25 jatorri errusiarrekoak dira. Estoniar asko Finlandian, Errusian edo Sobiet Batasuneko hainbat errepublika ohitan izandakoak dira, eta askok, komunismo garaitik oroitzapen edo ideia onak ez dituzten arren, arlo politikoan, kultura eta gizarte arloan alde baikorrak ere bazituela onartzen dute. Oso ontzat jotzen dute gazteek, eta batez ere ikasleek, Europako Batasunean sartzea. Estonian lan egiteko aukera gutxi daudela dio zerbitzari batek, eta EBk lan merkatu berrietan sartzeko aukera emango diela. Ulertzen du Hamabostek mugak jartzea kide berri izango diren herrialdeetako langileei beste herrialdeetan lan egiteko: «Bestela, jende asko joango litzateke bat-batean lanera». Alabaina, zazpi urte gehiegi iruditzen zaizkio. Sobiet Batasuneko garaia «oso txarra» iruditzen zaio . Bezeroak pilatzen hasi dira bere barraren aurrean. «Sentitzen dut, baina lan egin behar dut». Olga Rementieva jatorri ukrainarreko estoniarra da, 32 urtekoa. Oroigarri denda batean egiten du lan. Hark bestela ikusten du Errusia. Sobiet Batasunak alde txarrak eta onak izan zituela uste du, baina soilik alde onak aipatzen ditu. «Hezkuntza, lana, osasun artatzea... Doan ziren». Bere aitona-amonak Ukraina utzi eta Estoniara etorri ziren bizitzera. Rementievak letonieraz badaki eta herritartasuna ere badu. Gaizki iruditzen zaio, ordea, hizkuntza badakitela frogatzeko azterketa egin beharra. Hala ere, onartzen du jatorri errusiarreko herritar asko ez direla bertakotu. «Badakite estonieraz hitz egiten», dio, «ez guztiz modu zuzenean, baina badakite». Estoniako Gobernuak 2000. urtean hizkuntz eskakizunak arindu zituen eta bertan behera utzi zuen lanpostu publikoetarako nahitaez estoniera ongi jakiteko betebeharra. Sustrai estoniarreko bizilagunek Sobiet Batasunaren garaiaz ezer gutxi jakin nahi dutela ikusita, Rementievak bere buruari hauxe galdetu dio: «Ez dut ulertzen 70 urtez Sobiet Batasunean egon eta independentzia aldarrikatu ondoren nolatan sartu nahi duten beste egitura handi baten barruan, Europako Batasunean». «Errusia bakartuta geratuko al da bere inguruko herrialdeak EBn sartzean?», galdetu dio kazetariak. «Herri indartsua da Errusia, ez du kezkatu beharrik». Harri Uljar (18 urte) eta Kadi Ristal (17) almendra gozokiak saltzen ari dira, Erdi Aroko moduko jantziekin. Olde Hansa jatetxeak atarian duen postu batean egiten dute lan asteburu eta jaiegunetan. Almendrak saltzeaz gain, jatetxearen propaganda ere ematen diete bezeroei. Denetariko jakiak eta tratu onena agintzen dituzte, «guztia txanpon zintzo gutxiren truke». Harri mutil ilehoria da eta ile marroiko neska Kadi. Horrek azukrea nahasten du pazientzia handiz, Harrik almendrak bota eta paperezko zorro txikitan saltzen dituen bitartean. Unibertsitatera joateko asmoa daukate, eta mutilak erabakita dauka zer ikasi, gainera: teknologia; «Informatika», zehaztu du. Alemanian edo Ingalaterran lan egin nahi luke. Biak Errusian izanak dira, eta hiri handien eta herri txikien arteko kontrasteak nabarmendu dituzte. «Hiri handiak oso politak dira, San Petersburgo adibidez, oso handiak. Baina herri txikiak oso pobreak», adierazi du Kadik. Kexu da Estonian bizi diren jatorri errusiarreko askok ez dutela ahaleginik egin estoniera ikasteko: «Gehienek ez dute hitz egiten eta ez dira ikasten ahalegintzen». Estoniako ikastetxe guztietan, aldiz, errusiera derrigorrean ikasten dute, estonieraz aparte. Finlandiako bizimodua du gustuko. «Soldata hobeak dituzte...». Harrik zera erantsi du: «Noski, prezioak ere garestiagoak dira». EBn sartuko diren Baltikoko beste bi errepublikekiko harremanak ez direla «oso onak» dio. «Lituaniarrek txisteak egiten dizkigute».

