KUBA-AEB harremanak

Harreman diplomatikoei berriz ekiteko prest dira Washington eta Habana

Barack Obama eta Raul Castro AEBetako eta Kubako presidenteek agerraldi bana egin dute. Bertan eman dute herrialde bien arteko harremanak lantzeko erabakiaren berri. Ordu batzuk lehenago, AEBek 'Bosten taldeko' hiru eta Kubak Alan Gross askatu dituzte

Barack Obama eta Raul Castro, Nelson Mandelaren aldeko hiletan, elkarri bostekoa ematen. KIM LUDBROOK / EFE
2014ko abenduaren 17a
07:15
Entzun

Barack Obama Washingtonen eta Raul Castro Habanan. 18:00etan, biak kameren aurrean. Eta mezu orokor bera eman dute biek ala biek: ordezkatzen dituzten bi herrialdeen arteko harreman diplomatikoak normaltzeko eta bien arteko giroa hobetzeko bideari ekingo diote. Mende erditik gorako blokeoa gainditzeko negoziazioak hasteko prest agertu da Obama.

AEBek Kubari ezarritako bahimenduak "eragin hutsala" izan duela esan du AEBetako presidenteak: "Garbi dago Kuba hamarkadaz hamarkada bakartzeak ez duela Kuba egonkor eta demokratiko bat ekarri". Horregatik, blokeoa gainditzeko neurriak hartzeko prest agertu da Obama. Kuban giza eskubideak eta demokrazia indartzeko deia ere egin du.

Raul Castrok, bere aldetik, askoz hitzaldi laburragoa egin du: "Gure arteko deberdintasunekin, gizalegez elkarrekin bizitzen ikasi behar dugu. Gai garrantzitsuoi buruz hitz egingo dugu".

Presoak aske

Habanan eta Washingtonen 18:00etan hasi diren agerraldi bien aurretik, Alan Gross Amerikako Estatu Batuetako enpresaria libre utzi du Kubak, eta AEBetarako bidean da, Habanan bost urte preso egon ostean. Hamabost urteko espetxe zigorra ezarri zioten, espioitza lanetan aritzea egotzita. "Arrazoi humanitarioak" argudiatuta askatu dute.

Bestalde, AEBek aske utzi dituzte Bosten Taldeko hiru. 1998an atxilotu zituzten, Kubako espioiak izatea egotzita. Fernando Gonzalez otsailean utzi zuten libre. Raul Castrok bere hitzaldian jakinarazi du hiru kubatar askatu berriak Habanan zirela jada.

Irlaren blokeoa ezarri zuten 1962an AEBek. Otsailaren 7an, John F. Kennedy AEBetako presidenteak 3447 agindu presidentziala sinatu zuen. Bahimendua formalki ezarri zuen horrekin. Urrian, Misilen krisia lehertu zen Sobietar Batasunarekin, Gerra Hotzean izandako tentsio aldirik handiena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.