COPE Herriaren Kongresu Berria eratu zuten iazko abenduan ANCtik alde egindakoek, eta Mvume Dandala gotzaina da burua; ANCren jokabideak atsekabetu dituen hautesle ugari bereganatzea espero du. «Hamabost urtez gezurrak eta pairamenak jasateaz nazkatuta gaude, eta bada garaia aldaketaren beharra aldarrikatzeko», adierazi du Western Cape probintzian COPEkolehiakide buru Allan Boesak. Hegoafrikako politika adituek, baina, azpimarratzen dute hasiera batean ANCren nagusitasunari kalte egingo ziolako itxura ematen zuen alderdi berria barne zatiketetan murgilduta dagoela. Hala eta guztiz ere, botoen %15 lortzea espero dute ANC utzi dutenek.
Bestalde, orain dela bost urteko bozetan, Legebiltzarreko bigarren indar politikoa izan zen DA Aliantza Demokratikoa (50 jarleku). Horrek ere argi azaldu du bere helburu nagusia zein den: «ANCk hiru laurdeneko gehiengoa ez dezan lortu, hori gertatuz gero Konstituzioa aldatzeko aukera izango baitu». Hellen Zillek zuzentzen du alderdia, eta ANCko presidente Jacob Zumaren kontra salaketa gogorrak egin ditu kanpainan. Hegoafrikako presidentetza eskuratuz gero ustelkeriaz jokatzeagatik Zuma auzitara eramango duela iragarri du. Hegoafrikako fiskal nagusiak bertan behera utzi zituen apirilaren 8an Zumaren kontrako auzibideak, sumarioan «oker jokatzeak» gertatu izana argudiatuta.
Jarduneko Legebiltzarrean hirugarren indar politikoa denak ere,IFP Inkatha Askatzeko Alderdi zuluak -28eserleku ditu-, ANCren «jokabide totalitarioak» salatu ditu. Zulu leinuaren botoak, haatik, eskuratzeko aukera handienak ANCk berak ditu; Zuma bera etnia honetakoa baita.
Mandelaren ohartarazpenak
Bozak ANCk irabaziz gero, Hegoafrikako presidente izango da Zuma, eta hark alderdi indartsu baten beharra aldarrikatu du, bozetan parte hartzeko aukera duten 23 milioi herritarrek bozkatzera joan daitezen: «ANCren alde kopuru handitan boto egitea beharrezkoa da aldaketak gauzatzeko. Jendeak ez badu gure alde bozkatzen, gehiengoa ahulduko da eta erabaki egokiak hartzeko aukerak kenduko dizkigu horrek».
Nelson Mandelaren indarra baliatu behar izan du ANCk. Johannesburgon alderdiak ostiralean egin zuen azken mitinean agerraldia egin zuen agintari historikoak. Hegoafrikako aurreneko presidente beltza izandakoak-egun 90 urte ditu-ANCren alde botoa ematera deitu zituen herritarrak. Zumak, baina, premiazko eginbeharrak dituela gogorarazi zuen Mandelak: «Gogoan eduki behar dugu gure lehendabiziko betebeharrak direla pobreziari gailentzea eta jendeari bizi hobe bat eskaintzea». Hegoafrikako gizartea ez dela arraza irizpideetan oinarritu behar ere azaldu zuen Mandelak: «Arrazakeria saihestu duen gizarte bateratua eraikitzeko erantzukizun historikoa du ANCk».Mandelak 120.000 lagunen aurrean egin zuen hitzaldia, ahul baina irribarretsu.
Zumak ildo horiei eutsiko diela agindu zion. Johannesburgoko mitinean zein herrialde osoan egin duen kanpaina agerraldi guztietan ere pobreziari aurre egitea bere lehentasuna izango dela adierazi du: «Politika egokia pentsatu eta gauzatu beharko da gure herrialdeak pairatzen dituen arazoei irtenbideak emateko, horietarik premiazkoena pobrezia deuseztatzea da». Hegoafrika herritar «guzti-guztiena» dela ere argi utzi nahi izan du Zumak: «Zuri, beltz eta gainontzeko guztiena; bat eginda jokatu behar dugu arrazakeriarik gabeko nazio bat eraikitzeko».
