Harresia irekita

Mendeetan kanpoko indarren okupazioari aurre egin ondoren, artxipielagoko herritarrek ateak zabaldu dizkiote Bruselari

2004ko apirilaren 20a
00:00
Entzun

MALTA.

Gaurko artikulu honekin batera eta hilaren amaiera arte, maiatzaren 1etik aurrera Europako Batasuneko kide berriak izango diren hamar herrialdeei buruzko erreportaia sorta argitaratzen hasiko da berria. Maltari buruzkoartikuluaren ondoren, gainerako bederatzi estatuetako kronikak agertuko dira. Ainara Mendiola berriemaile bereziak hango herritarren bizimodu, iritzi eta lekukotzak emango dizkio berriako irakurleari bertatik.

AINAra mendiola

Okupazio ugariren ondorioz, eta baita haien aurka ere, eraikitakoa da Mediterraneoko artxipielago txiki honen hiriburu historikoa. Maltako ordeneko buru Jean Parisot de la Valettek sortu zuen, 1566an. Leku sakratuetara joaten ziren erromesei laguntza emateko sortu zen ordena XI. mendean, Jerusalemen, baina hamaika gorabeheraren ondoren Malta hartu zuen egoitza, eta erakunde militar boteretsu bihurtu zen. Orden horri zor zaizkio harresi, gotorleku eta gainerako defentsa eraikuntzak. 1964an britainiarrekiko independentzia lortu zuen, Bigarren Mundu Gerran Alemania eta Italiaren bonbardaketez tinko defendatu ostean.

Gotorleku izandako hiriburua milaka turistaren aterpe da gaur egun, paradisu itxura ematen dioten ezti koloreko arrokez eta ur urdin-urdinaz inguratutako paisaiari esker, alde batetik; eta, bestetik, aniztasunak eragindako aberastasun historiko, kultural eta arkitektonikoagatik. Bere kale estuetan barna aurkitzen diren eliza ugariek Maltako Ordenak bultzatutako erlijio katolikoari eusten lagundu dute. San Joan katedraleko margoak Caravaggio ezagunak margotu zituen.Feniziarrek, greziarrek, erromatarrek, arabiarrek, frantziarrek eta britainiarrek okupatua izan da historikoki herrialdea eta haiengandik babesteko, harresiz inguratuta dago Valleta hiri barrokoa. Mediterraneoko giro epelak eta haize arinak, paisaiarekin batera, museo natural modukoa bihurtzen dute, askoren ustez. Valleta hiri bizia da, artxipielagoaren bihotz administratibo eta ekonomikoa. Turismoa da, aldiz, diru iturri nagusietakoa. Ospakizunetan dago egunotan Valleta. Gobernuak hainbat ekitaldi antolatu ditu, apirilaren 16tik aurrera (egun horretan sinatu zen iaz, Atenasen, beste hamar herrialdeen bat-egite akordioa), Batasunean sartzea ospatzeko. Europa erdi eta ekialdeko gainerako herrialde ia guztiei ez bezala, neke gutxi eman dizkio hedapenak Maltari: bere antolaketa sistemari esker, erreforma politiko eta ekonomikorik ez baitu egin behar izan EBra moldatzeko. Langabezia tasa ez du altua (%5,3) eta errentari dagokionez, EBko batez bestekoaren erdira iristen ari da. Hala, Europako kontinentearekin jarraituko dute orain herritarrek beren nortasuna aberasten. Maltako bandera zuri-gorriarekin batera Europako urdin-horia ere bere egingo dute valletarrek, baina oraingoz eszeptizismo handia dago. EBn sartuko den herrialde txikiena izanik, erabakiguneetan indarra galtzearen beldur dira herritar asko, iazko erreferendumeko emaitzek erakutsi zuten bezala (%53 alde, %46 aurka). 1990ean egin zuen Maltak Europako Batasunean sartzeko eskaria lehen aldiz. 1996an laboristek boterea hartu zutenean etenaldia izan zen arren, kontserbadoreek 1998an berriz ekin zioten prozesuari. Iazko martxoan, erreferendumean baiezkoak irabazi ostean, «aro berri bat» hasiko zela nabarmendu zuen Lawrence Gonzi lehen ministro kontserbadoreak. Turismoa eta inbertsioak bultzatu nahi ditu Gonzik.

Bihar: 'Estonia: Hansako Liga XXI. mendean'.

-

EUROPA ETA AFRIKA ARTEAN



Kondairaren habia



Herrialdeko uharte nagusia Malta bera bada ere, beste uharte batzuek ere osatzen dute: Gozzo, Comino eta biztanlerik ez duten Cominotto zein Filfortak. Europa eta Afrika iparraldearen artean kokatuta dago artxipielagoa. Guztira 300 kilometro koadroko hedadura eta 400.000 biztanle ditu (munduko dentsitate handienetakoa du: 1.257 biztanle kilometro koadroko). Turistek, aldiz, populazioa hirukoizten dute urtero. Biztanle dentsitate handia edukitzeaz gain, gurtze gune kontzentrazio handiena duen herrialdea da munduan.

Munduan ezagutzen diren monumentu eta hilobi megalitiko zaharrenak ere han daude. Gozzoko bi tenplu, esaterako, duela 7.000 urtekoak dira eta UNESCOk ondare unibertsal izendatuak. Egiptoko lehen piramideak baino 1.000 urte lehenagokoak dira.

Errespetu handia eragiten dute eraikuntzek. Helduek dioten bezala, «hemendik gatoz guztiak eta horregatik goretsi behar dugu sakonekoa, sakratua».Gozzok badu, dena den, osperik hilobiez aparte. Leiendaren arabera, uharte hori Homeroren Odisea liburuan aipatzen den Ogigia uhartea da, zeinetan Calipso ninfak Ulises heroi greziarra hainbat urtez gerarazi zuen. Malta errealitatea ere bada. Antzinako zibilizazioen nahasketatik sortu eta historian bere lekua irabazi duen herria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.