Zimbabwe

Hauteskunde emaitza ofizialak "faltsuak" direla salatu du oposizioburuak

Nelson Chamisa MDC Aldaketa Demokratikoarako Mugimenduaren hautagaiak salatu du Hauteskunde Batzordearen emaitzak "faltsuak" direla eta ezin direla baieztatu. Emaitza horien arabera, Emmerson Mnangagwak bozen %50,8 lortu du, eta, beraz, presidente izendatu behar lukete bigarren itzulirik gabe.

Funtzionario talde bat emaitza ofizialen berri jasotzen, Harare hiriburuan. AARON UFUMELI, EFE
2018ko abuztuaren 3a
09:53
Entzun

"Tamalgarria da Hauteskunde Batzordeak emaitzak faltsuak argitaratu izana eta horiek baieztatzeko modurik ez izatea", adierazi du Chamisak, emaitza ofizialak ezagutarazi ondorengo adierazpenetan.

Zimbabweko Hauteskund Batzordeak jakinarazi dituen emaitzen arabera, gobernuan den ZANU-PF Zimbabweko Afrikar Nazio Batasuna-Fronte Aberokoia koalizioko buru Emmenson Mnangagwak irabazi ditu bozak. Batzordeak adierazi du hamar barrutitatik seitan gailendu dela eta 2,4 milioi boto lortu dituela: hau da, bozen %50,8. Emaitza horrekin, presidente izendatuko lukete Mnangagwa, bigarren itzulirik egin gabe. Chamisak, berriz, 2,1 milioi boto (bozezn %44,3) lortu ditu datu ofizialen arabera.

Oposizioko buruak salatu du Hauteskunde Batzordeak ez diola bere alderdiari baimenik eman boto zenbaketako datuak aztertzeko. Nabarmendu du "emaitza egokiak eta aldeek baieztatutakoak" argitaratu behar dituela batzordeak. "Opakutasun, egia gabezia eta balioen eta moralaren gainbehera maila harrigarria da", haren esanetan. Chamisak gaineratu du iruzurra izan dela frogatuko duela.

Mnangagwak, aldiz, emaitza ospatu du, eta eskerrak eman dizkie Zimbabweko herritarrei. Presidente aukeratua izatea "ohorea" dela adierazi du, eta batasunerako deia egin du. "Hauteskundeetan banatuta egon garen arren, gure ametsetan baturik gaude". Herritar guztientzako Zimbabwe berri bat eraikitzera deitu du herrialdea.

Chamisak presidente zilegitzat aurkeztu du bere burua, emaitza ofizialak jakinarazi aurretik ere. "Mnangagwak badaki hauteskunde hauek galdu dituela, adierazi zuen".

Asteazkenean, protestak izan ziren herrialdean, Mnangagwaren alderdia hauteskunde emaitzak manipulatzen saiatzen ari zela salatzeko. Liskarretan gutxienez sei pertsona hil ziren.

Robert Mugaberen 37 urteko agintaldiaren ondorengo lehenbiziko hauteskundeak egin dituzte Zimbabwen. Estatu kolpe batekin kendu zuten iaz Mugabe boteretik. Hain zuzen, Mnangagwa izan zen Mugaberen kontrako kolpea zuzendu zutenetako bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.