Parte-hartze eskasa izan zen atzo Kosovon egin ziren hauteskundeetan, eta Hashim Thaci lehen ministroaren alderdiak, Alderdi Demokratak (PDK), botoen %31rekin irabazi ditu hauteskundeak. Bigarren alderdi bozkatuena Liga Demokratikoa (LDK) izan da, botoen %25arekin. LDKk jada iragarri zuen ez zuela PDKrekin koaliziorik egingo, eta ikusteko dago orain nola jokatzen duen Thaciren alderdiak, legearen arabera berari baitagokio gobernua osatzeko pausoak ematea.
Botoen kontaketa alde batera utzita, ordea, aipagarria da kosovarren %47,5 ez dela bozkatzera joan. Serbiarrek osatzen duten gehiengoa %10ekoa da Kosovon, eta horiek ez zutela bozkatuko jakina izan arren, abstentzioaren datua espero baino altuagoa izan da. Adituek diotenez, zer ikusirik izan dezake egoera ekonomikoak, izan ere langabezia %47koa da Kosovon, eta ustelkeria ere, Thaci horren aurka nabarmendu den arren, handia da. Hain zuzen, Gobernuaren kontrako botoa bildu duen alderdiak, Autodeterminazioa izenekoak, hirugarren alderdi bozkatuena izan da, botoen %16arekin.
Emaitza guzti horiek, nolanahi, behin behinekoak dira, eta gaur egunean zehar emango ditu azken emaitzak jakitera Hauteskunde Batzordeak. 2008an independentzia aldarrikatu zuenetik lehen haustekundeak ziren atzokoak. Aipagarria da 2007ko hauteskundeetan, oraindik ere Serbiaren parte zelarik, abstentzioa %40,1ekoa izan zela. Atzokoan normaltasunez egin ziren hauteskundeak, nahiz eta Serbiarekin muga egiten duten eskualdeetan zenbait istilu izan ziren, tartean, NATOko soldaduen aurkako tiroketa bat.
Kosovo
Hashim Thaci lehen ministroak irabazi ditu hauteskundeak, %50eko abstentzioarekin
Independentzia aldarrikatu ondorengo lehen hauteskundeetan nabarmena izan da parte-hartze eskasa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu