Hartzak haizatu du arranoa

AEBek 2001ean Kirgizistanen zabaldutako aire basea itxi egingo du Bishkekeko gobernuak. Errusiaren satorlanak zerikusi nabaria du erabakiarekin.

2009ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Errusiako hartzak ez zuen begi onez ikusi Ameriketako Estatu Batuetako arranoak bere hegalak Kirgizistanen zabaldu izana, 2001etik. Orduz geroztik, AEBetako armadaren base militar bat dago Bishkek hiriburutik kilometro gutxira kokatua den Manas herrian. Bertan, 1.200 soldadu estatubatuar baino ez daude, baina base horrek garrantzia estrategiko handia du Washingtonentzat. Izan ere, gero eta gehiago Manastik igarotzen da Afganistanerat bidalitako tropa estatubatuarren hornikuntzarako bidea. Pakistango bideak, berriz, gero eta arriskutsuagoak bilakatzen ari dira AEBentzat.

Bide berriak aurkitu beharko ditu, dena den, Afganistanera 30.000 soldadu gehiago bidaltzea ontzat hartu duen Barak Obamak. Ezen, Kirgizistango presidente Kurmanbek Bakievek dekretu bat izenpetu zuen atzo, Manasko basea ixteko eskaria Legebiltzarrean aurkezteko. Parlamentuak gaur bertan azter dezake eskaera, eta zalantzarik ez dago baiezkoa emango diola, Bakieven indar politiko Ak Jol baita gehiengo osoaren jabe.

Kurmanbek Bakievek hartutako erabakia azaltzearren, Kirgizistango Gobernuko eledun batek hauxe adierazi zuen atzo: «Zortzi urte igaro dira base militarra eratzeko akordioa lortu zenetik; garai hartan nabari zitekeen mehatxua gaur egun jada ez dago; Afganistanen instituzio berriak eratu dira, Konstituzioa onartu da, presidentea aukeratu dute eta Gobernu bat osatu; hortaz, baldintza guztiak beteta daude Afganistanen aginte publiko batek modu normalean jardun dezan».

1.556 milioi euroko mailegua

Legebiltzarrak Manas ixteko agindua eman eta gero, AEBetako armadak sei hilabeteko epea izango du hura betetzeko. Atzo, baina, Bakieven ekimenaren berria zabaldu aurretik, AEBen Bishkekeko enbaxadan geroaz baikor zeuden arduradunak. «Kirgizistango agintariekin hizketan jarraitzen dugu, Manasko basearen etorkizunari buruz».

Aire basea ixteko erabakiaren berri Moskun eman izana ez da, eiki, kasualitate bat izan. Errusiak berak badu base militar bat Bishkeketik hurbil. Baina Moskuk ez du sekula begi onez ikusi AEBek sudurrik sar zezaten, Sobietar Batasunaren garaian, bere eraginpean zen lurraldean. Alabaina, Kirgizistango presidenteak hartutako erabakiarekin zerikusia izan du ere, duda barik, Moskuk herenegun iragarritako laguntza neurriak. Errusiako presidente Dmitri Medvedevek eta Bakievek iragarri zuten Moskuk 1.558 milioi euroko mailegua luzatuko diola Bishkeki. Dirutza hau da Kirgizistanen barne produktu gordinaren erdiaren neurrikoa da. Horrez gain, Errusiak 117 milioi euroko diru laguntza emango dio Kirgizistango Gobernuari.

Errusiak hitzemandako diru laguntzak Manas ixteko erabakiarekin zerikusirik ez duela ziurtatu du, baina, Kirgizistango Atzerri ministro Kadirbek Sarbaievek. Horrek esan du, gainerat, bai Kirgizistanek, bai Errusiak bat egiten jarraitzen dutela «terrorismoaren kontrako borrokan». Sarbaieven esanetan, Errusiako Federazioak eta Kirgizistango Errepublikak nazioarteko komunitatearekin bat egiten jarraituko dute, baita Afganistanen ere .
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.