Anaia Musulmanen ostean oposizioko alderdi nagusia da Al Uadf. Parlamentuan, baina, sei ordezkari baino ez zituen lortu azaroko bozetan, nahiz eta beste kide batzuk independente gisa aurkeztu ziren —orotara 220 eserleku zituen bertan behera utzi duten Parlamentuak—. Al Uadf Egiptoko alderdi zaharrenetakoa da, liberal demokrata, eta historian funtsezko zeregina bete du. 1952ko iraultzan bertan behera utzi zuten, eta 1983an ekin zion berriz. Kamilia Shukri (Kairo, 1948) batzorde eragileko kide da eta politikan ari diren emakume bakanetakoa.
Hosni Mubaraken diktadura amaituta hurrengo bozak behingoz garbiak izango direla uste al duzu?
Bai, seguru. Iraultza hau beharrezkoa zen demokrazia ezartzeko. Eta hoberena izan da modu baketsuan egin dela erresistentzia; munduko iraultza baketsuenetakoa izan da. Gazteek ez dute indarra baliatu, eta eredugarria da beste herrialdeentzat. Harro sentitzen gara iraultza honetaz. Baita gure gazteez ere, diktadura bat amaitzeko gai izan dira eta. Alderdi Nazional Demokratikoko politikari zaharrek jazarrita eduki dute gazteria, eta orain, paradoxikoki, horrexek galdu ditu. Ahaztuta eduki dute, eta horregatik matxinatu da. Politikarioi lezioa eman digu, eta aurrerantzeangure eskuetan egongo da haren eskubideak bermatzea, duintasunez bizi eta lan egiteko eskubidea, etorkizun oparoa izan dezan.
Teknologia berriak erabakigarriak izan dira iraultzan, ezta?
Bidegabekeriak, ustelkeria eta pobrezia izan dira iraultza honen arrazoia, eta teknologia berriek tabu bat hausteko balio izan dute, isiltasunaren hesia apurtzeko, politikari zaharren jarduera amaitzeko. Ezustekoa izan da hori. Tahrir plazan aritu diren gazteek sare sozialak baliatu dituzte antolatzeko, 15 urtetik 30 urtera bitartekoek, baina orain ederra da ikustea nola denek bat egin duten, nola familia osoak joan diren plazara iraultza horren lekuko izatera. Ezin dut azaldu eragiten didan zirrara. Mubarak botatzeko gai izan gara eta gure duintasuna eskuratu dugu. Egiptoar izateaz harro gaude; eredu bat gara munduarentzat.
Oposizioa jazarrita egon da urteotan. Dena den, zuek ordezkariak zenituzten Parlamentuan…
Bai, baina iruzurra handia izan da. Gezurra baliatu dute etengabe. Diktadura krudela da. Nekazaritzarako, industriarako, hezkuntzarako eta osasunerako aurrekontua oso txikia da, baina Mubarakek bitartean dirutza eskuratu du. Langabezia ikaragarria dugu hemen. Orain dugun erronka nagusia hauteskunde garbiak egitea da.
Oposizioa oso sakabanatuta dago. Hori arazo bat izango al da?
Oposizioa antolatuta dago. Iraultza sustatu duten gazteak dira lider garbirik ez dutenak, eta bozetan lehiatzea nahi dugu. Anaia Musulmanekin lotu nahi izan dituzte, baina ez dute inongo loturarik; dena den, ez da aintzat hartu behar nazioarteak arabiar izatea eta demokraziarik eza lotzeko baliatu duen beldurraren estrategia.
Anaia Musulmanek bildu dute orain arte erregimenaren alderdiaren ostean boto gehien. Haiek irabaziko al dituzte iraileko bozak?
Ez. Turkiaren moduko eredu laikoa aldarrikatzen ari dira, baina nazioartera begira egindako keinua da hori. Ezagutzen ditugu eta ez dira lehen indarra izango.
Nor izango da Egiptoko hurrengo presidentea?
Egipton lider ugari eta oso pertsona baliagarriak ditugu ardura hori izateko. Dena den, nire ustez, ezustekoa izango da azkenera arte. Ahmed Zuail eta Mohamed el Baradei aipatzen dira eta nik badut faborito bat.
Zein?
Amro Musa Arabiar Ligako idazkari nagusi izandakoa. Ezaugarri guztiak betetzen ditu; nazioartean ezaguna da, herrian ere errespetatua da, eta, gainera, karisma dauka. Zuail pertsona egokia da, baina karisma falta zaio. Eta El Baradei, berriz, ez da oso aintzat hartua jaioterrian.
Alderdi bat eratuko al du?
Ez da beharrezkoa izango. Konstituzioak aukera emango die beren kabuz aurkezteko, independente.
Protestan aritu diren gazteek alderdi bat eratuko dutela uste al duzu?
Hori espero dut. Egin duten ahalegina errespetatu behar dugu, eta orain indarra dute eta hori baliatu beharko lukete.
Hau gertatuko zela pentsatzen al zenuen duela hilabete?
Ez. Baina ez nik eta ez beste inork. Mubarakek dena zuen kontrolpean: armada, Polizia, Parlamentua… Ustelkeria baliatuta, jende asko eraman zuen berera. Mohamed Ali eta Faruk erregea bezala arituko zela pentsatzen genuen, agintea semearen esku utzita. Beraz, une historikoa bizi dugu.
Al Uadf alderdiak zer espero du bozei begira?
Parlamentari kopurua bikoiztea espero dugu. Bi ganberetan hamabost ordezkari ditugu orain. Beraz, salto handia emango dugu. Salbuespen egoera kentzea, giza eskubideak errespetatzea, batasun nazionala bermatzea, langabeen kopuruari aurre egitea eta hezkuntza eta osasunera aurrekontu zabalak bideratzea izango dira gure helburuak. Alderdiaren leloa honako hau da: «Eskubideak indarraren gainetik daude; herria, gobernuaren gainetik».
Emakumeen Arabiar Ligako kidea zara. Zein da emakumeen egoera?
Atzerrian bizi izan naiz urte askoan, eta berdintasunaren eskubidea oso barneratuta daukat. Aldaketak datoz alde horretatik ere; gero eta emakume gehiago ari dira lanean. Eremu politikoan, berriz, bakanetakoa naiz lehen lerroetan ari direnen artean.
Emakume asko ikusten da hijabarekin, eta bakar batzuk ere burka beltzarekin. Zer diozu horretaz?
Hijaba eramatea emakumeen baitako erabakia dela uste dut. Garai batean emakume gutxiago ikusten ziren hemen zapiarekin, baina eztabaida hori ez da garrantzitsua, benetan eztabaidatu beharko liratekeen auzien inguruan arreta galtzea baitakar horrek. Emakumeek arazo larriagoak dituzte: langabe gehiago, baztertuta daude eremu askotan, eta eskubideen urraketa larriagoa pairatzen dute.
Protestak herrialde arabiarretan. Kamilia Shukri. Al Uadf alderdiko zuzendaritzakoa
«Harro gaude gure gazteez, diktadura luze bat amaitzeko gai izan dira eta»
Politikaren lehen lerroan aritzen diren emakume bakarretakoa izanik, garai berriak hori ere aldatuko duela espero du; salbuespen egoera kenduta, batasun nazionalen bidez herria eraikitzen hasteko irrikaz dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu