Eguerdian hartu du Kataluniako Generalitateko lehendakari kargua Artur Masek (CiU), Bartzelonan, eta "azken hiru mendeotako operazio nazional handiena" izango du aurretik, Masek berak lehengo astean zioenez, ERCrekin akordioa lortu ondotik. CiUk eta ERCk autodeterminazio galdeketa 2014an egiteko akordioa izenpetu zuten. "Demokraziak edozeren aurretik egon behar du", esan du Masek kargua hartzeko ekitaldian.
"Alderdi guztiak gonbidatzen ditut prozesura batu daitezen, eta kontra jartzen direnei eskatzen diet, ez dezatela hori egin Kataluniako eskubideak ukatzearen kontura", esan zuen Masek aurreko astean, eta kargua hartzean antzekoa adierazi du: "Akordioa irekia da, egungo egoerak herri oso baten ahalegina behar duelako".
"Talka" egitera doazen "bi itsasontzi" dira Espainia eta Katalunia harentzat. "Saihestu egin behar da". Katalunian ez badago aldaketa bat, noraezean joango gara, haitzetara", esan du, halaber.
Nuria de Gispert Kataluniako Legebiltzarreko presidenteak azaldu du bere hiztegian ez dagoela 'independentzia' hitza, "baina bai 'estatu propioa'", eta hori federala, konfederala edo independentea izan daitekeela. Kataluniak, gutxienez, itun fiskala, burujabetza kulturala eta munduan ahotsa izan behar dituela esan du De Gispertek. Galdeketa egiteko "legearen bidea" jarraitu behar dela uste du.
Kargu hartzeko ekitaldian izan da Espainiako Gobernuaren ordezkaririk: Cristobal Montoro Ogasun ministroa. Txistuak jo dizkiote Generalitatearen kanpoaldera iritsi denean han bilduta ziren herritarrek. Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakari kargua hartu zuenean ere Montoro izan zen ekitaldian.
Azaroaren 25ean legebiltzarrerako hauteskundeetan CiUk 50 legebiltzarkide lortu zituen, ERCk 21, PSCk 20, PPk 19, ICVk 13, Ciutadansek 9 eta CUPek 3. Autodeterminazioaren aldeko indarrak parlamentuaren %64 dira.
Generalitateko 129. presidentea
Generaliteko 129. presidentea izango da Mas, aintzat hartuta erakundea 1359an eratu zutela.
1975ean frankismoa bukatu zenetik, berriz, bost agintari izan dira:
- Josep Tarradellas (ERC): 1977-1980, behin-behinean —1954tik zuen kargua; ordutik 1977ra erbestean izan zen—.
- Jordi Pujol (CiU): 1980-2003.
- Pasqual Maragall (PSC): 2003-2006.
- Jose Montilla (PSC): 2006-2010.
- Artur Mas (CiU): 2010-?.