Mahoma iraintzen duen bideoa dela-eta iragan astean herrialde musulmanetan piztutako protesta masiboek jarraipena izan dute aste honen hasieran. Manifestazio jendetsuenak Libanon egin dituzte, hein handi batean Hezbollah alderdi xiitak deitu dituelako. Hassan Nasrallah alderdiko buruak AEBetan eta Israelen paratu du bideoaren erantzukizuna bertze behin, eta Washingtoni egotzi dio musulmanen eta kristauen arteko zatiketa bilatzea. Tentsioa itzali ez den adierazle, AP agentziak argitaratutakoa: AEBek material sekretua erre dute Beiruteko enbaxadan. Istilu larrienen berri, ordea, Pakistanek eta Afganistanek eman dute. Pakistanen, Poliziak manifestari bat hil du tiroz, eta jada dozenatik goiti dira iragan astetik mundu osoko protestetan hildakoak. Afganistanen, Kabul hirian istilu gogorrak izan dira, eta, agintarien arabera, 50 polizia zauritu dira.
Hori izan da, hain zuzen, Nasrallahek egin duen ohartarazpena: «Gure amorrua ez da izanen aldi baterako, umma osoan [islamaren lurraldean] jarraituko duen mugimendua izanen da». Israelen aurkako azken gerra bukatu zenetik (2006), Hezbollaheko burua ezkutuan bizi da. Igandean hark egin zuen protestetarako deialdia, eta atzo manifestazio nagusian agertu zen, Beiruten hegoaldean. Milaka lagun elkartu dira Profeta handienari leialtasuna lelopean, orain arteko manifestazio jendetsuenetakoan.
Material sekretua erretzen
APk argitaratutako informazioaren inguruan, AEBetako Estatu Departamentuak adierazi du Beiruten enbaxadak ez duela «berehalako mehatxurik». APk argitaratu duena Estatu Departamentuaren barne agiri bat da. Horren arabera, Beiruteko enbaxadak bere larrialdi prozedurak «berrikusi» ditu, eta «material sekretua erretzeari ekin dio».
Iragan astean ere protesta jendetsuak egin zituzten Libanon. Tripoli hirian, iparraldean, armadak lagun bat hil zuen tiroz. Adnan Mansur Atzerri ministroak Nabil el-Arabi Arabiar Ligako idazkari nagusiari eskatu dio larrialdiko bilkura bat antolatzeko islamaren aurkako bideoari buruz eztabaidatzeko. Atzerri Ministro Arabiarren Kontseiluko presidentetzan dago Mansur.
Libanotik urruti, Pakistanen, igandeko protesta handiek segida izan dute. Gertakari larriena Warai herrian gertatu da, Afganistango mugan dagoen Khyber Pakhtunkhwa probintzian. Poliziak lagun bat hil du han manifestazio bat tiroka sakabanatzean. Hiri handienetan ere izan dira protestak: Peshawarren, milaka ikasle atera dira karrikara; Lahoren, abokatuek egin dute manifestazioa, eta Karachin, Poliziak tiro egin du AEBen kontsulatu parean egindako elkarretaratzea desegiteko.
Afganistanen, berriz, Kabul izan da protesten erdigunea. Poliziako iturri batek hedabideei adierazi dienez, 50 polizia zauritu dituzte istiluetan. Barne Ministerioak ez du datu hori eman, baina hiru polizia larri daudela erran du. Manifestaririk zauritu duten ez dute erran.
Gainerakoan, berriz ere mobilizazio andana egin da hainbat herrialdetan: Yemenen, Indonesian, Filipinetan, Indiaren menpeko Kaxmirren, Zisjordanian...
Bideoaren eta protesten harira sortutako erantzun eta eztabaida mugimenduak bizi-bizirik segitzen du. Tunisian, adibidez,AEBetako ehun herritar ebakuatu dituzte iragan ortziralean manifestariek Tunis hiriburuan enbaxadari eraso ziotenetik. Yemenen, berriz, Poliziak bortz lagun atxilotu ditu iragan ortzegunean AEBen enbaxadari eraso ziotelakoan. Washingtonek 50 marine bidali ditu Yemenera, eta eztabaida izan du hango gobernuarekin, Sanak ez baitu hartu nahi AEBetako militar gehiago. Libian ere segurtasunik eza kritikatu zutenAEBek enbaxadako erasoaren ondoren, eta Tripolik kargutik kendu ditu Bengazi hiriko segurtasun arduradun nagusiak.
Bideoa debekatzeko eskaera
Errusian, fiskaltza nagusiak jakinarazi du Musulmanen inozentzia bideoa debekatzeko eskatuko duela, «fededunen sentimenduak mindu eta gorroto etnikoa sustatzeagatik». Errusiako 20 milioi herritar musulmanak dira, horietako anitz independentzia aldarrikatzen duten mugimendu indartsuak dituzten Kaukasoko errepubliketan. Irango Fiskaltza Nagusiak, berriz, jakinarazi du bideoaren egileak prozesatzeko asmoa duela, eta gauza bera egiteko eskatu die herrialde islamiko guztiei. Kontrako aldean, Alemaniako Pro Deutschland eskuin muturreko taldeak bideoaren zatiak jarri ditu bere webgunean.
Haserrea itzali gabe
Hezbollaheko buruak adierazi du Mahoma iraintzen duen bideoak sortutako amorrua ez dela izanen soilik «aldi baterako»Pakistanen lagun bat hil dute, eta dozenatik goiti dira mundu osoko istiluetan hildakoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu