AEB-etako hauteskundeak

Hautesleek Obama zigortu eta demokratek Kongresuaren kontrola galdu dute

Aurrerantzean lege bat aurrera atera nahi duen aldiko, AEBetako presidenteak bere arerioekin negoziatu beharko du. Alderdi Errepublikarrak Kongresuan 239 aulki lortu ditu -gehiengo osoa- eta Obamaren Alderdi Demokratak 183, lehendik 60 galduta. Demokratek, aldiz, gehiengoari eutsi diote Senatuan.

2010eko azaroaren 3a
16:18
Entzun
AEBetako presidentetza hartu zuenetik Barack Obamak kolperik gogorrena izan du bart. Izan ere, orain bi urte boterera igo zutenek gogor erantzun dute, eta Alderdi Errepublikarrak irabazi ditu Kongresuko hauteskundeak.

Modu horretan Kongresuaren kontrola galdu du Obamak: errepublikarrek 239 aulki lortu dituzte -218an dago gehiengo osoa- eta demokratek -Obamaren alderdikoek- 183, lehendik 60 galduta. Hamahiru aulki falta dira erabakitzeko.

Obamak, beraz, aurrerantzean lege bat aurrera atera nahi duen aldiko bere arerio politikoekin negoziatu beharko du.

Senatuan, aldiz, demokratek gehiengoari eutsi diote -ehun senataritik 51 lortu dituzte dagoeneko-, baina lehen zeukaten abantaila gutxitu egin da.

"Errepublikarrak elkarrizketen nondik norakoak ezartzeko gai izango dira", esan du Obamak, jada lehen emaitzak ezagutu baino lehen. Presidenteak negoziatu beharko dituen lehen gaien artean osasungintzaren erreforma eta finantza erreforma daude, biak ere Kongresuan demokratak nagusi zirenean abiatutakoak.

"Norabide aldaketa"

Obamak norabidea aldatu behar duela esan dute errepublikarrek emaitzen berri jakin ondoren, eta defizit publikoa 2008ko mailara murrizteko neurriak hartuko dituztela esan dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.