Hansa izenak Erdi Aroko Hansako Ligagogorarazten du. Merkataritza interesengatik lotutako Europako iparraldeko herrialde oparoen arteko elkartea izan zen; garai hartako Europako Batasun moduko bat. Marko Ausmak (23) egun itxita egon ohi den udaletxe zaharrean dagoen tabernan egiten du lan. Erdi Aroko ostatu itxurako taberna txiki bat da, Tristan eta Isolda izenekoa. Kandelen argipean, Errusiako musikari klasikoak maite dituela aitortu du, eta oro har Errusiako kultura. «Sobiet Batasunean bizitzea ez zen batere ona izan. Errusia oso interesgarria da, baina ez bere menpe bizitzeko», zehaztu du. Tatoo musika taldea aipatu du Errusian egiten diren edo egin diren «tontakeria askoren artean», irribarre lotsatiarekin. Estoniera, errusiera eta ingelesa menperatzeaz gain, finlandieraz hitz egiten badaki eta baita frantsesez moldatu ere. «Lagun asko dauzkat Frantzian eta joango nintzateke hara bizitzera». Hungariar, estoniar eta finlandiarrek antzeko erroak eta izaera dutela nabarmendu du eta, lituaniar zein letoniarrak oso ezberdinak direla pentsatzeko moduan zein hizkuntza aldetik.

Gazteentzat abantaila

Gui Vigane arropa saltzaileak ez du esan nahi zenbat urte dituen. Europako Batasunaren barruan egotea gazteentzat abantailatzat jotzen du, nonahi lan egin eta ikasteko. «Hemen ere hezkuntza eta lan aukerak dauzkagu, baina aukera zabalagoa izango dute». Ausmak bezala, Errusia eta Sobiet Batasun ohiko herrialdeak interesgarriak direla uste du; «politikoki, aldiz, ez». Hala ere, independentziaz geroztiko aldaketez galdetuta, gutxi bururatzen zaizkio: «Turistak» eta «eraikin gehiago» daudela, eraikin «zainduagoak». Gazteak kanpora joango dira beharbada lanera, baina berak argi du non geratuko den: «Hemen jaio nintzen eta hemen hilko naiz». Bikote bat sartu da, eta bufanda arrosa handi bat erosi dute. «Eguraldi aldakorra daukagu», adierazi du Viganek, «baina apirilean ohikoa da».

Piret Pargma (22) Felix&Fabian liburu dendan ari da lanean. Maiatzaren 1etik aurrera bidaiatzea errazago izango delakoan, pozik dago. Berak Irlanda edo Erresuma Batuan egin nahiko luke lan. Estoniera, ingelesa, alemaniera eta errusiera jakiteaz gain, espainiera ikasten ari da.

Guztiek atzerrian bidaiatzeko eta lan egiteko aukera goraipatzen duten arren, ez dute uste estoniar multzo handirik joango denik beste herrialde batzuetara bizitzera; oinarri sendorik gabeak jotzen dituzte, beraz, Hamabosten kezkak. Mendebaldeko janzkera, auto eta eraikinak ikusten dira Tallingo erdigunean. Oso eraikin garai gutxi daude. Ylo Valdmaak (43) portzelana erosi eta saltzeko lantegi propioa du. Gaur, ordea, lagun baten jatetxe atarian dabil, turistak erakarri nahian. Gertu sentitzen ditu Eskandinavia zein Errusia, azken horretan 15 urtez bizi izan baitzen. Emaztea Uzbekistangoa du eta hamaika bidaia egindakoa da. Agian horregatik, EBn sartzeari onura berezirik ez dio ikusten. Onura handirik ikusten ez dion beste bat Meelis Arumae (34) taxilaria da. Bere autoaren ondoan bezeroen zain dagoen bitartean, zera dio: «Bat-egitearen gastu guztiak Tallinek ordaindu ditu, ez Bruselak». Azkenaldian prezioek gora izugarri egin dutela salatu du eta soldatek ez dutela pareko igoerarik izan. «Gasolioa 8 korona kostatzen zitzaidan duela gutxi; orain, aldiz, 9,75ean dago, eta EBn sartzen garenean askoz gehiago igoko dira prezioak».

Euroeszeptizismo handia

EBk exijitutako erreformak epe laburrenean ezarri ditu Estoniak. Horrek kezkak sortu zituen hemen. Iazko erreferendumean %66,9k alde bozkatu zuten arren, euroeszeptizismo handia izan dute. Independentziaren ondoren bere kasa lan egiteko aukerarekin pozik dago taxi gidaria, baina Sobiet Batasunean diruarengatik ez zegoela kezkatu beharrik nabarmendu du.

Igor Ignatenco (30) taxilariari esan dio orain bere iritzia emateko. Ignatencok «odol errusiarra» duela aitortu du: «Aitona duela 60 urte etorri zen Estoniara bizitzera». «Begira, errusiarren moldaezintasunari buruzko kontuak kazetarien kontuak diren froga», dio Arumaek. Estoniera badaki eta badu herritartasuna. Harju kalean daude geldirik, Europako Batasunean sartzeko erreformak onartu zituen legebiltzarretik oso gertu.

 

SUSTRAIAK



 

Kultura anitzen bilgunea





Tallin da Erdi Aroko iragana ongien gorde duen Europako hirietako bat; XIV. mendekoa da, hain zuzen. 400.000 biztanle ditu, herrialdeko populazio osoaren herena. Daniarren, zaldun teutoien, suediarren eta errusiarren menpe egondakoa da. Garai hartako harresiei eusten die alde zaharrak, teila gorriko dorre koronatuekin eta harrizko kale estuekin. Itsaso Baltikoak inguratzen du Estoniako hiriburua eta lakuak ere baditu, zuhaizti zabal eta parke handitako ordokian.

Dirudienez, eskandinaviar jatorrikoa da herrialdea eta hizkuntza finlandierarekin zein hungarierarekin lotuta dago. Harreman horren erakusgarrietako bat saunak dira; hotel, leku publiko eta etxe anitzetan daude, beren kulturaren ezaugarri garrantzitsuak dira. Estoniarren laurdenak jatorri errusiarrekoak dira. Biztanleen %6k errusiar herritartasuna dute eta %12,4k ez dute herritartasun zehatzik. Askok ez dute agiririk, ez dutelako beharrezkotzat jotzen edo hizkuntz eskakizunak bete ez dituztelako. Hedaduraz Herbehereak, Suitza eta Danimarka baino handiagoa izan arren, soilik 1,4 milioi biztanle ditu Estoniak. Munduko dentsitate txikienetarikoa dauka: 30,2 biztanle kilometro koadroko. Lurraldearen %10 babestuta dago, beste herrialde batzuetan galdutako animalia eta landare ugari biltzen baititu: otsoak, hartzak eta katamotzak, adibidez. Udan, 19 orduz egun argia izaten da eta neguan 6 orduz bakarrik. 1.500 uharte eta 1.000 zingira baino gehiago ditu. Tenperatura apalena -3,5 gradukoa da batez beste (otsailean), eta beroena, 16-20 ingurukoa.

-

Kronologia





1918: Independentzia aldarrikatu zuen.

1920: Bake ituna sinatu zuen Errusiarekin.

1939: Sobiet Batasunak bere base militarrak onartzera bultzatu zuen Estonia.

1940: Tropa sobietarrak sartu ziren herrialdean eta mendean hartu zuten.

1941: Alemaniako tropek inbaditu zuten.

1944: Sobietar tropek berriz ere mendean hartu zuten.

1980ko hamarkada: Herritarren zati handi batek protesta mugimendu bat bultzatu zuen, Sobiet Batasunaren aurka.

1991: Sobiet Batasunak Estoniaren independentzia onartu zuen.

1994: Soldadu sobietarrak herrialdetik joan ziren.

1997: EBn sartzeko negoziazioak hasteko oniritzia eman zion Bruselak.

2001: Arnold Ruutel presidenteak bertan behera utzi zuen lanpostu publikoetarako estoniera nahitaez jakiteko baldintza.

2002ko azaroa: NATOk ateak zabaldu zizkion, beste herrialde multzo bati bezala. Albania eta Mazedonia izan ezik, hilaren hasieran sartu ziren Aliantza Atlantikoan.

2002ko abendua: EBko kide izateko gonbit formala jaso zuen.

2003ko martxoa: Herritarrek bat-egitearen alde bozkatu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.