Immigrazioa

Harresien gotorra

Azken hilabeteetako hondamendiek agerian utzi dute Europara sartu nahi duten migratzaileen sufrikarioa; afrikarrak kexu dira, Europako estatuek "giza eskubideen gainetik" jartzen dituztelako arau hertsiak.

Hesia Melillan. LAUREANO VALLADOLID / EFE
gotzon hermosilla
2014ko martxoaren 17a
09:40
Entzun

Berrehun hildako inguru Lampedusa uhartean (Italia). Hamabi lagun hilik Farmakonisin (Grezian), bederatzi haur eta hiru emakume, patruila ontzi batek atoian zeraman txalupa irauli ondoren. Hamabost gorpu Ceutako hondartzaren aurrean, Espainia eta Marokoren menpeko lurraldeak banatzen dituen hesia gainditu ezinik.

Horrelako albisteek aldiro-aldiro astintzen dute Europako Batasuneko iritzi publikoa. Baina Europara sartu nahian bizia uzten duten migratzaileen drama ez da mugatzen hildako ugari uzten dituzten hondamendi handietara. Heriotzak ia eguneroko kontua dira Europako hegoaldeko mugetan, sarri askotan hedabideetako albistegietara iristen ez diren arren.

Unean uneko lantu eta doluminak pasatzen direnean, ordea, harresien gotorra gelditzen da. Eta harresien beste aldean, milaka gizon-emakume, miseriatik ihesi, eta ihesaldi horretan galtzeko duten bakarra, bizia, arriskuan jartzeko prest.

Ezustekorik ez

Joan den otsailaren 6an, hamabost lagun hil ziren, uretan itota edo haitzen kontra zanpaturik, Ceuta hirian Espainia eta Marokoren menpeko lurraldeak banatzen dituen muga zeharkatu nahian ari zirela. Marokoko Poliziak eraso egin zien, eta horietako asko uretara sartu ziren, igerian Ceutako hondartzara iristen saiatzeko.

Ceutako aldetik, Espainiako Guardia Zibilak tiro egin zien uretan zeudenei, gomazko pilotak eta ke poteak erabiliz.

Gertatutakoak samina hedatu zuen Ceutan eta Melillan, Espainiaren administraziopean dauden Afrikako iparraldeko bi hirietan. Baina ezin esan gertakariek ezustean harrapatu zituztenik bi hiri horietako herritarrak. Hala adierazi du, behintzat, Jose Palazon Osma Prodein Haurren Eskubideen Aldeko Elkarteko eledunak: "Horrelako zerbait gertatuko zela ikusten genuen, etorkinen kontrako indarkeria gero eta bortitzagoa bilakatzen ari zelako. Beharbada, pentsatzekoa zen horrelako zerbait Melillan gertatuko zela Ceutan baino lehenago, baina, azkenean, Ceutan izan da".

Izenak berak dioen moduan, haurren eskubideen alde lan egiteko sortu zen Prodein elkartea, 1998an, "ikusita administrazioa ez zela arduratzen kalean bizi ziren umeez". Denbora igaro ahala, helduekin ere lanean hasi zen Prodein. Horren arduradun Jose Palazonek dioenez, otsailaren 6koa ez zen salbuespena izan: azken zortzi hilabetean, 43 hildako zenbatu dituzte, Ceutako hamabostak barne, zuzenean edo zeharka Maroko zein Espainiako indar polizial eta militarren jazarpenaren ondorioz. "Eta zaurituak ehunka dira, batzuk oso larriak", gaineratu du; "Marokoko armadaren erasoengatik hanka apurtua dutenak, begia galdu dutenak gomazko pilota baten ondorioz eta abar. Izugarria".

Hilabete baino gehiago igaro da geroztik, baina, oraindik ere, Ceuta eta Melillako herritarrek "suminduta" jarraitzen dute, Palazonen esanetan, "eta ez soilki gertatutakoarekin. Zenbait agintarik egindako adierazpenek ere asko sumindu dituzte herritarrak: etorkinak oldarkorrak direla eta halakoak esan dituzte. Azken finean, hamabost hildako egon dira, eta denak dira etorkinak. Baina horrelako diskurtsoek hondarra uzten dute".

Kritika ugari sorrarazi ditu Guardia Zibilaren jokabideak Ceutako sarraskian, bai eta jokabide hori zuritzeko Espainiako Barne Ministerioak egindako adierazpenek ere. Ahotsa goratu dutenen artean daude Espainian bizi diren Saharaz hegoaldeko afrikarren elkarteak. Ceutako hondamendia gertatu eta gutxira agerraldia egin zuten, euren ezinegona adierazi eta erantzukizunak eskatzeko asmoz.

Etorkin Senegaldarren Espainiako Elkarteko idazkari nagusia da Mamadou Agne. Hala iritzi dio: "Ceutakoak ez zuen inoiz gertatu behar, baina gertatu da, eta guk erantzukizunak eskatu ditugu, sekula berriro gerta ez dadin". Gogor kritikatzen du Guardia Zibilak izandako jokabidea: "Lege eta arau guztiak gorabehera, gazte batzuk arrisku larrian daudenean Guardia Zibilaren lehentasunak gazte horiei laguntzea beharko luke. Ez da lege kontua, gizalege kontua baizik. Ez da hala jokatu, eta emaitza dramatikoa izan da".

Esperoan

Ceutako hondamendiak, behintzat, balio izan du inguru horretan gertatzen ari diren beste zenbait kontu, orain arte albiste izan ez direnak, agerian uzteko. Horietako bat da muga zeharkatu zain Marokoko aldean dauden Saharaz hegoaldeko afrikarren egoera. Sorterritik mugarainoko bidaia luze, zail eta arriskuz beterikoa egin ostean, ehunka lagun —ez dago adostasunik benetako kopuruez— inguruko herri eta mendietan bizi dira, oso egoera latzean, bizimodua ahal duten moduan ateratzen muga zeharkatzeko unea iritsi bitartean.

Baina une hori behin eta berriro atzera daiteke. Etorkin batzuek urteak ematen dituzte horrela, eta zortzi edo hamar aldiz saiatu dira nola edo hala harresia gainditzen, arrakastarik erdietsi gabe.

Palazonek ondo ezagutzen du Melillara sartu ezinik inguruetan bizi direnen egoera: "Mendiko edozein animaliak duen egoera berean daude. Mendian daudenek ez dute ezertxo ere, eta kalkulatzen dut 800 bat direla. Gaixotasunak dituzte, eta Marokoko armadaren erasoak pairatzen dituzte etengabe, bidean lapurretak eta sexu erasoak jasan ostean. Laburbilduz, egoera lazgarrian bizi dira. Biktimak dira, ez gaizkileak".

Espainiako hedabideetan hitzetik hortzera aipatzen dituzte mafiak eta antzekoak etorkinen taldeez ari direnean. "Nik han ez dut mafiarik ikusten, euren burua antolatzeko saioak baizik", zehaztu du Palazonek. "Normalean nor bere herrialdekoekin bizi dira, eta nazio komunitatearen arabera antolatzen dira. Nik dakidala, mafiak dira indarkeria erabiltzen duten talde antolatu handiak, pertsonak leku batetik bestera eramatetik etekina ateratzen dutenak; hori da, hain zuzen, Espainiako eta Marokoko gobernuek egiten dutena".

Antzeko zerbait pentsatzen du Mamadou Agnek; "Gazte horiek ez dira gaiztaginak. Euren erru bakarra bizimodua atera nahi izatea da. Horretarako jaioterria utzi dute, Marokora iritsi dira bidaia luze eta arriskutsu baten ostean, eta gero Marokon harrapatuta gelditzen dira, hainbat urtez kasu batzuetan, oso egoera zailean, muga igaro ezinik".

Agne ere ez dago ados zenbait hedabidek eman nahi duten irudiarekin, "errealitatetik oso urrun" dagoela iruditzen baitzaio: "Ez da justua horren inguruan horrelako aurreiritzi eta estereotipoak sortzea. Jende hori etengabeko arriskuan bizi da, oso egoera zailean daude eta, kasu askotan, gobernuz kanpoko erakundeen laguntza da euren sostengu bakarra".

Estereotipoekin jarraituta, esan eta idatzi izan da etorkin horietako batzuek jarrera oldarkorra erakusten dutela eta "harriak eta makilak" eramaten dituztela poliziari buru emateko. Palazonek dioenez, errealitatea oso bestelakoa da: "Hesien irudiak ikusi dituen edonork daki ezinezkoa dela horiek igarotzea eskuetan makilak edo harriak edukita. Harriak botatzen dituzten etorkinen irudi bakar bat ere ez dago, eta ez izan dudarik, horrelako irudirik egotekotan, nazkatu arte emango zutela telebistan. Gezur hutsa da".

Ceutako gertakarien harira azaleratu den beste errealitatea da bi hirietan dauden CETI edo Etorkinak Behin-behinean Hartzeko Zentroen egoera. Melillakoan, esaterako, 480 lagunentzako lekua dago, eta une honetan 1.300 baino gehiago daude. Palazonek onartzen du hango egoera zaila dela, "baina, hala ere, hesia zeharkatzea lortzen dutenean hara joatea izaten dute xede, horrek nolabaiteko segurtasuna ematen baitie; kalean harrapatzekotan badakite gerta litekeela zuzenean kanporatuak izatea. Dena dela, egon dira zentro horietan sei urte ere eman dituztenak, eta irten direnean psikologikoki oso kaltetuta atera dira".

Horren guztiaren atzean dagoen sakoneko arazoa da, Agneren aburuz, "Europa erabat itxita" dagoela. "Hegoaldeko jendeari ez diote sartzeko aukerarik ematen, mugimendu guztiak kontrolatzen dituzte. Iparraldekoek nahi duten lekura joateko eskubidea dute, eta hegoaldekoek, aldiz, oso prezio garestia ordaindu behar izaten dute".

Agneren ustez, irtenbidea ez da mugak ixtea: "Gertatu dena gertatu delarik ere, gazteek jarraituko dute sartzen saiatzen. Politika horiek ez dira egokiak arazoari buru egiteko: balantzea egiten badugu, ikusten dugu politika horiek abian jarri zirenetik ehunka lagun hil direla. Mugitzeko eskubidea giza eskubidea da, nazioarteko legeriak babesten du, eta ezin da galarazi hesiak eta zigorrak erabilita, are gutxiago horrek gizakien bizia arriskuan jartzen badu. Estatuak subiranoak dira, eta legeak ezartzeko eskubide osoa dute, baina lege horiek ezin dituzte nazioarteko legeria eta giza eskubideak urratu".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.