LIBANO

Haririren hilketa bonba-kamioi batek eragin zuela egiaztatu du NBEk

AGENTZIAK - BEIRUT
2005eko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Libanoko lehen ministro ohi eta oposizioko indarren buru Rafik Haririren hilketa eragin zuen atentatua bonba-kamioi baten bitartez burutu zela baieztatu zuen atzo NBE Nazio Batuen Erakundeak izendatutako ikerlariak. Beiruten atzo egin zuen prentsaurrekoan, Detlev Mehlis prokuradore alemanak azaldu zuen lehergailua, «zalantza gutxirekin» errepidearen gainean zegoen.

Atentatu honen erantzukizuna Siriari leporatu dioten sektoreek zabaldutako hipotesia baten arabera, lehergailua kalearen azpialdean jarrita egon zitekeen. Hori egiaztatuko balitz, Libanoko agintari edo arduradun batzuen esku-hartzea nabariagoa izan zitekeen.Libanoko agintearen oposizioko zenbait sektoreren buru jarri duten Rafik Haririren seme Saad Haririren aurka hitz gogorrak izan zituen atzo Michel Aun jeneral eta lehen ministro ohiak. Frantzian 15 urtean erbesteratuta egon ondoren Libanora sartu zen joan zen maiatzean Aun. Iragan igandean, kristauak gehiengoan diren barrutietan, Aunen aldeko hautagaiak nagusitu ziren Legebiltzarrerako hauteskundeetako hirugarren fasean. Bihar, aldiz, Legebiltzarreko azken 28 diputatuak aukeratzeko egingo den bozketan, Aunek aliantza egin du Siriaren menpeko gobernuetan ministro izandako Soleimane Franjierekin eta hori gogor salatu du Saad Haririk.

Ustelkeria salaketa larria

Siriaren interesei mesede egiten ziela-eta gogor iharduki zion Aunek eta Saad Haririk, aldiz, «kontzientziak diruarekin erosten» dituela salatu du. «Nola esan daiteke, bada, pertsona hauek ustelkeriaren aurka jardungo dutela, beraiek ustelkeria egiten duten lehendabizikoak direnean», adierazi zuen Aunek.

Rafik Hariri eta «boterean egon diren gehienak» Siriaren mende egon zirela gogorarazita, Aun jeneralak ziurtatu zuen bera izan zela Damaskoren nagusikeriari aurre egin zion agintari libanoar bakarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.