Europako Parlamenturako hauteskundeetan izandako jaitsieraren aurrean, eta zuzendaritzak ezohiko kongresura deitzeko eskariari ezezkoa eman ostean, aparteko deialdia egin dute Kataluniako alderdi sozialistako kritikoek. Hauteskunde marka berria sortzeko batzarra egingo dutela jakinarazi dute adierazpen baten bidez: horren arabera, marka berri horrek erabakitzeko eskubidearekin izango duen konpromisoa "eztabaidaezina" izango da. Gehiengoak bilatuko dituen mugimendu sozialista sortu nahi dute; haien ustez, egungo PSCren zuzendaritzak ez du halakorik bilatzen.
Adierazpen hori PSCko 30 kide inguruk sinatu dute. Tartean dira Montserrat Tura, Antoni Castells, Marina Geli eta Joaquim Nadal kontseilari ohiak, Maria Badia eurodiputatua izandakoa, Pia Bosch Gironako zinegotzia, Daniel Font diputatu ohia eta Jordina Freixenet PSCko zuzendaritzako kidea. Oraingoz, ez dute adierazpen hori sinatu Avamcen korronteko Joan Ignasi Elenak eta Agrupament Socialistako buru Angel Rosek.
Martxoaren 21ean beste batzar bat egin zuen PSCko sektore kritikoak, eta 400 lagun inguru bildu ziren. Uztailaren 4an egingo dutena haren jarraipena izango da.
Hausnarketarako deia egin du Navarrok
Europako Parlamentuko hauteskundeetan emaitzak "txarrak" izan direla onartu du PSCko idazkari nagusi Pere Navarrok, eta horren ondorioz, "hausnarketa kolektiborako prozesua" abian jartzeko asmoa adierazi die militanteei eskutitz bidez. Eferen arabera, alderdiko sektore guztiekin biltzeko asmoa du Navarrok, alderdi "sendo eta kohesionatua" lortzeko.