Haserrearen metxa

Prezioen igoera dela-eta Zisjordanian egin diren manifestazioak hedatzeko aukerak egoera deserosoa sortu dio PANiHamasek aitortu du posiblea dela protestak Zisjordaniatik Gazara ere hedatzea

Ane irazabal
Ramallah
2012ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Norberak bere buruari su emateak esanahi politiko garbia eskuratu du Ekialde Hurbilean. Mohamed Buazizik piztu zuen metxa Tunisian, eta geroztik, oinarrizko eskubideen alde herritarren haserrea erakusteko ikurrik esanguratsuena bilakatu da.

Horregatik, iragan asteazkenean Ramallahen gizonezko bat bere buruari eta bere alabari su ematen saiatu zenean, alarma guztiak piztu ziren palestinarren artean. Hainbat iturriren arabera, minbizia daukan alabaren tratamendua ordaindu ezin duelako egin zuen Hasan Qahwaji izeneko gizonezkoak ekintza. Herritarrek berandu izan baino lehen gelditu zuten. Egun bat lehenago, beste bi gizonezko bere buruari su ematen saiatu ziren Hebronen eta Gazan. Bigarrenak bere helburua lortu zuen.

Orduz geroztik, PAN Palestinako Aginte Nazionaleko Mahmud Abbas presidenteak Qahwajiri laguntza ekonomikoa berretsi dio, eta Jordaniako Abdullah erregea ere laguntzeko prest agertu da. «Agintariak herritar xume baten ekintzen beldur dira», adierazi du Mohamed Tamimi ekintzaileak.

Qahwajirik eta beste bi herritarrek palestinarren kontzientzia xaxatu dutela dirudi. Israelgo okupazioaren eta ia eskumenik ez duen gobernuaren artean itota, beren bizi-kalitatea biziki okertu dela sentitzen dute. Elikagaien eta gasolinaren prezioa %5 inguru igo da, eta PANek ez ditu langile publikoen udako soldatak ordaindu.

Salam Fayyad lehen ministroa dago kritika guztien erdian. Palestinarrek garapen ekonomikoaren inguruan Israelekin sinatu zuten Parisko Protokoloaren ordezkaritzat hartzen dute, eta bizi-kalitatearen beherakada hari egozten diote. Fayyadek, ordea, bere burua defendatu du. Kargua uzteko prest egongo litzatekeela esan dio Palestinako irrati bati, baina finantza krisiaren errudun ez dela irizten dio. «Politika ekonomiko berri bat behar dugu», adierazi du irratian. Alta, lehen ministroak onartu du ezin dituela langile publikoen abuztuko soldatak ordaindu, emarien diruari itxaroten ari direlako. «Israelgo okupazioaren eta banaketa nazionalaren artean gobernuak ezin die inportazioen prezioei aurre egin».

Tamimiren ustez, Fayyaden hitzek berretsi egin dute Palestinako ekonomia «parasito» bilakatu dela: «Egoera zeharo irreala da, Israelgo okupazioak eta gure ordezkaritzat hartzen den Palestinako sasi gobernuak hala egin dutelako».

Abbas, errukitsu

Begirada guztiak Mahmud Abbas presidentean jarri dira orain. Kairotik egindako adierazpenean bere «babesa» erakutsi die manifestariei eta nabarmendu du herritarren eskakizunak «zuzenak eta justuak» direla: «Palestinako udaberria hasi eta bat egiten dugu herritarrek diotenarekin».

Atzo Ramallahen egindako prentsaurreko batean bere hitzak berretsi zituen, eta adierazi zuen PANek ez dituela manifestariak geratuko, izaera baketsuari eusten dioten eta jabetza publikoei kalte egiten ez dieten bitartean: «Herri protesta baketsuen aldekoa naiz, okupazioaren kontra edota PANen aurka badira ere».

Presidenteak manifestarien kontra egin ez izanak gobernuaren barruko estrategia bat erakusten du, aditu askoren iritziz. Izan ere, manifestazioetan Poliziaren presentzia nabaria da, baina ez dute manifestarien aurka erantzuten, beste aldi batzuetan gertatu ohi den bezala. Kalean askok elkarri egiten dizkioten galderak: Abbas Fayyadengandik bereizten ari al da? Desadostasunak al daude PANen barruan?

«Abbas polizia onaren rola jokatzen ari da, baina berez Fayyadek egindako politika guztiei oniritzia ematen die. Errua agintari guztiena da», oihukatzen du Asma deituriko neska batek, Yasser Arafaten egoitza izan zen Mukata eraikinaren kanpoaldean.

Nolanahi ere, PANeko lider batzuk azkar atera dira Fayyaden alde. Nabil Shaathek onartu du palestinarrak biziki pobretu direla, baina okupazioari egotzi dio erantzukizuna: «Manifestariak etsaiaz nahasi dira, baina ezin diegu errua bota, asko sufritzen ari direlako».

Palestinarren haserrea, baina, gorantz doa. Nablus, Ramallah eta Hebron, Zisjordaniako motor ekonomikoa diren hiriak bilakatu dira manifestazioen epizentro. Betleemen ere kamioilariek hiria zeharkatzen duen errepide nagusia blokeatu dute hiru egunez. Beste ehunka herritarrek ere manifestazioa egin zuten ostegun arratsean: «Nora doa PANek nazioarteko komunitatetik jasotzen duen diru guztia? Israelekin segurtasuna sendotzeko erabiltzen dute. Eta herritarrak zer?», adierazi du Tariq izeneko kamioilari gazteak.

Udaberri palestinarra?

Bitartean, Gazan ez da oraindik protesta egiteko asmorik nabari. Baina Hamasen gobernuak ez du ahazten duela astebete 21 urteko mutil batek bere buruari su eman ziola. Mousa Abu Marzouq Hamasko ofizialak adierazi duenez, posiblea da Zisjordanian hasi diren protestak Gazara zabaltzea. Haatik, Gazako egoera «desberdina» dela argi utzi nahi izan du. Gazak pairatzen duen pobrezia Israelgo blokeoari egotzi, eta hitz gogorrak erabili ditu Abbasen gobernuaren aurka: «PANek erabaki ausarta hartu behar du berandu baino lehen. Erakunde independente bat sortzeko lehen pauso gisa sortu zen PAN, baina kontrakoa gertatu da». Marzouqen arabera, Abbasek Israelekin «apurtu» beharko luke, baina ez du uste hala gertatuko denik: «PAN ez da eroriko Israelek hala nahi ez badu edota palestinarrek egoera aldatzeko erabaki irmoa hartzen ez badute».

Nolanahi ere, protestak ez dira oraindik jendetsuak eta ez dute palestinarren sektore garrantzitsua osatzen duten ikasleak batzea lortu. Ikusteko dago beste talde batzuk datozen egunetan batuko zaizkion. Oraingoz, taxilariek biharko greba orokorrera deitu dute lurralde okupatuan. Tamimiren iritziz, diskurtso edo mugimendu politiko berri batean egituratu behar da haserrea: «Ez da nahikoa prezioen kontra protesta egitea. Egoera honetara zerk ekarri gaituen jakin eta horri eraso egin behar diogu». Gasolinaren prezioa izan daiteke aitzakia, eta okupazioa zein ustelkeria arrazoiak. Iraultzaren metxa piztuko den palestinarrek erabaki beharko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.