Oso txosten gogorra aurkeztu du Nazio Batuen Erakundeak Vatikanoaren kontra. Eliza Katolikoan haurrek jasan dituzten sexu gehiegikeriak aintzat hartuta, Vatikanoak "abusuak betikotzea eta gehiegikerien egileak zigorrik gabe geratzea" ahalbidetu duten politikak bultzatu dituela uste du Haurren Eskubideei Buruzko NBEren Batzordeak. Halaber, NBEk uste du Vatikanoak inoiz ez duela onartu nahi apaizek eragindako krimenen neurria.
Dozenaka mila haurrek jasandako gehiegikeriei buruz Eliza katolikoak dituen agiri guztiak emateko eskatu dio NBEren batzordeak Vatikanoari, eta sexu gehiegikeriak egin dituzten edo horren susmagarri diren apaizgoko kide guztiak berehala botatzeko ere eskatu dio.
Iragan hilabetean elkarrizketatu zituen NBEren batzordeak Vatikanoko arduradunak, eta, Eliza katolikoaren barruan halako gehiegikeriak izan direla aitortu arren, xehetasunik ez zuten eman nahi izan.