Hegoafrika, oro har, kontinenteko herrialde garatuena baldin bada ere, ekonomia eta gizarte desoreka handiak ditu. Hala, herrialdeko 49 milioi bizilagunen artean, %43 inguru pobre bizi dira eta langabezia tasa, batez beste, %30 ingurukoa bada, biztanle beltzen artean %40koa da. Apartheid-a amaitu zela hamabost urte igaro badira ere, nekazaritzarako lur eremuen %90 herritar zurien eskuetan daude oraino. Hiesak, berriz, 350.000 hildako eragin ditu jada.
Mvume Dandala
GOTZAINA ETA ALTERNATIBA
Thabo Mbeki Hegoafrikako presidente ohiaren lagun fidelenetakoa da Mvume Dandala, Eliza Metodistako gotzaina. Eszena politikoan gutxitan agertu da, baina 1980ko hamarkadan agintari zuri eta beltzen artean egindako bitartekaritzari esker ezaguna bihurtu zen.Jacob Zuma
AKUSATUA ETA ERRUGABETUA
Politikari karismatikoa da Jacob Zuma ANCko buruzagia. Ustelkeriagatik akusatu dute hainbatetan, baina onik atera da guztietan. 1999. eta 2005. urteen artean Hegoafrikako presidenteordea izan zen, Thabo Mbeki presidente eta alderdikideak kargua uztera derrigortu zuen arte.Jacob Zuma.Afrikako Kongresu Nazionalaren hautagaia
Hegoafrikako presidente bilakatuko da gaurko bozen ostean Jacob Zuma; bere kontrako ustelkeria salaketak ukatu, eta pobrezia gutxitzeko bere promesa benetakoa dela hitzeman dio BERRIAri.
«Hutsegite larria egin du oposizioak besteei izen ona kentzen saiatuta»
Joan Canela. JohannesburgoHegoafrikaren historiako politikaririk eztabaidatuena da Jacob Zuma (Inkandla, 1942). Haren entzute handia bezain ezaguna da aurkariek dioten erdeinua. ANC Afrikako Kongresu Nazionala alderdiaren barne zatiketa gainditua duelarik eta ustelkeriagatiko prozesuetatik onik atera delarik, dagoeneko inork gutxik jartzen du zalantzan gaur egingo diren bozak irabaziko dituela Zumak.
ANC zatituta aurkeztuko da hauteskundeetara, lehenbizikoz. Nolatan iritsi da horretaraino?
Afrikako askapen mugimenduen ibilbideari erreparatuz gero konturatuko zara, hamar edo hogei urteren buruan, guztiak iristen direla kontuak bestelako ikuspegi batetik aztertzera; ea garai bateko helburu berberak dituzten galdetzen diote, orduan, beren buruari. Orain bada baliabide mordoa bereganatu duen jendea, munduari bestelako ikuspegi batetik begiratzen diona. ANCk ere hala begiratzea nahi dute, baina ez dute arrakastarik izan beren ahaleginean, ANCren antolakuntza handiegia baita, eta makurrarazten gaitza. Hortaz, bada, beste bide batetik jotzea erabaki dute. Zatiketa alderdiak izandako bilakaeraren ondorio ere bada, hein batean, noranzkoa aldatu barik aurrerantz jarraitzeko erabakiaren emaitza. Nolanahi ere, eman digu zer ikasi horrek: ez gaitezkeela lasaitu, pentsatuta dena eginda daukagula; aitzitik, erne egon behar dugu iraunarazteko.
Zer eginkizun bete beharko du oposizioak?
Herrialde honetako oposizioak hutsegite larri bat egin du; beren proposamenak azaldu beharrean besteei izen ona kentzen saiatu da. Nire ustez, hobeto azaldu beharko lukete zein hautabide dituzten aukeran.
Nelson Mandela ustekabean agertu da zuen kanpainan. Thabo Mbekik lagatako hutsunearekin ba al du zerikusirik horrek?
Mandela ANCko liderra izan zen urte askoan, demokrazia garaiko lehen presidentea izan genuen, eta beti alderdiaren barruan egon da, nahiz eta harreman horren oihartzunik ez sumatu komunikabideetan. Mandelak berak deitu zidan telefonoz, egiten ari ginenagatik zoriontzeko eta kanpaina amaierako azken mitinean parte hartu nahi zuela jakinarazteko.
Eta Mbeki?
ANCko kideek ez dute inolako betebeharrik hauteskunde kanpainetan; nahi duen mailan parte hartzen du bakoitzak. Beraz, nahi ezean, ezin diogu behartu.
Gazteek gero eta kasu gutxiago egiten diete bozei. Ba al du zerikusirik horrek baliatu diren politikekin?
Hori ez da egia, gazte askok izena eman dute bozkatzeko; pozgarria da ikustea, gainera, horietako asko gure jarraitzaileak direla.
Ba al duzu horren inguruko daturik?
Ez, ez daukat. Sentimenduari buruz ari nintzen.
Gaiztoa izan ohi da zure eta prentsaren arteko harremana; hori aldatu egingo al da, behin presidentetza eskuratuta?
Komunikabideei galdetu beharko zenioke hori, eta ez niri. Neuk ere ez dut gogoko izan komunikabide gehienek nola eman duten gure kanpainaren berri: aldez aurretik 'baina' bat ezarrita aztertu ohi dituzte gure proposamenak; oposizioko lider guztiak, aldiz, ezin zoragarriagoak izango balira azaldu izan dituzte. Aurrerantzean harreman hori hobea izango dela uste dut, hala izan behar baitu ezinbestean.
Zure kontrako ustelkeria kargu guztiak kentzea erabaki du azkenean Fiskaltzak. Ez al duzu uste, ordea, kasu horren inguruko galdera asko erantzuteke daudela oraindik ere?
Ez, ezta bakar bat ere, zenbait komunikabide hari horretatik tiraka tematuagatik. Auzitegiak adierazi du kargu guztiak ezetsi egin dituela, eta argi eta garbi geratu da hori. Hegoafrikako Konstituzioak berak errugabetasun ustekizuna aitortzen du, harik eta erruduntasuna frogatzerik ez dagoen arte; beraz, errugabea naiz.
Ageriko egin denez, hainbat herrialdek (Libiak, Angolak eta Indiak) diruz lagundu omen dute kanpaina. Hemezortzi milioi euroko aurrekontutik, zenbat etorri dira kanpotik?
Ni ez naiz ANCko diruzaina, eta ez dakit nondik datorren dirua, ez dut sekula galdetu, zenbat daukagun jakitea bakarrik axola zait. Beraz, ezin diot zure galderari erantzun.
ANCk inbertsio handi bat egitea hitzeman du, pobrezia gutxitzeko. Hitzemandakoa beteko al du, kontuan izanik %1eko ekonomia hazkundea espero dela? Izan ere, maiz aurpegiratu izan diote ANCri promesa ugari egiten dituela, baina astiro bete ohi duela agindutakorik.
ANC astiro dabilela diote, baina zeinen aldean? Oso erraz aurpegiratu daitezke halako kritikak, kontuan izanik inor ez dela ANC baino bizkorragoa. Eztabaida akademikoa baino ez da hori. Hainbat promesa hitzeman ditugu eta konpromiso batzuk hartu ditugu, betiere badakigularik zer-nolakoa den ekonomia egoera. Eta uste dut jendeak ulertuko duela hori. Zenbaiten ustez, kezkatzekoa da denboraren auzia, baina ahalik eta gehien ahaleginduko gara gure herritarren bizi-baldintzak hobetzen, ekonomia krisiak eragindako eragozpenak eragozpen.