Oposizioak ez du aukerarik; inork baldin bazuen hura jokoz kanpo baitago dagoeneko. Kagameren gobernuarekiko kritiko ziren egunkari denak itxi dituzte azken asteetan Ruandan -30 bat, Mugarik Gabeko Kazetarien arabera-. Bozetara aurkeztu behar zuten hiru hautagai, berriz, legez kanpokotzat jo dituzte. FPR Ruandako Fronte Patriotikokodisidenteek osatutako alderdiko presidenteordea, berriz, burua moztuta aurkitu zuten iragan uztailaren erdialdera -FPR Kagameren alderdia da-.
Giza eskubideen aldeko erakundeek susmoa dute gertaera horien guztien atzean Kagameren gobernua dagoen. Ruandako presidenteak ukatu egin du, baina: «Halako gauzak egiteko, hain inozoa izan al daiteke gobernua?».
Ustelkeria eta ekonomia
Ez da inozoa; duela zazpi urtetik hona asko ikasi du Kagamek. Ez da duela zazpi urtekorik gertatuko, hortaz; botoen %95 lortzeak itxura susmagarria emango lioke bere garaipenari -hainbeste boto lortu zituen Kagamek 2003ko bozetan-. Analistek uste dute bera irtengo dela garaile; haatik, oposizioari ehunekoetan agertzen ere utziko diote.
Beste zazpi urtez eutsiko dio Kagamek presidente karguari; aurreikuspenak nabarmen herratuta egongo dira hala ez bada. Dena dela, bere agintzeko erak itxura eskasa hartua du dagoeneko. Berriro bozetara aurkeztu nahi badu, horregatik, ez ditu segur aski gauzak hain erraz izango. Ustelkeriaren aurkako kanpainan Estatu aparatuak garbitu izanak ere ez dio askorik lagunduko. Eta, gainera, indarrean dagoen Konstituzioak bi agintaldirako aukera ematen du soilik.
Armadan eta Defentsa Ministerioan erreformak egin ditu Kagamek; militarren artetik hainbat goi kargudun atxilotu ditu, eta Hegoafrikan erbesteratu duenik ere izan da. Hori dela eta, baldintzarik gabe babestu dutenen sostengua gal dezake.
Haatik, ustelkeriaren aurkako kanpainan lortutakoagatik, baita ekonomian egindako erreformengatik ere, nazioartearen onespena jaso dute haren politikek. Haren gobernuarekiko kritiko direnek ere -autoritario izatea egozten diotenak, besteak beste- aitortzen dizkiote bi arlo horietan egindako urratsak. Iaz, Munduko Bankuak lehen postuan jarri zuen, «negozioen arloan erreforma gehien egiteagatik». «Nekazaritzan oinarritzen den ekonomiatik industria eta zerbitzuen ekonomiara igarotzen ari gara», laburbildu du Wilson Munyezi adituak. Atzerriko enpresen inbertsioak erakarri ditu horrek, eta herrialdeko ekonomia indartu du, ondorioz.
Kronologia
1994ko apirilaren 6a. Juvenal Habyarimana Ruandako presidentea eta Cyprien Ntaryamira Burundikoa hil zituzten, misil batek haien hegazkina jo ostean. Habyarimanaren heriotzak eraginda, hutu etniakoek tutsien aurkako erasoak hasi zituzten. Ehun egun iraun zuen genozidioak: denbora tarte horretan, 800.000 tutsi eta hutu moderatu hil zituzten. Halaber, RPF Ruandako Fronte Patriotikoa milizia tutsiak ofentsiba hasi zuen.1994ko apirilaren 7a. Presidentearen guardiek Agathe Uwilingiwimana lehen ministroa (hutu moderatua) hil zuten; Uwilingiwimanak ahaleginak egin zituen hutuen eta tutsien arteko tentsioa baretzen.
1994ko uztaila. Ruanda kontrolpean hartu zuen RPFk; bi milioi tutsik erbestera egin zuten ihes; gehienak Burundira, Tanzaniara eta Zairera -gaur egungo Kongoko Errepublika Demokratikora-.
1996ko abuztua. Zairen sartu ziren Ruandako tropak -Zaireko errebeldeak balira bezala egin zituzten erasoak-; milaka zibil hil zituzten inbasioan, eta errefuxiatu hutuak jaioterrira itzuli ziren.
1996ko abenduaren 27a. Ruandarako Nazioarteko Zigor Auzitegia eratu zuten, genozidioan parte hartu zutenak epaitzeko.
1997ko ekaina. Paul Kagamek bere tropak Zairen sartu zirela onartu zuen; Laurent Kabilari agintea eskuratzen lagundu zion gaur egungo Kongon.
1998ko abuztua. Ruandak eta Ugandak babestuta, matxinoek Kabilaren aurkako borrokak hasi zituzten.
2000ko martxoaren 23a. Pasteur Bizimunguk (tutsia) presidente kargua utzi zuen Ruandan, bere gobernuak huts egin zuela onartu ondotik.
2000ko apirilaren 17a. Kagame presidente izendatu zuten; ordura arte Defentsa ministro eta presidenteorde izana zen.
2002ko uztailaren 30a. Ruandak eta Kongoko Errepublika Demokratikoak bake hitzarmena sinatu zuten.
2003ko abuztuaren 25a. Genozidiotik, lehen hauteskundeak egin zituzten. Kagamek eskuratu zuen garaipena, botoen %95ekin. Oposizioak ez zituen emaitzak onartu.
2004ko azaroaren 20a. Laku Handietako ordezkariek Dar es Salaam Deklarazioa sinatu zuten; hiru milioi lagunen heriotzaeragin zuten genozidio eta goseteak amaitzeko konpromisoa hartu zuten Ruandak, Burundik eta Kongoko Errepublika Demokratikoak, besteak beste.
2006ko azaroaren 24a. Frantziarekin diplomazia harremanak hautsi zituen Ruandak; Frantziako Justiziak Habyarimanaren hilketarekin zerikusia izatea egotzi zion Kagameri.
2009ko urtarrilaren 23a. Laurent Nkunda Kongoko gerrilla tutsiaren burua atxilotu zuten.
2010eko otsailaren 25a. Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak esan zuen Frantziako Justiziak hanka sartu zuela.