Alvaro Uribek berak ere politika egiteko estilo bat markatu du urteotan, eta orain hura ordezkatuko duena aukeratu behar dute herritarrek, hark abiatutako bideari jarraituko dion hautagaiaren eta norabidea aldatuko duen hautagaiaren artean. Inkestetan oso parekatuta daude biak; berdinketa teknikoan, batzuen arabera, eta bat eta bi punturen alde eskasarekin, besteen arabera (%34 eta %32). Ez batak eta ez besteak, baina, ez lukete gehiengo osoa eskuratuko lehenengo itzulian -botoen erdiak gehi bat-, eta ekainaren 20an egin beharko litzatekeen bigarren itzuliko irabazlea argiago dago inkestetan; Mockusek bost punturen aldea aterako lioke orduan Santosi.
Auzitegi Konstituzionalak Uriberi hirugarren agintaldi batera lehiatzeko aukera kenduta, aro berri bat zabaldu zen Kolonbian. Uriberen Defentsa ministro izandakoa aukeratu zuen ofizialismoak martxoan, eta, haren xarma ez duen arren, apirila bitartean bera izan da faborito nagusia eta bakarra -Uribek herritarren %68ren sostengua izan du duela gutxira arte-.
Santosen kezka bakarra, beraz, garaipena aurreneko edo bigarren itzulian lortuko zuen zen, jokaleku politikoan kanpainako ezustekoa eman duen hautagaia agertu zen arte. Mockusi apirilaren hasieran apenas ematen zizkioten botoen %10 inkestek, baina denbora laburrean gora egin du etengabe, ofizialismoaren hautagaiarekin berdinduta egoteraino.
Uribismoa, kezkatuta
Mockusek inkestetan izan duen bilakaerari erreparatuta, kezkatuta agertu da uribismoa. Santosek berak, segurtasuna bermatuko duela aldarrikatzearekin batera, «anbiguoa» izatea leporatu dio Mockusi: «Herritarrek ondo ezagutzen naute, eta badakite nirekin lasai egin ahalko dutela lo; esaten dudana bete egiten dut». Herritarrak lasaitu nahi izan ditu hitz horiekin, botoak lortze aldera, bere aurkariaren bitxikeriak arriskutsuak izan daitezkeela iradokiz.
Politikan ezohikoak diren jokaerek, izan ere, harritzeaz gain, beldurtu ere egin dituzte orain arte boterean egon direnak, batez ere erabat ezezaguna zenak denbora laburrean horren oihartzun handia lortu duela aintzat hartuta. Leon Valencia politologoaren hitzetan, «inoiz ez zen horrelakorik gertatu», eta iritzi bera dute hainbat analistak, azken urteotako kanpaina zirraragarriena izan dela. Gerrit Stollbrock filosofoarentzat, «kanpainatik haratago doan bat-bateko giza mugimendu ikaragarri bat» eragin du Mockusek. Herritarrak «liluratu» ditu, batez ere gazteak, eta aintzat hartu behar da igandean aurreneko aldiz bozkatuko dutenak hiru milioi izango direla. Mockusek Interneteko sare sozialak baliatzen jakin du haiengana gerturatzeko, eta twitter eta facebook-en jarraitzaile gehien duen politikarietako bat da orain munduan, zazpigarrena.
Bogotako eta Medellingo alkate izandakoekin aliantza eratu izana giltzarri izan da arrakasta horretan. Hector Abad Faciolince idazlearen arabera, lau alkate ohiek «ametsetako taldea» osatu dute. Uribek babesa izan arren, haren ustez, kolonbiarrek aldaketa begitantzen dute, «aspertuta baitaude amorruarekin eta aurrez aurrekoekin, eta legezkotasun eta lasaitasunera bideratutako gobernu bat nahi dute». Zortzi urtez iraun du uribismoak, eta harekin atsekabetuta eta nekatuta daudenak erakartzeko gai izan da Mockus. Eta litekeena da hainbatek boto baliagarria erabiltzea, okerren artean kalte gutxiago egingo duenaren alde eginez; Santos nagusitu ez dadin emango diote askok botoa Mockusi.
