Haserrea handituz doa

Israelen inoiz izandako protesta handienak egiten ari dira egunotan; aldarrikapenak aintzat hartu eta «lehentasun nazionalak moldatzeko» prest agertu da Netanyahu.

Ane irazabal
Tel Aviv
2011ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Hebreeraz bada umeei alfabetoa irakasteko erabiltzen den abesti famatu bat. Bertan, A letrak kanpadenda esan nahi du, eta B letrak, etxea. Asteotan geure egin dugu abestia, kanpalekuetatik etxebizitza bat izateko eskubidea aldarrikatzen baitugu». Tel Aviveko Rothschild bulebarrean dago Idan. Milaka gaztek bezala, bertan kanpatuta pasatu ditu azken hiru asteak. Eta dagoeneko urduri jarri dute Benjamin Netanyahu. Hainbat urteko axolagabetasun eta konplizitatearen ostean, gogoz atera dira herritarrak kalera, eta historiako inoizko protesta handiena bihurtu da oraingoa.

Atzo, hainbat aldarrikapen jasotzen dituen dokumentu bat kaleratu zuten protesta egileek, klaseen arteko desorekak murrizteko eskatuz. Lehen ministroa bera prest agertu da «lehentasun nazionalak moldatzeko» eta «aldaketa sakon bat egiteko», eta, horretarako, batzorde bat osatu du. Eta Knesset ere (Israelgo Legebiltzarra), ezohiko saio bat egitekoa da gaur, auzia aztertzeko.

Iragan larunbateko elkarretaratzearen ostean etorri dira promesak. Egun horretan 300.000 lagun inguru batu ziren hiriburuko kaleetan, hirian gogoratzen den manifestaziorik jendetsuenetarikoan. Oihuen artean, nagusi ziren gobernuaren gelditasunaren aurkako leloak. Liana Mairamek harriturik begiratzen zion jendetzari: «Israelen horrelako mugimendu bat pentsaezina zen duela gutxira arte. Orain, baina, gero eta gehiago gara». Tel Avivekoa, halere, ez zen manifestazio bakarra izan. Jerusalemen 20.000 lagun batu zituen protestak, eta beste hirietan ere milaka izan ziren haserretuen deiari erantzun ziotenak.

Politika, aho txikiz

Mugimenduak arrakasta espontaneoa izan duela azaldu dute hedabideek. Izan ere, duela hilabete gazte talde batek sare sozialen bidez gaztanberaren prezio altuaren aurka boikota egitera deitu zuenean, gutxik imajina zezaketen bizimoduaren garestitasunaren kontrako protesta bihurtuko zela. «Hasieran bost pertsona bildu ziren Rothschilden, eta astebeteren buruan gainontzeko hirietara zabaldu zen protesta», nabarmendu du ikasleen sindikatuko Tal Arbelik. Geroztik, etxebizitzaren balioaren aurkako deia bilakatu da haserretuen marka.

Kritikarik zorrotzenak azken urteetako gobernuek ezarri duten sistema ekonomikoaren kontra dira. «Politika neoliberala alde batera utzi eta ongizate estatua ezarri nahi dugu. Etxebizitzaren prezioaren arazoa larria da, baina pribatizazioaren atzaparrak esparru guztietara heltzen dira, baita osasun sistemara eta irakaskuntzara ere», azaldu du Amir Harashek. Uste bera du Liran Tahar-ek, Hashome Hatzair erakunde sionistako eta sozialistako kideak: «Kibbutz batean hazi nintzen, eta hau ez da nik nahi dudan gizartea, zerbitzu sozialen pribatizazioa alde batera utzi eta herritarrez arduratu behar du ostera ere gobernuak».

Sistema ekonomikoaren erreforma eskatzen dute, baina hori alde batera utzita, haserretu gutxik aipatzen dute testuinguru politikoa. «Protesta soziala da hau, ez politikoa», entzuten zaie behin eta berriz, kazetariek kolonietako etxebizitzen prezio baxuei buruz galdetzen dietenean. «Israelen eta Palestinarren arteko liskarrek ez dute zer ikusirik mugimendu honekin», dio Tal Arbelik. «Justizia soziala nahi dugu, besterik ez».

Azken egunetan, baina, diskurtso politikoa sartzen hasi dira protestetan parte hartzen ari diren zenbait talde. «Zisjordaniako kolonietan apartamentu berri bat eros daiteke 20.000 dolarren truke. Tel Aviven, berriz, ezinezkoa da etxe bat erostea, 500.000 dolar izan ezean. Itsu al gaude?», dio Rachelek, Okupazioa bertan behera utz dezagun dioen kartel bati eusten dion bitartean.

Idazlea da Amir Harash, eta honela ikusten du egoera: «Israelgo ekonomiaren osasuna primerakoa da, baina estatuaren aurrekontuaren gehiena defentsan eta kolonietan inbertitzen da, eta herritarrek ez dute oparotasunaren poltsatik ezer jasotzen». Liana Mairam ere ados dago: «Estatuaren politika argia da; azken hamar urteetan eraiki diren kolonien erdiek estatuaren diru laguntza jaso dute, baina herritarrok ez dugu laguntza sozialik, eta inor gutxi ausartzen da jendaurrean salatzera».

Talde heterogeneoa eta askotarikoa osatzen dute haserretuek, eta hainabt sektore batzea lortu dutela aldarrikatzen dute, harro: «Ikasleak, anarkistak, familiak, gazteak, talde eskuindarrak, erlijiosoak, etorkinak, arabiarrak... denak gaude, lehen aldiz, borroka berean», zehaztu du Amir Levyk. «Norberak bere iritziak soilik ordezkatzen ditu», azaltzen die bere denda bisitatzera hurbiltzen den jakin-nahi orori. Alabaina, oinarrizko ondasunen prezioak jaisteko erreformak eskatzeaz gain, ezer gutxik batzen ditu talde horiek guztiak.

'Israelgo uda'

Protesten inguruko arreta mediatikoa eta politikoa klase ertainean dago, batez ere unibertsitateko ikasleen eta langile gazteen artean. Rothschild bulebar dotorea da haien gotorlekua. Beste taldeak gune periferikoetan ezarri dira. «Hamahiru urte daramatzat etxerik gabe; zer uste dute familia oneko gazte hauek, egun batetik bestera sistema aldatuko dutela?», esan du Rozik; hala ere, bera ere protestetan parte hartzen ari da.

Hedabideak, bitartean, herrialde arabiarretan gertatzen ari diren beste protestekin antzekotasunak bilatu nahian dabiltza, eta Israelgo uda deitu diote mugimenduari, kanpalekuetan irakur daitekeen Gure Tahrir esaldiari aipu eginez. «Udaberri arabiarra inspirazio bat izan da guretzat, erakutsi baitigu kalera irtenez gero pentsaezinak diruditen gauzak lor ditzakegula», adierazi du Idanek. Aitzitik, iraultza hitza gutxi entzuten da kanpalekuetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.