Hautagai kontserbadore eta laboristek lehia estua dute Australian

Egoera ekonomiko onak egungo gobernu laboristari egingo dio mesede gaurko Legebiltzarrerako hauteskundeetan

2010eko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Australian gaur dituzte egitekoak Legebiltzarrerako bozak, eta lehia estua izango da boterean diren laboristen eta oposizio kontserbadorearen artean. Horien bidez erabakiko dute gobernuaren bi egitasmo nagusiren geroa, oposizioak agindu baitu bertan behera utziko dituela boterera iristen bada.

Sydney Morning Herald egunkariak herenegun plazaratutako inkestak zioenez, Julia Gillard lehen ministroaren ALP Alderdi Laboristak hamabost diputatu galduko ditu, baina, era berean, oposizioko LPA-NPA koalizio liberal-nazionalari sei hautetsi kenduko dizkio. 11 eserleku galduz gero, laboristek Legebiltzarrean zuten gehiengoa murriztuko litzateke, 79 diputatu izango lituzketelarik, eta oposiziokoek, berriz, 68.

Australiako egoera ekonomiko ona baliatu dute laboristek kanpaina bultzatzeko. Herrialde honek ez du jasan beste estatuek pairatu duten finantza krisiaren ondoriorik. Hazkundea sendo garatu da, eta, aurreikuspenen arabera, barne produktu gordinaren gorakada %3koa izango da aurten. Halaber, gobernu laboristak nabarmendu du 300.000 lanpostu inguru sortu dituztela azken urtean.

Zor publikoa

Datu horiek gogoan, oposizio liberal-nazionalak are hobeto egitea baino ez zezakeen hitzeman.Hala, aliantza horretako eta Alderdi Liberaleko buru Tony Abbottek adierazi du bere gobernuak aurrekontuen soberakina 4.300 milioi eurora igotzea duela xede. Laboristek, berriz, aurrekontuen soberakina 2.400 milioi eurora igotzeko asmoa azaldu dute. Oposizioak hitzeman du ere Australiaren zor publikoa heren bat gutxituko duela lau urteko epean. Gaur egun, zor hori 963.000 milioi eurokoa da.

NPAko kontserbadoreek eta LPAko liberalek osatua duten koalizioak «laboristen gehiegizko gastuei» amaiera emango diela agindu du Abbottek. Gillardek, berriz, zor publikoa murriztea hitzeman du, baina ekonomia sendotzeko ahaleginei uko egin gabe. Australiak, orain arte behintzat, ekonomia garatuek pairatzen duten gaitzaldiari saihets egin diola nabarmendurik, hazkundeak sendotze bidean jarraituko duela ziurtatu du jarduneko lehen ministroak. «Gurasoek langabezia pairatu badute, euren haurrek horrelakorik ez dezaten nozi. Familia batentzat lana da funtsezkoa; herrialde baten etorkizunerako, berriz, ekonomia sendo bat da funtsezkoa». Hortaz, «ekonomia indartsu eta eraginkor bat» bermatzeko lanari eutsiko diola agindu du jarduneko gobernuburuak.

Hezkuntza eta osasunaren alorretan hobekuntzak egitea jarri du helburuen artean Gillard lehen ministroak. 48 urteko emakume horrek joan den ekainaren amaieran ordezkatu zuen Kevin Rudd kargu horretan. Aginteari eutsiz gero, beste bi egitasmo nagusi ere helbururatu nahi lituzke: horietatik bata da Australiako telekomunikazio sarea erabat berritzea, eta bestea meatzaritzako enpresa handiei %30eko karbono tasa jartzea. Azken proiektu horrek jatorriz herrialdekoak zein atzerrikoak diren multinazionalen etekinei eragingo lieke, hala nola BHP Billitoni, Rio Tintori eta Xstratari.

Apaizgaiaren gurutzada

Kontserbadore eta liberalen arteko koalizioak garaituko balu, gobernuburu bilakatuko litzateke Abbott, eta argi adierazi du bi egitasmo nagusi horiek bertan behera utziko dituztela. Hain zuzen, 52 urteko britainiar kazetari eta apaizgai ohi horrek gobernu laboristak paratutako klima aldaketaren aurkako planaren kontrako gurutzada hartu zuen bere gain, iaz. Oposizioaren buruzagitza lortzea, haatik, nahikoa kosta izan zaio, boto bakar bati esker irabazi baitzuen, iazko abenduaren 1ean.

Enpresa handiei karbono tasa jartzearen inguruko desadostasunez gain, Gillardekiko beste alde nabarmenik badu Abbottek. Horietatik bat da Australiaren etorkizun instituzional formalari buruzkoa. Alderdi liberaleko burua orain arteko ereduari eustearen aldekoa da, hots, Australiak Erresuma Batuko erreginaren men jarraitzearen aldekoa. Ezen, hura da, besteak beste, Australiako, Zeelanda Berriko eta Kanadako estatuburua, boterea lehen ministroaren eskuetan bada ere. Monarkiaren botere mugatuak, berriz, gobernadore nagusi batek daramatza. Egoera anakroniko hori aldatzeko aukera aipatu du Gillardek, eta hark eginiko adierazpenek kanpaina berotu dute.

Lehen ministro karguan jarraituko balu, Australia errepublika bilakatzearen alde jardun nahi duela adierazi zuen Gillardek, joan den asteartean eginiko mitin batean. Bilakaera horretarako, baina, unerik egokiena Erresuma Batuan monarka aldatzen dutenean izango dela azaldu zuen gobernuburu australiarrak. Hargatik, Ingalaterrako Elizabeth II.ari Australiak «bihotzeko atxikimendu handia» diola ziurtatu du Gillardek, eta, hortaz, «luzaz bizirik egoteko agiantza» opa dio.

Abbott, aldiz, Australia aurrerantzean ere monarkia konstituzional izatearen aldeko mugimenduaren burua da. Hortaz, monarkiazalea da, baita katoliko sinesle sutsua ere; Gillardek, aldiz, ateotzat aurkezten du bere burua.

Errepublika aldarrikatzearen edo orain arteko ereduan geratzearen arteko eztabaidak behin baino gehiagotan harrotu ditu hautsak Australian. Hala, inkestek behin eta berriro iritzi zioten errepublikaren aldekoak gehiengoak zirela, baina 1999ko azaroaren 6an egin zen erreferendumean aldaketa hori arbuiatu zuten, botoa eman zuten australiarren %55ek Commonwealth batasuneko egituran geratzeko hautua egin baitzuten. Australia Erdialdeko Lurraldean baino ez zuen garaitu errepublika bilakatzearen aldeko botoak, beste zazpi eskualdeetan ezezkoa nagusitu baitzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.