Asiar jatorriko lehen emakumezko presidenteordegai afroamerikarra bilakatu da bart gauean Kamala Harris. Alderdi Demokrataren kongresuko hirugarren egunean berretsi zuten alderdikideek haren hautagaitza. Kaliforniako senatariak Donald Trumpen aurka egiteko baliatu zuen kargu-hartze hitzaldia: «Kaosak noraezean utzi gaitu. Konpetentziarik ezak beldurtuta sentiarazten gaitu. Sentsibilitaterik ezak bakarrik sentiarazten gaitu. Gauza asko dira, eta hori da kontua: askoz hobeto egin genezake, eta gehiago lortu».
Bozkatzera joatearen garrantzia nabarmendu zuen Harrisek bere hitzaldian, eta ohartarazi hori dela modu bakarra Trump Etxe Zuritik atera eta boterea demokraten esku uzteko: «Ez da Joeri [Biden] eta niri buruzko kontua. Zuri buruzkoa da; zuei buruzkoa. Adin eta kolore guztietako jendea kalera irten da eta zuen-gure lagun eta senideekin hitz egiten ari dira denok elkarrekin bozkatzera joan gaitezen, osasun zerbitzuak izan ditzagun, bozkatzeko eskubidea izan dezagun eta denok elkarrekin bizimodu hobea lor dezagun».
Harrisek gurasoak eta familia izan zituen gogoan kargu hartze ekitaldian. Haren ama, Shyamala Gopalan, Indian jaiotako estatubatuarra zen, eta aita, Donald Harris, jamaikar jatorrikoa. «Amak erakutsi zidan besteen zerbitzura aritzeak zentzua ematen diola bizitzari», esan zuen.
Demokraten hautagaiaren aurretik, Barack Obama estatuburu ohiak hartu zuen hitza. Berez, Harrisen ondoren zen hitz egitekoa, baina agerraldia aurreratzeko eskatu zuen, botere aldaketa islatzeko asmoz. Izan ere, Obamak komunitate beltzari esker irabazi zituen hauteskundeak bitan, eta boto horiek behar dituzte Bidenek eta Harrisek Etxe Zurira heltzeko.
Trump jarri zuen Obamak jopuntuan, eta ohartarazi hura agintean dagoen bitartean «arriskuan» dagoela demokrazia. «Ia lau urte iraun duen agintaldi honetan, ez du inolako interesik agertu bere lanean, ezta gainerako kideekin akordioak lortzean ere, soilik bere interesak eta bere gertukoenak babestu ditu. Jendearen arreta erakartzeko zuzeneko beste telebista saio bat balitz bezala erabili du presidentetza. Trumpek ez du ezer ikasi tarte honetan, ez delako horretarako gai».
Biden bere presidenteorde izan zen garaia ere gogoratu du Obamak, eta nabarmendu adin eta belaunaldi desberdinetakoak izan arren «anaia bat eta lagun bat» aurkitu zuela harengan. «Joek [Biden] eta Kamalak [Harris] estatubatuar guztien alde egingo dute, eta gertutik zainduko dute gure demokrazia».
Alderdi Demokrataren kongresua gaur goizaldean amaituko da, Joe Bidenen hitzaldiarekin.