Gerrillarien eta narkotrafikoaren borrokaz haratago bestelako lehentasunak daudela; Mockusek mezu hori baliatu du, eta haren proposamenek jaso duten «harrera onaren atzean» gobernuaren aurkako gizarte mugimendua agerian utzi duela dio Alvaro Camacho soziologoak. Kanpainako azken ekitaldian mezu hori zabaldu zuen hautagai berdeak: «Indarkeria atzean utziko dugu. Hemendik hogei urtera inork ez du herrikide bat hilko 20.000 pesoren truke [hamar dolar]».
Lehiatik kanpo
Santos eta Mockusekin batera, beste zazpi hautagai lehiatuko dira bozetan, lehiatik kanpo baldin badaude ere; inkestek %3 eta %6 arteko sostengua baino ez diete ematen. Noemi Sanin Alderdi Kontserbadoreko hautagaia izango litzateke hirugarrena, boto kopuruan ezkerreko hautagaiarekin parekatuta; PDA Polo Demokratiko Alternatiboko Gustavo Petro bigarren gelditu zen duela lau urte -M-19 gerrillako kide izandakoa da-. Eta Legebiltzarrerako bozetan, martxoan, berdeek baino hautagai gehiago eskuratu zituzten; eskuina nagusitu zen hauteskunde horietan, eta horrek zaildu egin dezake politikagintza aurrerantzean; izan ere, berdeek bederatzi ordezkari baino ez dituzte Kongresuan.
Uribek utzitako ondareak ere ez ditu gauzak erraztuko. Polemikez haratago, erronka zailak izango ditu, herritarren %45 pobreak baitira eta langabezia tasa %13koa baita. Bost milioi pertsona inguruk herrialdetik alde egin dute, goseagatik eta jazarpenagatik, eta indarkeriak ez du etenik izan urteotan. Azken hogei urteotan 70.000 lagun hil edo desagertu dira eta beste dozenaka mila torturatu eta bahitu dituzte. Barne desplazatuak, berriz, hiru milioi dira.
«Hainbat egokitzapen egineta gure herrialdearen norabidea zuzentzeko momentua iritsi da»
JUAN MANUEL SANTOS
U alderdiko hautagaia
9
Hautagaiak. Orotara, bederatzi lagun lehiatuko dira igandeko presidentetzarako bozetan. Juan Manuel Santos eta Antanas Mockusek ez beste hautagaiek, baina, boto gutxi bilduko bide dituzte. Noemi Saninek eta Gustavo Petrok botoen %6 eskuratzea espero da.«Aurrerantzean, gure historia ez da odolarekin idatziko, baizik eta arkatzen koloreekin»
ANTANAS MOCKUS
Alderdi Berdeko hautagaia
Zalantzan daudenak konbentzitzeko azken saioa
Agerraldi jendetsuak egiteko denbora igarota, telebista eztabaidak dira U alderdiko Juan Manuel Santos eta Alderdi Berdeko Antanas Mockusen azken aukera, inkestek ukatzen dieten gehiengo osoa erdietsi ahal izateko. Herenegun gauean izan zuten horretarako aukera, CityTVk antolatutako aurrez aurrekoan. Bertan, gerrilla eta ekonomia izan ziren gai nagusiak. Mockusek nabarmendu zuen posible dela gatazka amaitzea «garbi jokatuz», eta desplazatuen arazoa ahaztu izana leporatu zion Santosen taldeari. Santosek erantzun zion iheslarien auzia denborarekin konpondu beharrekoa dela, eta ohartarazi zuen haren egitasmoek estatua hondoratuko luketela.Soslaia
Antanas MockusItxaropenaren ikurra
