Hauteskundeak aurreratzeko eskatu du Al-Sadr buruzagi xiitak, Iraken

Nuri al-Maliki lehen ministroaren aliantzan izan diren alderdien ustez, gobernua aldatu behar da, krisia dela eta

Erredakzioa
2011ko abenduaren 28a
00:00
Entzun
AEBetako tropak Iraketik atera direnetik egoera nahasia dute gobernuan, eta atzo Nuri al-Maliki lehen ministroaren gobernuko Aliantza Nazionala xiitatik bertatik ohartarazi zioten egoerarekin amaitu beharraz. Muqtada al-Sadr buruzagi xiitak eskatu du Legebiltzarra bertan behera utzi eta hauteskundeak aurreratzeko. Haren ustez, egungo gobernua ez dago Irakek dituen arazoei eta erronkei aurre egiteko moduan.

Al-Sadr ez da gobernuaren eraginkortasuna kritikatu duen bakarra. Aurretik, Al-Irakiya koalizio sunitak esan du legebiltzarrean parte hartzeari utziko ziolajoan den astean, Al-Malikiren gobernuak «boterea bere neurrira» moldatu duelako, gainerako alderdiak kontuan hartu gabe.

2010eko martxoan egin zituzten hauteskundeak Iraken, eta Iyad Allawiren Al-Iraqiya koalizio sunitak lortu zuen boto gehien: 91 eserleku; Al Malikiren Aliantza Nazionala koalizio xiitak 89. Inork ez zuen bakarka agintzeko adina botorik lortu, eta zortzi hilabetez hutsik egon zen gobernua. Azkenik, hiru fakzio nagusiek — xiitek, sunitek eta kurduek — batasun nazionaleko gobernua eratzeko akordioa sinatu zuten. Al-Maliki izendatu zuten lehen ministro, eta xiiten zuzendaritzapean utzi zituzten erakunde politiko gehienak. Tarik Al-Hashimi presidenteordearen atxiloketa aginduaren berri jakin ostean, gobernuko bilerei ere boikot egitea erabaki zuen.

Joe Biden AEBetako presidenteordea ere Iraken dela jakinarazi du Al-Mada egunkariak. Jalal Talabani presidentearen gertukoa da komunikabide hori, eta esan duenez, krisia aztertzera joan da, arazoak gainezka egin ez dezan.

Al-Qaeda atzean

Bien bitartean, atentatuak ez dira gutxi izaten ari, eta joan den ostegunean, Bagdaden, ia batera hamabi lekutan zartarazi zituzten bonben ezarpena Irakeko Al-Qaedak aldarrikatu du. 69 lagun hil, eta 191 zauritu ziren. Taldearen arabera «Gerra Ministerioak» antolatu zuen ekintza. Internet bidez egin du jakinarazpena, baina ez dute oraindik baieztatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.