Inor gutxi konbentzitzen du Mitt Romneyk (1947, Detroit, AEBak) lehen kolpean. Hotza eta karismarik gabea da enpresari eta politikari errepublikanoa, bere kanpainako buruak Etxe Zurirako bidean kontrako itxura erakusten saiatu arren. Alderdi Errepublikanoaren barruan ere gehienak epel uzten ditu, lehiaren azken txanpan guztiek babestu badute ere. Hauteskunde primarioak, hain justu, ohi baino gehiago luzatu ziren, hautagai saihetsezina zirudiena onartzeari uko egin baitzioten luzaroan hautesleek. Azkenean, baina, Romneyk lortu zuen Barack Obamari aurre egiteko aukera.
Errepublikanoen artean muturrekoenek «moderatuegia» izatea leporatzen diote, eta salatu dute Massachusettseko gobernadore zen garaian Obamak bultzatu duen osasun erreformaren antzeko bat ezarri zuela, besteak beste. Katoliko eta protestante askok ere errezeloz begiratzen diote, mormoia delako.
Romneyk 250 milioi dolarreko ondasuna du, eta errenta aitorpenak erakusteari uko egin dionez, hor aurkitu dute demokratek kritikarako arrazoi nagusia.
Mitt Romney
Hautagai saihetsezina
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu