Raquel Sans: «Hauteskunde hauetan abstentzioa izango da gure kontrario nagusia»

Sansen ustez, Aragones presidente izatea beste aukerarik ez dago. Bidelagun posibleei bi baldintza jarri dizkie: «gatazka konpontzeko lanean segitzea», eta «justizia soziala» lehenestea.

(ID_13466797) ESPAÑA ERC PRESUPUESTOS
Raquel Sans. QUIQUE GARCIA / EFE
Igor Susaeta.
ERCren bozeramailea
2024ko martxoaren 23a
05:05
Entzun

ERC Esquerra Republicana buru zuela Kataluniako Gobernuak azken hiru urteetan egindakoa defendatu du Raquel Sansek (Valls, Katalunia, 1980). «Generalitate errepublikanoak eraldaketa asko egin ditu. Aurrerapauso batzuk eman dira, eta bultzatzen jarraitu behar da». Alderdiaren zuzendaritza nazionaleko kidea da, baita bozeramaileetako bat ere. Gogorarazi du erreferendum baten bidez nahi dutela «independentziara heldu», baina helburu horrek ez duela «gehiengo sozialik». «Hori lortzeko lan egiten dugu. Uste dut modu ordenatu, pausatu eta argian are garela».

Bozak aurreratu ondoren, finantzaketa eredu propio bat edukitzeko proposamena aurkeztu du Kataluniako Gobernuak, asteon. Planteatzen du, besteak beste, Katalunian ordaintzen diren zerga guztiak Generalitateak biltzea. Zein da neurriaren helburu nagusia?

Estatu honetako finantzaketa sistema guztiz injustua da Kataluniarekin. Gu gara estatuko finantzei ekarpenik handiena egiten dioten erkidegoetan hirugarrena, baina hamalaugarrena gara zerbitzu publikoei dagokienez.

Zer bide egin dezake proposamenak, jakinda Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak baztertu egin duela Kataluniak finantzaketa eredu propioa edukitzea?

Indultuek, sedizio delitua indargabetzeak eta amnistia legeak zituzten aukera berak dituela uste dut. [Salvador] Illa PSCren presidentegaiak esaten zigun aurreko kanpainan: «Ez amnistiarik, ez horrelakorik». Eta aurreko astean amnistia legea onartu zen Espainiako Kongresuan... Beraz, badakigu PSOE eta estatuko gobernua behartu egiten direla gauzak egitera. Eta aritmetika parlamentarioak modua ematen badigu negoziatzera behartzeko eta akordio horiek lortzeko, behartu egin behar ditugu. Gainera, katalan gehienek defendatzen dute finantzaketa eredu propioa, baita PSCri botoa ematen diotenek ere.

Pere Aragones Generalitateko presidenteak erabaki du Kataluniako Parlamenturako hauteskundeak 2025eko otsailetik maiatzera aurreratzea, aurrekontu proposamena baztertu egin zelako. Pentsatu zenuten, bestela, 2023ko aurrekontuak luzatzea edo beste proposamen bat negoziatzea?

Aurrekontuak negoziatzen hasi aurretik baztertu egin zen horiek luzatzea, ikusi baitzen aukera zegoela aurrekontu berriak aurrekoak baino %6,3 handiagoak izateko; egungo zerga arauak eta eskura ditugun kopuruak aintzat hartuta, 2024rako aurrekontuak 2.400 milioi euro gehiagokoak lirateke [2023koekin alderatuta]. Iazko abenduan, akordio bat lortzeko ahaleginean, hainbat alderdirekin harremanetan jartzen hasi ginen. Hitz egin genuen PSCrekin, Junts Per Catalunyarekin, CUPekin eta Comukoekin. Azken urteetan Generalitateko aurrekontuak Comukoekin onartu ditugu, eta haiekin hogei bilera egin genituen itun bat lortzeko. Azkenean ez zen modurik izan.

«Katalan gehienek defendatzen dute finantzaketa eredua, baita PSCri botoa ematen diotenek ere».

RAQUEL SANSERCren bozeramailea eta zuzendaritza nazionaleko kidea
Behin amnistia legea bideratuta, nola ERC Esquerra Republicanaren hala JxCren helburua da PSOErekin erreferendum bat adostea, prozesu subiranistari irtenbide bat emateko. Orduan, zertan bereizten dira, alde horretatik, bi alderdiak?

