Hasi dute 151 politikari eta ekintzaile kurduren aurkako auzia Turkian

Auzipetutakoak bizi osorako kartzelara zigor ditzakete, «legez kanpoko talde armatu bateko kide» izateaz akusatuta

arantxa elizegi egilegor
2010eko urriaren 19a
00:00
Entzun
Segurtasun neurri zorrotzez inguratuta eta bereziki horretarako eraikitako auzi gelan hasi zuten atzo 151 ekintzaile eta politikari kurduren aurkako epaiketa. Giza eskubideen aldeko erakundeek «auzi politikotzat» jo dutena bizi osorako kartzela zigorrekin amai daiteke haietako hainbatentzat. Besteak beste, «legez kanpoko talde armatu bateko kide» izatea, Turkiako «batasun nazionala urratzea» eta «legez kanpoko protestak antolatzea» leporatzen diete. Akusatuen aulkian eseriko direnen artean, berriz, hamabi alkate eta giza eskubideen aldeko hainbat ekintzaile daude. Tartean, Diyarbakirgo alkate Osman Baydemir eta Giza Eskubideen Elkarteko buruzagiordea, Muharren Erbey, kurduen eskubideen aldeko borrokaren ikurretako bat. «Euren kultur eskubideak aldarrikatu eta beren iritzia agertzeagatik epaituko dituzte politikari kurduak. Horien atxiloketa adierazpen askatasunaren aurkako ekintza da», gaitzetsi du Nazioarteko Giza Eskubideen Federazioko presidente Souyahr Belhassenek.

Ehunka poliziak zaintzen dituzte gau eta egun epaitegiaren inguruak, eta kazetariei ere debekatu egin diete akusatuei argazkiak ateratzea. Segurtasun neurri horien ondorioz, bi orduz atzeratu zen auzi saioa. Diyarbakirgo espetxeetan preso dauden 103 akusatuak ibilgailu blindatuetan eraman zituzten epaitegira. Fiskaltzaren 7.500 orriko akusazioaren arabera, KCK Kurdistango Herriko Konfederazioa erakunde politikoak milizianoak errekrutatzen zituen PKK Kurdistango Langileen Alderdiarentzat, eta aldi berean, udal eta Legebiltzarrerako bozetarako hautagaiak izendatzen. «Alkateek KCKri eman behar zizkioten lehenengo bi soldatak, eta funtzionarioek, berriz, euren irabazien zati bat eman behar zioten erakundeari hilero», dio akusazioak. Fiskaltzaren ustetan, diru hori gerrilla finantzatzeko erabiltzen zuten.

Ez dira, baina, iritzi berekoak defentsako abokatuak eta akusatuen gertukoak. «Kurduak isiltzea da honen guztiaren helburua. Talde armatu gabeko kide armagabe gisa epaituko dituzte gure bezeroak. Horrekin ikusiko da nolakoa den Turkiako demokrazia», nabarmendu du Meral Danis Bestas abokatuak.

Gaur jarraituko du

Auzi saioa atzo hasi arren, gaur arte atzeratzea erabaki zuten epaileek, defentsako abokatuek epaiketa kurdueraz egiteko eskaera aurkeztu ostean. Akusatuek eurek ere kurdueraz erantzun zituzten epailearen galderak. «Nork bere burua ama hizkuntzan defendatzea oinarrizko eskubidea da, eta guk eskubide hori erabili nahi dugu», adierazi du Hatip Dicle auzipetuak. Bestetik, magistratuek gaitzetsi dute auzia 18 hilabetez atzeratu izana bera «zigorra» dela, eta iragarri dute Europako Giza Eskubideen Auzitegira joko dutela.

«Onartezina da gure lagunak 18 hilabetez preso edukitzea soilik euren iritzia adierazteagatik. Bakerako gure borondatea urratzeko ahalegina besterik ez da epaiketa hau», salatu du legez kanpo utzitako Gizarte Demokratikorako Alderdiko buru ohi Ahmed Turkek. Harekin bat etorri da Diyarbakirgo alkate eta auzipetuetako bat, Osman Baydemir: «Kurdistango legezko alderdien aurkako ekintzarik adierazgarrienetariko bat da hau. Mugimendu kurdua kriminalizatzea da Turkiako Gobernuaren azken helburua». Haren iritziz, epaiketa luzatzea auzipetuak «torturatzea» litzateke.

KCK operazioa deritzona iazko apirilaren 14an hasi zuten, udal hauteskundeak egin eta gutxira. Geroztik, 2.200 lagun atxilotu dituzte, eta horietatik 1.500 inguruk preso jarraitzen dute, Bakea eta Demokrazia Alderdi kurduaren arabera. Gaur arte soilik gutxi batzuk epaitu dituzte. Tarte berean, Turkiako lehen ministro Recep Tayyip Erdoganek gatazka elkarrizketa bidez konpontzeko borondatea agertu izan du jendaurrean, baita bilerak antolatu ere Abdullah Ocalan PKK-ko buruarekin; gaur arte, baina, ez dute akordiorik lortu.

Ocalanek, bere aldetik, hilaren 31 arteko epea eman dio Ankarari abuzturen 13an aldarrikatutako su-etenari erantzuteko. Abokatuen bidez helarazitako oharrean negoziazio mahaira itzultzeko eskatzen dio buruzagi kurduak Erdoganen gobernuari, eta ohartarazten du ez duela parte hartuko PKK eta Turkiaren arteko gerran, azkenak bake eskaintzari uko eginez gero.



Nazioarteko ehundik gora begirale ari dira epaiketa jarraitzen Diyarbakirren

Europako Batasunetik joan dira Turkiaren menpeko Kurdistanera KCK operazioa delakoa gertutik jarraitzeko asmoz. Horien artean bada euskal herritarrik ere, besteak beste, EAJko parlamentari Iñigo Iturrate, Aralarreko koordinatzaileorde Jon Abril eta Arabako batzarkide Iñaki Aldekoa. Nazioarteko begiraleek atzo arratsaldean egindako bilkura berezian epaiketa salatu eta Europan kurduen egoeraren berri emateko konpromisoa hartu zuten.

Iturratek «erlijio, hizkuntza eta kultura aniztasunaren aurka» aritzea egotzi dio Ankarako gobernuari. «Hizkuntza, erlijio eta nortasun bakarra ezarri zuten indarrez, eta armada sortu zuten herrialdeko errealitatea suntsitzeko». Aralarrek ere, prentsa ohar baten bidez, gaitzetsi du ez dagoela inolako berme politikorik epaiketaren garapenerako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.