Politika egiteko eskemak hautsi, eta, arkatzak eta eguzki loreak eskuetan, hezkuntzaren eta bizipozaren sinboloak eskuetan, kanpainari kolorea eman dio Antanas Mockusek (Bogota, 1952). Alderdi Berdeko hautagaia delako, baina batez ere esperantzaren kolorea ere badelako baliatu du berdea, marea berdea osatzeraino, itxaropenaren ikur bilakatzeraino. Mockusek, kontrakoa pentsa badaiteke ere, ez ditu ekologisten ohiko postulatuak zabaltzen -neoliberala da-, eta zaila da ezkerraren eta eskuinaren eskema klasikoen barruan kokatzea ere. Zentrista dela esan liteke, baina, ideologian baino gehiago, ideologia hori gauzatzeko moduetan ezarri du mugarria; politikan ezohikoak diren jokaerak baliatu izanak xelebre izatearen sona eman baitio. Pedagogia, zintzotasuna eta gardentasuna aldarrikatzen ditu. «Ez iezadazu esan bakarka gero jendaurrean aldeztuko ez duzun ezer».Lituaniako etorkinak ditu gurasoak, eta bi urterekin ikasi zuen irakurtzen. Filosofia eta Matematika ikasketak egin zituen eta sinetsita dago hezkuntzak gizakia aldatzeko gaitasuna duela. Kolonbiako Unibertsitateko errektore izan ostean eman zuen saltoa politikara; Bogota hiriburuko alkatea izan zen (1995-1997/2001-2004). Presidentetzarako bozetara aurkeztu zen bitan (1998 eta 2006) eta bietan egin zuen porrot. Orain beste lau alkaterekin egin du aliantza, eta, irailean berdeen hautagai izateko aukeratua izan ondoren, kanpainako ezustekoa eman du, publizitaterik eta promesik egin gabe eta sare sozialen artean sostengu handia jasoz.
Mockus ezkonduta dago-zirku batean ezkondu zen, elefante baten gainean-, eta lau seme-alaba ditu.K.B.
Soslaia
Juan Manuel SantosUribismoaren arrastoan
Alvaro Uriberen ondarearen alde egingo duela, haren politikari eta filosofiari eutsi egingo diela hitzeman du Juan Manuel Santosek (Bogota, 1951). Eta ulertzekoa da hori, haren hutsunea betetzeko aukeratu baitu U alderdiak. Uribismoaren arrastoan ibiliko da, beraz. Baina, akaso, haren alde ilunena soilik ordezkatuz; izan ere, orain arteko presidentea ez da gai izan herritarren artean oraindik ere duen sostengu handia harengana iraultzeko -bien arteko harremanek okerrera egin dutela eman dute aditzera-, eta, hartara, ustelkeriaren, legez kanpoko ekintzen, paramilitarrekiko ustezko hartu-emanen eta zibilen ustezko hilketen mamuak jaso ditu ondaretzat.Aurretik, baina, hainbat polemika piztu ditu berak bakar-bakarrik ere. FARCen kontrako borrokaren estratega izan da -gerra ministroa deitu izan diote-, eta hainbat operazio zuzendu ditu; Raul Reyes komandantea hiltzeko eta Ingrid Betancourt aske jartzeko operazioak tartean -liburu bat idatzi du horren inguruan-. AEBek herrialdean base militarrak izateko hitzarmena ere babestu zuen.
Kazetaritza, ekonomia eta enpresaritza ikasketak egin zituen. Kafearen Nazioarteko Erakundeko ordezkaria izan zen, eta gero, kazetari sendi batekoa izaki, El Tiempo egunkariko zuzendariordea izan zen. Politikagintzan, baina, ibilbide luzea du. Cesar Gaviria, Andres Pastrana eta Alvaro Uriberen gobernuetan aritu da ministro gisa; Atzerri Merkataritza, Ogasun eta Defentsa ministro gisa, hurrenez hurren. Ekonomiarako gaitasuna aitortzen diote eta kanpainan etengabe mintzatu da liberalismoaz langabeziari eta pobreziari aurre egiteko irtenbide gisa.
Santos ezkonduta dago etahiru seme-alaba ditu.K.B.