AEB-etako hauteskundeak

Hauteskundeen emaitza onartuko duen zalantza zabaldu du Trumpek

Ameriketako Estatu Batuetako hauteskundeei begira, hirugarren eta azken aurrez aurreko eztabaida egin dute Hillary Clintonek eta Donald Trumpek Las Vegasen.

Trump eta Clinton, Las Vegasen eginiko eztabaidan. GARY HE / EFE
2016ko urriaren 20a
07:47
Entzun

Azaroaren 8an izango dira bozak, eta egun horretako emaitzen inguruan zalantza zabaldu du Trumpek; bere kaltetan iruzur egin dela nabaritzen badu, emaitza ez onartzeko atea zabalik utzi du: "Dagokion momentuan erantzungo dut".

Jarrera hori nabarmendu dute AEBetako hedabideek. Esaterako, New York Times kazetak gogorarazi du aro garaikideko hauteskunde guztietan galtzaileek emaitzak onartu dituztela, baita oso lehia estua izan zenetan ere —John F. Kennedy eta Richard Nixon 1960an edo George W. Bush eta Al Goreren kasuan, esaterako—. "AEBetako demokrazia iraintzea" egotzi dio Clintonek.

AEBetako barne politikaz —armen jabetza, immigrazioa...— nahiz nazioartekoaz jardun dute bi hautagaiek. Besteak beste, Clintonek Trumpi egotzi dio Vladimir Putin Errusiako presidentearen "txotxongiloa" izango litzatekeela AEBetako presidente izanez gero. Aldiz, Trumpek jo du erasora immigrazioa baliatuta; Clintoni leporatu dio "legez kanpoko immigranteei amnistia" eman eta "mugak zabalik" eduki nahi izatea: "Muga zorrotzak izan behar ditugu; drogak gure herrialdetik kanpo izan behar ditugu".

Abortoaz ere eztabaidatu dute. Clinton: "Gobernuak ez du ezer esatekorik emakumeek hartutako erabakietan". Trumpek arrapostu: "Hillaryk esaten duenarekin jarraituz gero, bederatzigarren hilabetean umea sabeletik atera dezakezu jaiotzear denean". "Beldurraren erretorika" erabiltzea leporatu dio Clintonek: "Nik ezagututako emakume batzuk ezagutu beharko zenituzke".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.