Badute data presidentetzarako hauteskundeek, eta Nicolas Maduro presidente eta chavismoaren hautagaiak areriorik izango ote duen argitu beharko da orain. "Donald Trumpen gobernuak Washingtondik agindu dio hauteskunde prozesutik erretiratzeko, horri boikota egiteko, eta abstentzioa eskatzeko", adierazi du Madurok, bart Miranda estatuan egindako agerraldi batean. "Nahi dut oposizioak presidentetzarako hautagaien izenak ematea, berme guztiak eman nahi ditut nazioarteko behatzaileak hauteskundeetara etor daitezen. Horrela sinatu dut akordioan, eta dena beteko dut".
Madurok Santo Domingon herenegun hitzartutako agiria sinatu du, baina MUD Batasun Demokratikoaen Mahaiak uko egin dio horri, behar adinako bermeak ez dituela argudiatuta. Beste proposamen bat aurkeztu du MUDek, baina Madurok ez du onartu. Hortaz, Danilo Medina Dominikar Errepublikako presidenteak jakinarazi du elkarrizketak "etenaldi mugagabe batean" sartu direla.
Tibisay Lucena CNE Hauteskunde Kontseilu Nazionaleko presidenteak bart jakinarazitako egutegiaren arabera, hil honen 24 eta 26 artean hautagaiek Internet bidez izen eman beharko dute, eta 26an 48 orduko epe bat hasiko da hautagaiek eskakizun guztiak bete ditzaten. Kanpaina, berriz, apirilaren 2an hasiko da, eta hauteskundeak baino hiru egun lehenago bukatuko da.