Esquerra Republicanak hasi zuen aurreko legegintzaldian negoziazio politikoaren bidea. Orain aldatu egin da aritmetika parlamentarioa, eta, kasu horretan, Junts Per Catalunyak aldatu ditu diskurtsoa eta estrategia. Aurreko legegintzaldian oso kritikoak izan ziren gurekin; kritikoegiak, noiz-eta beren botoak ez zirenean erabakigarriak. Junts Per Catalunyaren botoak erabakigarriak bihurtu direnean, ikusi dugu ez dagoela errezeta magikorik, aldarrikapenek ez dutela funtzionatzen, eta, azkenean, politika erabilgarria egin behar dela. Negoziazioaren bidera etorri dira. Lehen, negoziatzeagatik egiten zen kritika, eta, orain, dirudienez, negoziatzeko moduagatik.

RAQUEL SANS. ERC
Raquel Sans, agerraldi batean. EFE
Baina zeintzuk dira aldeak helburua lortzeko ahaleginean?

Nik uste dut ezberdintasun nagusia zera dela, Juntsen parte baten jarduera politiko guztia Esquerra Republicana kritikatzean datzala.

Maiatzeko bozetara itzulita. Aragonesek esan du ez duela Illa presidente egingo baldin eta, inkestek dioten moduan, PSCk lortzen badu boto gehien. ERCk, hortaz, atea guztiz itxi dio ezkerreko indarren hiruko gobernu bat osatzeari?

Ezer gutxirako balio du hauteskunde ondorengo itunez hitz egiteak oraindik ez baldin badira hauteskundeak egin. Gure asmoa da partida hau irabaztea eta gehiengoa lortzea, politika errepublikanoak hedatzen jarraitu ahal izateko. Hiru urte izan ditugu, 40 urtez agintean sociovergencia egon ondoren. Horrela deitzen diegu PSCren eta CiU Convergencia i Unioko —orain Junts Per Catalunya— gobernuen artean egon diren txandakatzeei. Ez dugu ikusten Esquerra Republicanak presidentetza lortzeaz bestelako aukerarik.

Baina norbaiten laguntza beharko duzue horretarako. Norena lehenesten duzue?

Ez dugu baztertzen beharrezko babesa eskuratzea presidentetza lortzeko. Gure lehentasuna proiektua da. Justizia soziala eta independentzia txanpon beraren bi aldeak dira; horiek dira gure mugak. Hau da, lanean segitzea Espainia Estatuaren eta Kataluniaren arteko gatazka politikoa konpontzeko, eta egunerokoan herritarren beharrak ez ahaztea.

Zer beharko litzateke ERCk eta JxCk gobernu akordio bat lortzeko, 2018an eta 2021ean bezala?

Aipatu ditudan muga horiek aipatuko nituzke oraingoan ere. Eta, adibidez, ez dezatela proposatu oinordetza zergak murriztea edo kentzea Katalunian. Junts Por Catalunyak proposamen hori jarri zuen mahai gainean aurtengo aurrekontuen negoziazioan. Horrek esan nahi zuen 1.200 milioi euro biltzeari uztea. Proposamen horrek ez du lekurik gure ereduan. Zer beharko litzateke? Hain eskuinekoak izateari utz diezaiotela, eta jarraitu dezatela gatazka politikoa konpontzeko ahaleginean.

Eta ERCk Puigdemont babestuko luke independentista ez den norbaitek goberna ez dezan?

Esquerrak irabaziko ditu boz hauek, eta Aragones presidenteak bilduko du boto gehien hautagai guztien artean. Agertokia hori izango dela uste dugu. Gogora ekarri nahi nuke Puigdemont 2021eko bozetara ere aurkeztu zela —ez da berritasuna berriro aurkeztea, nahiz eta hala saltzen diguten—, eta hirugarren geratu zela.

Baina ERCk ez baditu irabazten?

Ez dugu halakorik espero; baikorrak gara.

ERC botoak galtzen ari da 2019az geroztik.

Gure analisia da 2017an goia jo genuela, batez ere emozionalki. Jendeak oso gertu ikusi zuen, oso gertu egon zen, eta, logikoa denez, ohartzen bazara beharbada bidea uste baino luzeagoa dela, higadura eta desilusioa sortzen dira. Gure kontrario nagusia abstentzioa izango da boz hauetan. Badakigu jendea animatu egin behar dela. 2017a ez zen ezeren amaiera izan, guztiaren hasiera baizik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.