Libiarako HarremanetarakoTaldea atzo bildu zen Istanbulen gerra hasi zenetik laugarren aldiz, Libiako egoerarentzako irtenbideren baten bila. Eta erabaki bat hartu dute: hemendik aurrera NBE Nazio Batuen Erakundeko Abdel al Jatib izango da taldearen izenean negoziazioak aurrera eramango dituena. Bestalde, Harremanetarako Taldearen ustez,CNT Trantsiziorako Kontseilu Nazionala da Muammar Gaddafik boterea uzten duenean Gobernuaren kontrola hartu behar lukeena. Erabaki horrek erraztu egin dezake Libiako erregimenak AEBetako bankuetan duen dirua desblokeatzea. Gaddafiren erregimenaren aurkako erreboltariek osatzen dute CNT.
Al Jatibek jakinarazi duenez, negoziazio mahaia osatzea proposatuko die Tripoli eta Bengasiri, alde bakoitzeko hiru ordezkariz osatuta. Negoziazio mahai horretan, ordea, ezingo dute parte hartu Gaddafi edo bere senitarteko inork. Testuinguru horretan, Al Jatibek bide orri bat aurkeztuko luke NBEren izenean, «su-eten iraunkorra eta egiaztagarria», eta trantsiziorako behin- behineko gobernua bat osatzeko eskatuz.
Franco Frattini Italiako Atzerri ministroak adierazi duenez, erabaki honen bidez bukatutzat eman daitezke hainbat herrialdek «agerian nahiz ezkutuan» egiten dituzten bitartekari lanak. «Tripoli eta Bengasiko Gobernuen artean negoziazioak sustatzea izango da Al Jatiben eginkizuna, Gaddafik boterea uzten duenean Gobernu bateratua sortzeko», esan du Frattinik. Gainera, ziurtzat jotzen du Gaddafik amore emango duela. «Boterea noiz eta nola utziko duen da kontua, eta hori negoziazio mahaiean erabakiko dute». Harremanetarako Taldearen asmoa abuztuaren 1a baino lehen agintea utz dezan da, Ramadana hasi aurretik. Musulmanentzat hilabete sakratua dela kontuan izanik, hainbat herrialdek abuztuan erasoak murriztea eskatu zuten, baina NATOk aurrera jarraituko du bere eginkizunekin.
Harremanetarako Taldeak egindako bileraren harira, erabakiak «zapaldu» egingo dituela adierazi du Gaddafik, eta hala eskatu zien haren jarraitzaileei ere.
Diru laguntzak oposizioari
Zibilen egoera prekarioari aurre egiteko, eta CNT finantzatzeko, Gaddafik atzerrian blokeaturik dituen 3.000 milioi dolarrak erabiltzea proposatu du Turkiak. «Erregimenari presioa egiten jarraitu behar dugu, CNTri laguntzeko modu berritzaileak aurkitzen ditugun bitartean», adierazi zuen Ahmet Davutoglu Turkiako Atzerri ministroak.
Bestalde, errebeldeei 250 milioieuroko diru laguntza emango die Frantziak. Italiak, 350 miloi euro emango dizkie, Turkiak 200 milioi dolar, Qatarrek 100 miloi eta Bareinek 5miloi. Datozen egunetan herrialde gehiagok ere diru laguntza iragarriko dute ziurrenik.
Harremanetarako Taldeak NBEren esku utzi ditu Libiako negoziazioak
Bide orri bat egin dute su-eten «iraunkorra eta egiaztagarria» emateko eta behin-behineko gobernua osatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu