KATALUNIAKO LEGEBILTZARRERAKO BOZAK

"Hausnartzera" dei egin dio Zapaterok PPri

Igandeko emaitzak kezkaz hartu dituzte Espainiako alderdi nagusiek, batez ere ERCren gorakada

2003ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Espainian kezkaz hartu ziren atzo Katalunian igandean eginiko Legebiltzarrerako hauteskundeen emaitzak. ERC zuzenean aipatu gabe, baina alderdi independentistaren gorakada seinalatuta, «emaitzok gure herrialdearen etorkizunarentzat esan nahi dutena kontu handiz eta adimen historikoz» irakurtzeko dei egin zion atzo Espainiako Alderdi Popularrari Jose Luis Rodriguez Zapatero PSOEko idazkari nagusiak. Madrilen agintean den alderdiari «lurraldearen batasunaren gaian zein puntuan» dauden hausnartzeko eskatu zion Zapaterok, atzo The Economist aldizkariak Espainiako hiriburuan antolaturiko jardunaldietan.

ERCren gorakada Espainiaren egonkortasunarentzat «albiste kezkagarria» dela esan zuen, bestalde, Mariano Raxoi Alderdi Popularreko idazkari nagusiak, «eztabaida politikoa zuhurtziatik urruntzen duelako». Honez gain, Convergencia i Unio alderdiari «muturreko jarrerarik» ez hartzeko, eta koalizio gobernua osatzerakoan ERCk egin diezaiokeen presio edo eskaerei amore ez emateko dei egin zion Raxoik. Beste alderdiek Kataluniaren estatutua erreformatzeko eskatu arren, berrikuntzarako beharrik eta kontsentsurik ez dagoela esan zuen PPko buruak. CiUri «beti ibili den markotik, Konstituzioa eta Estatututik, ez ateratzeko» eskatu zion Raxoik.Bi alderdi nagusien kezkatik urrun, «pozarren» agertu zen IU alderdiko koordinatzaile nagusi Gaspar Llamazares. ICVk eta Esquerra Unida i Alternativa taldeek osaturiko koalizioak botoak bikoiztu eta eserlekuak hirukoiztu izana «emaitza zoragarria» dela esan zuen Llamazaresek: «Kaleak aldatu du Estatuko ziklo politikoa eta Kataluniakoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.