Hauteskundeetarako kanpainako protagonistak ez dira, tamalez, hautagaiak izan, indarkeria baizik. Maiatzean kanpaina hasi zutenetik, 50 lagun inguru hil dituzte. Hautagaiak eta haien gertukoak guztiak. Azkena Ekintza Berria Aliantza ezkerreko alderdiko militante bat izan da, Morris de Leon jeneral ohiaren semea. 42 urte zituen hautagaiak, eta herenegun aurkitu zuten gorpua, lau tirorekin. Horiek hala, hautagai guztiek salatu dute kanpainan izandako indarkeria, eta guztiek iragarri dute gaurko bozak irabaziz gero, erasoak amaitzeko ahalegina egingo dutela. Izan ere, Legebiltzarrerako, presidentetzarako eta udaletarako bozak egingo dituzte gaur herrialde hartan.
Orotara hamalau lagun aurkezten dira presidentetzarako bozetara, tartean Rigoberta Menchu Guatemalaren aldeko Topaketa alderdiko buru eta Bakearen Nobel sariduna. Inkesten arabera, ordea, bosgarren geratuko da Menchu, botoen %3arekin. Beste bi izango dira bigarren itzulian parte hartuko dutenak: Itxaropenaren Batasun Nazionala alderdiko buru Alvaro Colom sozialdemokrata, eta eskuineko Alderdi Patriotako hautagai Otto Perez Molina. Bietako batek botoen erdia baino bat gehiagoa lortu beharko luke lehen txandan bozak irabazi ahal izateko. Baina, inkesten arabera, ez dirudi halakorik gertatuko denik, eta, beraz, datorren azaroaren 4an egingo litzateke bigarren eta azken itzulia.
PARTE HARTZEKO DEIA. Guatemalako presidente Oscar Bergerrek bozetan parte hartzera deitu zituen atzo herritarrak. Gazte eta emakumeei hitz egin zien gobernuburuak bere agerraldian. «Guatemalako gazteak, zuek osatzen duzue hauteskunde erroldako %40a, horregatik eskatzen dizuet igandeko [gaurko] herritarren jaian parte hartzeko; batez ere lehen aldiz bozkatzen dutenei hitz egiten diet». Horretaz gain, hautagaiei bozetako emaitzak errespetatzeko eskatu zien.
Demokraziaz eta herritarren nahia errespetatzeaz aritu da Menchu ere, kanpainako azken ekitaldian. Bakearen Nobel saridunak iragarri du boz hauek irabazten ez baditu ere, ez duela amore emango eta demokraziaren alde lanean jarraituko duela aurrerago ere: «Hemen irabazi egingo dugu. Hemen indigenok ez dugu ezer galtzen, irabazi eta irabazi besterik ez dugu egiten. Gero eta hobeto egingo dugu gure lana, eta gero eta hobeto antolatuko gara». Menchu da presidentetzako bozetara aurkezten den lehen emakume indigena.
Hauteskundeak irabazteko faboritoetako bat da Colom, eta indarkeria amaitzeko estrategian oinarritu du kanpaina. «Guatemala gaixo dago, oso gaixo», nabarmendu du Colomek indarkeriaz hitz egitean. Kalean bizi diren 200.000 haurri aterpea emateko egitasmoa da haren proposamen nagusietako bat. Perez Molinak, beste faboritoak, berriz, delituarekin eta langabeziarekin amaitzeko, erabaki gogorrak hartu behar direla dio. «Gogor jokatzeaz ari garenean, agintzeko modu batez ari gara hitz egiten».
Hauteskunde orokorrak egingo dituzte gaur Guatemalan
Colom sozialdemokrata eta eskuineko Perez Molina dira bigarren itzulira igarotzeko aukera gehien dutenak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu